Txirrindularitza

Euskadi fundazioak 62 txirrindulariz osatutako proiektua aurkeztu du

Emakumezkoen taldeak aurrerapauso bat eman dute, 2024an World Tourrean egoteko.

Euskadi Fundazioaren aurkezpena. OSKAR MATXIN / FOKU
ainara arratibel gascon
2023ko urtarrilaren 19a
16:14
Entzun

Euskadi fundazioak denboraldi honetarako egitasmoa aurkeztu du. Aurreko urtean bezala, hiru talde izango ditu: Euskaltel Euskadi (UCI Pro Team mailan), Laboral Kutxa-Euskadi fundazioa (Emakumezkoen Kontinental maila) eta Laboral Kutxa (amateur maila). Guztira, 62 txirrindulari izango dira talde horietan banatuta. Aurtengo denboraldiari begira, segidaren alde egin dute Pro Team mailako taldean; 2024an World Tourrean egoteko helburuari begira, aurrerapauso bat eman nahi izan dute Kontinental mailakoan, eta aurrerantzean ere harrobia sustatzea da amateur mailakoaren helburua.

Emakumezkoaren taldeari eman nahi izan dioten bultzadaren adierazgarri da aurtengo txirrindulari kopurua handiagoa izango dela: hamazazpi. Horien artean izen bat nabarmendu da: Eider Merino. Balmasedakoa etxera itzuli da. Eskarmentu handia du, eta Worl Tour mailan ibilitakoa da. Besteak beste, Bizkaia Durangon eta Movistarren korritu du, eta, Ane Santestebanekin eta Lourdes Oiarbiderekin batera, gorenean ibili diren euskal txirrindularietako bat da. Beste hainbat txirrindulari ere fitxatu ditu: Nahia Amondarain, Laura Rodriguez, Alba Teruel, Aileen Schwikart, Mireia Trias, Marta Romeu, Nadia Quagliotto, Lija Laizane eta Ines Cantera. Gainera, aurreko denboraldiko txirrindularirik esanguratsuenak daude oraingo taldean ere: Idoia Eraso, Usoa Ostolaza eta Tania Calvo. Txirrindulari gehiago izanda, lasterketa gehiago korrituko dituzte. Aitor Galdos izango da manager orokorra, eta Ion Lazkano, zuzendaria.

Segida eman nahi izan dio, berriz, gizonezkoen taldeari. Hiru txirrindulari fitxatu ditu: Enekoitz Azparren, Xabier Berasategi eta Andoni Lopez de Abetxuko. Taldea utzi duten hiru txirrindularien lekua hartuko dute: Julen Irizarrena, Mikel Aristirena eta Antonio Angulorena. Irizarrek eta Aristik erretiroa hartu dute, eta Antonio Angulo Burgos BHk fitxatu du. Euskal Herriko Itzulia eta Donostiako Klasikoa izango dira aurten ere taldearen saio nagusiak. Horrekin batera, berriro ere Espainiako Itzulian egotea espero dute. Helburua da Pro Team mailan ahalik eta puntu gehiena biltzea aurrerantzean ere, UCI World Tour mailako lasterketetatik gonbidapenak jasotzeko. Alde horretatik, jaso dute denboraldi honetako lehen albiste ona. Izan ere, Arabiar Emirerri Batuetako itzulian egongo dira.

Jesus Ezkurdia Euskadi fundazioko lehendakariak, duten «ilusioa eta harrotasuna» nabarmendu ditu: «Arlo guztietan hazten jarraitzeko ilusioa dugu». Babesleei eta zaleei eskerrak ematearekin batera, gogoan izan ditu txirrindulariak zuzendaritza teknikoa eta laguntzaileak. «Haien lan nekaezinak eta konprometituak egin gaituzte handi, eta erronkei ausardiaz, anbizioz eta apaltasunez aurre egiteko aukera ematen digute».

Hauek dira Euskadi fundazioaren hiru taldeak:

Euskaltel-Euskadi (UCI Pro Team): 20 txirrindulari

Enekoitz Azparren, Xabier Mikel Azparren, Ibai Azurmendi, Iker Ballarin, Xabier Berasategi, Mikel Bizkarra, Joan Bou, Carlos Canal, Unai Cuadrado, Asier Etxeberria, Peio Goikoetxea, Unai Iribar, Xabier Isasa, Mikel Iturria, Txomin Juaristi, Juan Joso Lobato, Andoni Lopez de Abetxuko, Gotzon Martin, Luis Angel Mate eta Antonio Soto.

Laboral Kutxa-Euskadi fundazioa (UCI Women´s Continental Team): 17 txirrindulari

Naia Amondarain, Mireia Arriazu, Ines Cantera, Ariana Gilabert, Yurani Blanco, Tania Calvo, Idoia Eraso, Lija Laizane, Eider Merino, Usoa Ostolaza, Nadia Quagliotto, Laura Rodriguez, Marta Romeu, Alba Teruel, Aileen Schweikart, Mireia Trias eta Eneritz Vadillo.

Laboral Kutxa amateurra: 25 txirrindulari

Imanol Aceña, Aimar Galdos, Luis García, Gabriel Ibañez, Ruben Rodrigues, Yerai Sastre eta Alejandro Villacastín; Aitor Agirre, Nicolas Alustiza, Danel Casais, Sergio Lorenzo, Maxime Renoux eta Unai Zubeldia; Asier Castilla, Iker Mintegi, Ander Lopez, Manuel Rodriguez, Jaime Romero eta Jagoba Uranga; Iker Barandiaran, Iñaki Diaz eta Iker Trigo; Ander Ganzabal, Ailetz Lasa eta Iñaki Murua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.