Osakidetza

Donostiako ESIko langileen protestari eutsi ala ez, astelehenean erabakiko dute

Donostia ospitalean egiten duten astelehenetako elkarretaratzea baliteke bertan behera geratzea, aldeen azken bilerak «sintonia ona» berretsi duelako.

Medikuen protesta bat, Donostia Ospitaleko sarreran. MAIALEN ANDRES / FOKU
xabier martin
2023ko urtarrilaren 19a
17:13
Entzun

Osakidetzako zuzendaritzak eta Donostiako ESIko lengileen ordezkariek izan duten azken bilkurak berretsi du hilebete hauetan azaleratu diren desadostasunak bideratzen ari direla, eta aldeen artean «sintonia ona» dagoela, BERRIAk jakin duenez. Horrek ez du esan nahi medikuek astelehenero Donostia ospitaleko sarreran egiten duten protesta egingo ez dutenik datorren astelehenean. Egun horretan bertan erabakiko du ESIko batzarrak elkarretaratzearekin jarraitu ala ez, Osakidetzako zuzendaritzarekin negoziatzen ari diren ordezkariek azken bileraren xehetasunak helarazi eta gero.

Donostiako medikuen eskaerak bideratzen ari direla jakitera eman zuten herenegun, krisia «konponbidean» jarri dutela, eta, medikuek gaur egindako bilera informatibo batean, hori bera berretsi dute. Protestak uzteko Osakidetzak egin dituen proposamenak nahikoak diren ala ez, ordea, datorren astelehenean erabakiko du ESIaren batzar zabalak. Finean, eskainitakoaren «konkrezio maila» ea nahikoa den bozkatuko dute.

Bost eskaera akordiorako

Ia lau orduko bilera egin zuten aldeek astearte goizean, Donostia ospitalean bertan. Krisia bideratzeko asmoz azken hilabetean egindako bigarren bilera izan zen. Medikuek esplikatu dute beraien helburua dela Osasun Saila «hitzetatik ekintzetara» pasatzea, eta abenduan mahai gainean jarritako bost eskariei erantzuna ematea. Bost eskaera horiek hauek dira: Donostialdeko ESIaren erreferentzialtasunari eustea eta Onkologikoa ESIan integratzea, profesionalak egonkortzeko neurriak hartzea, zerbitzuetan egiten den lana «maiztasunez» ebaluatzea, mahai tekniko bat eratzea ESIren estrategia definitzeko eta zuzendaritzak bertako profesionalak ezagutzea.

Osasun Sailak ohar bidez jakinarazi zuenez, «antolaketarekin eta zerbitzuekin» lotutako hainbat gai jorratu dituzte, eta horietako batzuk «konponduta» geratu dira, eta beste batzuk aurrerago lantzekotan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.