Udal hauteskundeak
Adanero izango da PPren alkategaia Iruñean, eta Koldo Martinez Geroa Bairena
PPk argudiatu du Adanero «oso sentibera» dela Iruñearen premiekin, eta zehaztu du «nafar guztien» interesak defendatuko dituela.

PPk orain hiru egun jakinarazi zuen UPNtik ateratako Carlos Garcia Adanero eta Sergio Sayas Nafarroako PPrekin aurkeztuko direla aurtengo hauteskundeetara. Gaur, harago jo, eta bietako batek hauteskundeei begira izanen duen rola zehaztu du alderdiak: Carlos Garcia Adanero aukeratu dute Iruñeko alkategai.
Ikusi gehiago: Sayas eta Adanero PPrekin aurkeztuko dira hauteskundeetan
PPk azaldu duenez, hautaketa egiteko garaian, alderdiak Adaneroren esperientzia politikoa hartu du aintzat, batik bat. Eginikoen artean, Nafarroan «balio konstituzionalen alde eginiko defentsa» azpimarratu du PPk. Halaber, argudiatu dute Adanero «oso sentibera» dela Iruñearen premiekin, eta egoki ordezkatuko dituela «hiriburuaren interesak», «nafar guztienak».
Geroa Baik ere zehaztu du zein izango den koalizioko alkategaia, Noticias de Navarra egunkariak argitaratu duenez: Koldo Martinez. Eskoriatzan jaioa da (Gipuzkoa), 1953an, eta gaur egun senataria da, Nafarroako Parlamentuak hala izendatuta.
Martinezen izendapenak argitu egin du Iruñeko alkatetzarako lehia, eta aditzera ematen du alderdi gehien-gehienek hautagai ezagunen aldeko apustua egin dutela maiatzeko udal eta foru hauteskundeei begira. Cristina Ibarrola izango da UPNko alkategaia, Joseba Asiron EH Bildukoa, Elma Saiz PSNkoa, Koldo Martinez Geroa Baikoa, Carlos Garcia Adanero PPkoa, eta Txema Mauleon Zurekin Nafarroakoa. Voxek Maria Estevez aurkeztuko du alkategai.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.