Sansebastianak

Haurrak berriro atera dira kalera Donostian elkarrekin, danborrak eta upelak hartuta

Orixe ikastolako Paul Martinez danbor nagusiak, eta Zurriola ikastolako Irati Martinez jeneralak eta Unai Barros laguntzaileak hitz batzuk egin ondoren hasi da ospakizuna.

Ane Insausti Barandiaran - Isabel Jaurena
2023ko urtarrilaren 20a
12:14
Entzun

Gauerdian helduek egin bezala, Donostiako haurrak ere kalera atera dira berriro San Sebastian eguneko danborradan. Iaz, haurrek desfilatzeko aukera izan zuten hainbat auzotan banatuta, baina gaur ohiko desfilean atera dira, Alderdi Ederretik. Eguraldiak, gainera, hobera egin du azken orduetan, eta pandemia osteko lehen haur danborrada ospatu dute.

41 ikastetxetako 4.700 haurrek baino gehiagok parte hartu dute aurtengo haur danborradan, eta 48 konpainia osatu dituzte. Orixe ikastolako Paul Martinez danbor nagusiak, eta Zurriola ikastolako Irati Martinez jeneralak eta Unai Barros laguntzaileak hitz batzuk egin ondoren hasi da ospakizuna: «Aupa zuek, biba festa eta gora Donostia!», oihukatu dute, udaletxeko balkoitik.

Ikusi gehiago:Danbor hotsak dira nagusi Donostian gauerditik, denboralearen burrunbaren ostean

San Sebastian martxa jo dute lehenengo haurrek Alderdi Ederren, eta Donostiako antzinako himnoa joz hasi dute desfilea. Beste urteetan bezala, erdialdeko kaleetan barrena ibili dira elkarrekin danborrak eta upelak jotzen, Gipuzkoa plazara iritsi arte.

Ikusi gehiago:«Gaur egungo danborradak ez dauka zerikusirik hasierakoarekin»

Danborradarekin batera ateratzen den karrozan XIX. mendeko pertsonaiak irudikatu dituzte. Bertan dauden umeek rol hauek bete dituzte: alkatea, notarioa, herritarra, arrantzalea, batelaria, inudea, artzaina, irulea, merkataria, urketaria eta mandazaina. Horiek Zurriola ikastolako ikasleek interpretatu dituzte aurten. Gainera, Donostiako Festak-ek keinu hizkuntzan arituko den lagun bat jarriko du bertan.

Ikusi gehiago:Euskaltzaindiak zenbait argibide eman ditu San Sebastian egunari buruz

Partaide berriak

Union Artesanako haur danborradak eta Amaratarra Txiki danborradak parte hartu dute aurtengo jaialdian lehenbiziko aldiz. Orain arte Errekalde Gastronomi Elkartea zenarena, berriz, Amassorrain ikastola izenpean aterako da aurten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.