Albistea entzun

GERRA UKRAINAN

Tankeei buruzko erabakia «azkar» hartzeko eskatu dio Ukrainak Mendebaldeari

Kievek esan du Ukrainako tropek Leopard 2 tankeekin prestakuntza jasoko dutela Polonian. Estoniak, Lituaniak eta Letoniak esan diote Alemaniari ibilgailu horiek «berehala» bidaltzeko gerrara.

Olaf Scholz Alemaniako kantzilerra Leopard 2 tanke baten ondoan, joan den urrian.
Olaf Scholz Alemaniako kantzilerra Leopard 2 tanke baten ondoan, joan den urrian. EFE

Igor Susaeta -

2023ko urtarrilak 21

Mendebaldeko herrialdeak ez dira ados jarri Leopard 2 tankeak Ukrainara bidaltzerakoan. Alemania ari da erabakia blokeatzen, horien ekoizlea izaki teknikoki bere baimena behar baita horretarako. Kiev erasorako armak eskatzen ari da aspalditik, eta Europar Kontseilua, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea eta AEBak transferentzia hori ahalbidetzeko prest daude; Berlinek ez du argi ikusten, ordea. Boris Pistorius Defentsa ministroari iruditzen zaio Ukrainaren erasorako gaitasunaren gainetik defentsarakoa lehenetsi beharko luketela. Hori mahaigaineratu zuen, atzo, AEBek Ramsteinen (Alemania) duten base militarrean, Kievi laguntza militarra ematen dioten herrialdeak koordinatzen dituen Ukrainaren Defentsarako Bitartekarien Taldearen bilera amaitu ondoren —ez dute beste batzar baterako datarik adostu—. Washingtonek eta beste aliatuek adierazi dute erabakia errespetatzen dutela.

Eta Ukraina baikorra da, Volodimir Zelenski presidentearen aholkulari Mikhailo Podoliaki iruditzen baitzaio Mendebaldeak bukatuko duela Ukrainari ematen «beharrezkoak» diren armak. Dena den, gaur sare sozialetan idatzitako mezu batean etsipena ere agertu du, ohartarazi baitu Mendebaldearen «erabakitasunik ezaren ondorioz» gero eta ukrainar gehiago ari direla hiltzen, eta, orduan, tankeei buruzko erabakia «azkar» hartzeko eskatu die.

Ikusi gehiago: Alemaniaren ustez, aliatuek defentsan aritu beharko lukete Ukrainan, ez erasoan

Alemaniako Defentsa ministroak adierazi zuen, hori bai, tanke horiek zein egoeratan dauden aztertzeko agindu duela. Eta Oleksii Reznikov Ukrainako Defentsa ministroak esan du Voice of America irratian Ukrainako tropek Leopard 2 tankeekin prestakuntza jasoko dutela Polonian. «Horrekin hasiko gara eta gero harago joango gara. Eman da lehen pausoa».

Eta Estoniako, Letoniako eta Lituaniako Atzerri ministroek mezu bateratu bat plazaratu dute, gaur, sare sozialetan, eskatuz Alemaniari «berehala» bidali ditzala tankeak Ukrainara. «Beharrezkoa da Errusiaren erasoa gelditzeko, Ukrainari laguntzeko, eta Europan azkar batean bakea berrezartzeko», argudiatu dute. Iruditzen zaie Alemaniak «erantzukizun berezia» duela zentzu horretan, «Europako potentzia nagusia» den neurrian.

ZER DA LEOPARD 2?

1970eko hamarkadaren amaieraz geroztik Alemaniak fabrikatzen duen tanke bat da. 500 kilometroko autonomia du eta 68 kilometro orduko abiadura har dezake. 120 milimetroko kanoi bat da bere arma nagusia, eta bi metrailadore arin ere badauzka. Alemaniak ez ezik, Kanadak, Espainiak, Danimarkak, Finlandiak, Greziak, Norvegiak, Poloniak eta Suediak ere badituzte tanke horiek. Erabili izan dira, esaterako, Kosovon, Bosnian, Sirian —Turkiak—, eta Afganistanen.

UKRAINAK ZERGATIK NAHI DITU?

Ukraina aspalditik ari da esaten armamentu astuna behar duela Errusiari aurre egiteko. Ukrainako armadak ez ditu tanke asko, eta horiek dira Sobietar Batasunaren garaikoak edo hori desegin ondorengoak.

Zelenskik tanke horiek nahi ditu. Batetik, iruditzen zaiolako Errusiak hurrengo hilabeteetan erasoaldi esanguratsu bat hasiko duela; eta bestetik, aliatuk askok moduan pentsatzen duelako gerra lehenago bukatuko dela Errusia gudu zelaian mendean hartuz gero. Ukrainak esan izan du 300 tanke behar dituela lurrak berreskuratzen joateko; Mendebaldeko hainbat adituren arabera, berriz, 100 nahikoa izango lirateke horretarako.

Ukrainak Errusiaren indarrei aurre egin zien inbasioaren hasieran Kiev hiriburuan, eta, gero, kontraerasora jo du bai Kharkiv eskualdean, baita Khersonen ere, gerra frontean garaipen adierazgarriak lortuz.

Ikusi gehiago: Kontraerasoa zerk bultzatu duen

ZEIN DA ARAZOA?

Alemania da tankeen ekoizlea, eta dozena bat inguru herrialdetara esportatu ditu. Herrialde horiek tankeak berriro esportatzeari betoa ezar diezaioke Berlinek, nahiz eta Poloniak iradoki duen beto hori saihestu daitekeela besterik gabe tankeak Ukrainara bidaliz. Dena den, gainera beste bi aldagai hartu behar dira kontuan. Batetik, Alemaniak material militar ugari eman diola Ukrainari azken hilabeteetan —ibilgailu blindatuak barne—, nahiz eta herrialdeak tradizio antimilitarista bat duen Bigarren Mundu Gerraz geroztik; hau da, diskurtsoan ekilibristarena egin behar izan duela gobernuak. Horrekin lotuta, Alemanian problematikotzat jotzen dutela tankeak ematea, argia baita horiek erasorako duten gaitasuna. Eta, bestetik, inbasioa hasi aurretik baino txikiagoak diren arren, Berlinek oraindik energiaren alorrean lotura batzuk dituela Errusiarekin.

ZEIN DA HORIEK ERABILTZEAREN KONTRAKO ARGUDIOA?

Kontra daudenen esanetan, Ukrainari tanke horiek uzteak areagotuko luke NATOko kideak gatazkan izaten ari diren parte hartzea, gerra Ukrainatik kanpo zabaltzeko arriskuarekin. Kievek azpimarratu izan du nazioarteak aitortutako mugen barruan soilik erabiliko lituzkeela tankeak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Kosovoko serbiar ugari protestan, gaur, Zvecan herriko udaletxeko eraikinaren aurrean. ©GEORGI LICOVSKI / EF

Pristinak atea ireki dio Kosovo iparraldean bozak berriz egiteari

Mikel O. Iribar

Kurtik zehaztu du Kosovoko indarren aurkako indarkeria amaitzean eta Bruselako akordioa errespetatzean soilik egingo dituztela hauteskundeak. EBk Belgradi eskatu dio alde batera utz ditzala boikoterako deiak.

Auto bat txikituta, Xebekinon (Errusia) ©EFE

Ukrainako indarrek bi zibil hil dituzte Errusian

Igor Susaeta

Kremlinen aurka ari direla dioten bi miliziak adierazi dute Errusiako indarrekin borrokan ari direla Belgorod eskualdean

Laura Borras Kataluniako Parlamentuko presidente ohi eta JxCko burua, azken udal hauteskundeetako kanpaina batean. ©Quique Garcia, EFE

Borrasek diputatu akta galdu du, eta Kataluniako parlamentuak presidente berria hautatuko du

Gorka Berasategi Otamendi

Ganberak osoko bilkura deitu du ekainaren 9rako, parlamentuko presidente ohiaren ordezkoa aukeratzeko.

Bonbardaketek eta tiroketek eragindako kea, Khartumen, artxiboko irudi batean. ©EFE

Hemezortzi lagun hil eta ehundik gora zauritu dituzte Khartumgo azken bonbardaketetan

Mikel O. Iribar

RSFk armadari egotzi dio zibilen aurka «ekintza ankerra» egin izana. AEBek eta Saudi Arabiak «zalantza handia» dute bi aldeek beteko ote duten giza laguntza eskuratzeko konpromisoa.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.