Jaka-Aranguren 15-22 Peña II.a-Eskiroz

Peña II.ak eta Eskirozek laugarren puntua lortu dute

Lehia handiko partida jokatu dute Jaka eta Arangurenen aurka, baina azken tantoetan hautsi dute. Mariezkurrenaren ordez jokatu du atzelari nafarrak.

Peña II.a Etxebarrin (Bizkaia), gaur, Jaka ondoan duela. ARITZ LOIOLA / FOKU
2023ko urtarrilaren 22a
20:16
Entzun

Garrantzitsua zen gaur Etxebarrin (Bizkaia) jokoan zegoen puntua. Sailkapenean seigarren dira Peña II.a eta Mariezkurrena (Eskirozek jokatu du gaur haren lekuan), eta zortzigarren, berriz, Jaka eta Aranguren; hori tarteko, tentsioa nabaria izan da lehen tantoetan. Pixkanaka, ordea, faboritoek lortu dute partida haustea, eta tarte erosoarekin heldu dira azken tantoetara (15-22). Laugarren puntua dute.

Gaur bere atzelari titularra falta zuela jakitun, Peñak hasieratik hartu du bere gain bikotearen pisua. Asko sartu da jokoan, eta sendo jokatu du, huts gutxi eginez. Atzean ere ez du aitzakiarik izan: neurketa serioa jokatu du Eskirozek, eta, pilotari altuera emanda, ez dio jokoan nahi bezainbeste sartzen utzi Jakari.

Gauzak horrela, lehen tantoetan oso parekatua izan da lehia. Urdinek hainbat aldiz hartu dute aurrea, baina berehala gerturatzen ziren gorriak. Lanerdietatik aurrera apurtu da lehia; fisikoki osoago zeudela erakutsi dute Peñak eta Eskirozek, eta hasieran baino gehiago hutsegin dute gorriek.

Azkenean, garaipena eta lehian bizi-bizirik jarraitzeko balio dien puntua Peña eta Eskirozentzat. Jakak eta Arangurenek azken postuan jarraituko dute, puntu bakarrarekin. Bederatzigarren jardunaldiko azken partida zen gaurkoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.