Zeelanda Berria
Zeelanda Berriko lehen ministro hautatuak «inflazioaren pandemiari» aurre egitea izango du lehentasun
Alderdi Laboristak Chris Hipkins aukeratu du Jacinda Ardernen ordezko. Etzi hartuko du gobernuburu kargua, aurreikusi baino lehenago.

Chris Hipkinsen gobernuarentzat, «inflazioaren pandemiari» aurre egitea izango da datozen urteetako lehentasuna. Jacinda Ardernen dimisioaren ondoren, Zeelanda Berriko Alderdi Laboristak atzo aukeratu zuen haren ordezkoa, eta ez zen sorpresarik izan, Hipkins izan baitzen hautagaitza aurkeztu zuen bakarra, haren inguruan dagoen adostasunaren erakusle. Iraganean izandako barne zatiketak atzean utzi nahi izan dituzte laboristek, eta, Ardernekin 2017an gertatu bezala, oraingoan ere agintearen eskualdatze azkarra, lasaia eta irmoa egin dute.
Horren erakusle ere bada Hipkinsek etzi hartuko duela gobernuburu kargua, eta ez otsailaren 7an, Ardernek dimisioaren berri ematean azaldu zuen modura. Badirudi lehen ministro hautatuak trantsizio azkarra nahi duela, ahalik eta azkarrena hasteko lanean kargu berrian; Hipkinsek, behintzat, badu esperientzia gobernuan, 2017tik ona, besteak beste, Hezkuntza, Osasun eta Polizia ministro izan baita —2008tik da diputatu parlamentuan—.
Hain justu, bere agintaldiaren norabideari buruzko azalpenak ematean, lehen ministro berriak esan zuen, atzo, Zeelanda Berriak «buruzagitza sendo eta egonkor bat» izan duela Ardernekin, eta etzitik aurrera ere «hori ikusiko» dutela herritarrek. «Bizibidea ateratzeari buruzko auzietako batzuetan jarri behar dugu arreta; tartean, bizitzaren kostua, eta inflazioaren pandemia globalaren efektuak. Egin behar duguna da gure baliabideak jarri diferentziarik handiena eragingo duten gauzetan».
Ardernek iragan ostegunean jakinarazi zuen gobernuburu kargua utziko duela, boterean egin dituen sei urteak «neketsuak» eta «oso zailak» izan direla argudiatuta. Karisma eta ospe handiko politikaria da, baina haren agintaldian mehatxu asko jaso ditu, eta, iradoki zuenez, hori ere izan da lehen ministro postua uzteko arrazoietako bat. Haren ordezkoak afera horri buruzko hitzak ere izan zituen, atzo, adierazi baitzuen «gorrotagarriak» izan direla karguan bere aurrekoaren kontrako abusuak.
«Ikusi dut hedabideek zer arreta jarri duten haren [Ardernen] bizitza pertsonalean. Nire bi haurrak eta familia arreta gunetik kanpo utzi nahi ditut. [Mehatxuek] Ez gaituzte ordezkatzen herrialde gisara», argudiatu zuen Hipkinsek.
Pazifikoko jatorria duen politikari bat, gobernuburuorde
Lehen ministro hautatuak ez du oraindik bere gobernuaren osaketari buruzko xehetasun handirik eman. Hori bai, atzo bertan jakinarazi zuen zein izango den lehen ministrordea: Carmel Sepuloni, egun Garapen Sozial, Arte eta Kultura ministro dena. Izendapen horrekin, lehen aldiz, Pazifikoko jatorria duen politikari batek hartuko du Zeelanda Berriko gobernuburuorde kargua.
Sepulonik esan zuen «harro» dagoela «samoarra, tongatarra eta Zeelanda Berriko europarra» izateaz, eta jakitun dagoela «ondare nahasiko belaunaldi zeelandaberritar asko» ordezkatzen dituela. «Lehen ministrorde gisa, arreta jarria izaten jarraituko dute gure komunitateak eta whanau [familia] eta Aotearoa [Zeelanda Berria] laguntzen», adierazi zuen, atzo, Sepulonik.
Ardernek eta Hipkinsek ospe handia duten arren, Alderdi Laboristak behera egin du inkestetan, eta oposizioko Alderdi Nazionala du aurretik. Gobernu berriaz, Christopher Luxon oposizioburuak Morning Report irratsaioari esan dio, gaur, laboristen buruzagitza berria «betiko gauza bera» dela, eta agintean dagoen alderdiak ez dakiela zeintzuk diren herritarren lehentasunak eta kezkak. Parlamenturako hauteskundeak urriaren 14an egingo dituzte.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.