Lan gatazkak
Bizkaiko metalgintzako sindikatuen ustez, Jaurlaritzaren eskaintza «ez da nahikoa»
CCOOk, LABek eta UGTk, dena den, berretsi dute negoziatzeko borondate osoa dutela, eta ostiralean bilduko dira berriz FVEM patronalarekin.

Bizkaiko metalgintzako lan hitzarmena negoziatzeko bidea aurrerantz doa. Jaurlaritzak artekari rola hartu du, eta, gaur goizean, bere proposamena jakinarazi die sindikatuei eta FVEM patronalari. CCOOk, LABek eta UGTk osaturiko plataformak —ordezkaritzaren %59 dute— jada jakinarazi du haien ustez ez dela nahikoa; hala ere, adierazi du negoziatzeko borondatea dutela oraindik. Hiru aldeak ostiralean bilduko dira berriz ere.
Bizkaiko metalgintzako korapiloa estu dago oraindik. Jaurlaritzako Lan Saila ahalegina egiten ari da sokak pixka bat lasaitzeko, baina ez du bukatu lana. Sindikatuetako eta FVEMeko ordezkariak bigarrenez bildu dira gaur. Atzo zortzi, beren jarreren berri eman zioten Lan Sailari, eta, gaur, Jaurlaritzaren txanda zen. Elena Perez Barredo Enplegu sailburuordea izan da Jaurlaritzaren ordezkaria mahaian —Tubacexen gatazkan ere hura izan zen zen artekaria—, eta lan ituna berritzeko diseinaturiko proposamena eman die.
Diskrezio neurriak direla eta, ez da zabaldu zein den Jaurlaritzaren proposamena, baina CCOOrentzat, LABentzat eta UGTrentzat, motz gelditzen da. Hala ere, begi onez ikusten dute artekaritza lana, eta ostiralean jarrerak gehiago gerturatzen saiatuko dira. «Negoziatzeko borondatea» dutela nabarmendu dute. Sindikatuen ustez, FVEMen jarrera da arazoa. Patronalak ez du eskaintza berririk egin azaroaz geroztik; alabaina, gogoratu dute haiek abenduaren 21ean egin zutela azken mugimendua, eta orduan ere esan zuten negoziatzerako tartea zegoela.
ELA sindikatuak balorazio zorrotzagoa egin du —ordezkaritzaren %41 du, eta ez dago plataforma bateratuan—. Kritikatu du Jaurlaritzaren eskaintzak ez duela KPIa bermatzen, eta haren eskaintza FVEMek azaroaren 25ean aurkezturikoaren oso antzekoa dela. Zehaztu du Jaurlaritzak %15eko soldata eguneraketa proposatu duela lau urterako, eta FVEMen azken eskaintza %14koa zela. Era berean, azaldu du Jaurlaritzak ez duela lanaldi murrizketarik aurreikusten. Horren aurrean, ELAk ezinbesteko ikusten du greba eta protesta dinamika aktibatzea, «horrela bakarrik lortuko da-eta patronalak eskaintza hobetzea». Iaz 11 greba egun egin zituzten Bizkaiko metalgintzan.
FVEMek ez du egin bileraren baloraziorik. Bizkaiko metalgintzako itunak 56.000 langileren baldintzen oinarria da. Euskal Herriko lan itunik handiena da, eta egun indarrean ez dagoen metalgintzako itun bakarra da. Arabakoa eta Nafarroakoa iaz berritu zituzten; Gipuzkoakoa abenduan amaitu zen, eta orain negoziatzen ari dira.
Gaiak
Kinka buletina
Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.