Baskonia

Baskonia-Joventut Espainiako Kopako final-laurdenetan

Joventut etxean arituko da Espainiako Kopan, Badalonan jokatuko baita, otsailaren 16tik 19ra. Bartzelona, Real Madril eta Valentzia koadroaren beste aldean arituko dira.

Darius Thompson, Baskoniako jokalaria, Joventuteko jokalarien artean, ligako partidan. L. RICO / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2023ko urtarrilaren 23a
13:16
Entzun

Baskoniak aurkari ezaguna izango du Espainiako Kopan: otsailaren 16tik 19ra jokatuko da Kopa, Badalonan, eta (Herrialde Katalanak) Joventut izango du kontrario, etxeko taldea, 2019an eta 2021ean gertatu bezala. Neurketa otsailaren 17an jokatuko da. Sasoi honetan, puntu bakarraren aldearekin irabazi zuen Baskoniak ligako partida, Buesa Arenan (84-83). Hauek izango dira final-laurdenetako beste hiru partidak: Real Madril-Valentzia; Bartzelona-Unicaja eta Tenerife-Kanaria Handia.

Baskoniak 2009an irabazi zuen azken aldiz Espainiako Kopa. Valentzia kaleratu zuen final-laurdenetan, eta Bartzelona finalerdietan; Unicaja hartu zuen mendean finalean, Madrilen. Sasoi honetan, ilusioa piztu da berriro ere Baskoniako zaleen artean; azken zazpi partidetatik bost galdu badituzte ere, taldea denboraldi ona egiten ari da, eta, beraz, txapelketa irabazteko aukera dagoela sinetsita joango dira Badalonara. 2019ko kanporaketan Joventutek irabazi zuen (89-98), eta Nico Laprovittolak historia egin zuen; 50 puntuko balorazioa lortu zuen, inoiz jokalari batek Kopan lortutako handiena. 2021ean, ordea, gasteiztarrek mendekua hartu zuten, 96-87 irabazita. Oraindik Baskoniako jokalari diren batzuk talde horretan zeuden: Pierria Henry, Rokas Giedraitis, Tadas Sedekerskis, Sander Raieste eta Arturs Kurucs.

Gainera, Joan Peñarroyaren taldeak pozik egoteko arrazoiak ditu, Euroligan jokatzen duten beste hiru taldeak (Real Madril, Bartzelona eta Valentzia) koadroaren beste aldean arituko baitira. Hau da, finalean soilik jokatuko luke hiru talde horietako baten aurka. Lehen partida irabaztea lortzen badu, Baskoniak Tenerife edo Kanaria Handia izango du aurkari finalerdietan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.