Sindikatuak
LABek politika publikoak aldatzeko eskatu dio Txibite lehendakariari
LABek herritarren egoera prekarioaren berri eman dio Txibiteri, eta aberastasuna modu bidezkoan banatzeko eskatu dio.

Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorra eta Imanol Karrera Nafarroako bozeramailea Maria Txibite lehendakariarekin bildu dira gaur, Iruñean. Bertan, LABek lehendakariarekin partekatu du 2022an Nafarroako langileen lan eta bizi baldintzen buruz egindako txostena. Azterketa horren arabera, Nafarroako langileen erdiak prekario bizi dira.
Sindikatuak egindako azterketaren arabera, 178.175 nafar langabezian daude, egoera ez-aktiboan edo 1.400 eurotik beherako diru sarrerekin. Hori kontuan hartuz, LABek Nafarroako lehendakariari eskatu dio «indarra egin dezala» gehiengo sozialaren baldintzak hobetzeko. Egoerari aurre egiteko, sindikatuak «ezinbestekotzat» jotzen du aberastasuna banatzeko lanak bideratzea, eta, horregatik, Txibiteri galdegin diote enpresaburu eta eskuindarrek erreforma fiskalari jarritako betoa gainditzea: «Onartezina da Nafarroako enpresek irabaziak handitzen dituzten bitartean langile klasean erosteko ahalmena galtzea», adierazi du LABek bere prentsa oharrean.
Beste neurri batzuen artean, sindikatuak Txibiteri eskatu dio LAB Nafarroako Lan Epaitegitik kanpo ez uzteko eta haien parte hartzea bermatzeko. Gainera, osasun publikoa izan da mintzagai Nafarroako Jauregian egindako bileran. Zerbitzu publikoak pribatizatzeko joera kritikatu du sindikatuak: «Zerbitzu publikoak hobetzea eta indartzea gure bizitzak erdigunean jartzea da. Guztion osasuna zainduko duen osasun publiko eraginkorra bermatzeko, langile guztien lan eta ordainketa baldintzak hobetu behar dira».
Gaiak
Kinka buletina
Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.