Albistea entzun

Alderdiak

Tonua gora Jaurlaritzako kideen artean

Urkullu «minduta» azaldu da, xenofobia akusazioak direla eta. PSEk esan dio EAJri ez bizitzeko «errefuxiatuen aurkako sentipen irrazionalak», Gasteizko Arana zentroaren proiektuaren harira.

Arana klinika hartu zuen eraikina, Gasteizen.
Arana klinika hartu zuen eraikina, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Xabier Martin -

2023ko urtarrilak 23

Ez da berria gobernukide diren alderdi politikoen arteko liskarrak gertatzea hauteskunde kanpaina baten atarian. Herritarrei botoa eskatzea egokitzen denerako bestearekiko desberdintasunak nabarmentzeko beharra dute elkarrekin gobernatzen dutenek, eta joera hori aintzat hartuz hobe uler daiteke EAJ eta PSE-EE azken egunetan izaten ari den polemika handia Gasteizko Arana zentroa dela eta. Kontua da elkarren aurkako adierazpenen tonuak nabarmen egin duela gora  azken orduetan, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ere bere alea jarri baitu errefuxiatu eta iheslarientzako zentroaren harira entzundako akusazioen inguruan.

«Minduta» azaldu da Urkullu PSEko idazkari nagusi Eneko Anduezarekin, hark esan duelako EAJk Arana zentroaren inguruan duen jarreran «xenofobia» dagoela eta «eskuin muturretik gertu» dagoela. «Gauza batzuek min ematen dute ez direlako bidezkoak», esan du Urkulluk, eta haren alderdiaren posizioa berretsi du: «makrozentroak» ez dira Jaurlaritzaren «eredua». EAJk baztertzen duen Espainiako Gobernuaren proiektuaren inguruan sortu den sutea ez duela bizitu nahi erantsi du Urkulluk, «kezkaturik» dagoelako «krispazio politikoa» dela eta. Baina garbi utzi du bera ere badela «denbora batez babesa jaso behar izan zutenen semea, iloba eta biloba».

Eta xenofobia akusazioen harira galdera zehatzak egin dizkio PSEri: «Jose Antonio Agirrek bere gobernu osoarekin erbestera joan behar izan zuen, milaka pertsona askok bezala, eta ez soilik EAJkoak, baita PSEkoak ere, errepublikanoak, komunistak; nola esan daiteke horrelako ezer EAJri buruz? Nola egin daiteke migrazio politikaren inguruko interpretazio ariketa bat aintzat hartu gabe Euskadiren ordezkaritza politikoaren gehiengo bati eragiten dion iragana?».

PSE-EEren erreakzioa

Jaurlaritzako gobernukideen arteko sutea ez zuen bizitu nahiko lehendakariak, baina justu kontrako ondorioa eragin dute haren hitzek, PSE-EEren erreakzioa aintzat hartuta. Izan ere, Andueza buru duen alderdiak ohar bat helarazi die hedabideei Urkulluren adierazpenei erantzuteko. «Ariketa demokratikoa da desadostasun politikoa, baita gobernu baten bazkideen artean ere, baina ez da hain demokratikoa gertaera onartuak eta frogatuak ezkutatzea», dio ohar horrek; eta frogatuak ei diren gertaera horien artean sartu ditu Madrilgo eta Gasteizko administrazioen arteko bilerak, Arana zentroaren inguruko informazioa emateko. PSEk aurpegiratu dio EAJri ukatzea «errefuxiatuentzako leku gehiago behar direla Euskadin», eduki horren eskuduntza Espainiako Gobernuarena dela eta proiektuak «Europako finantzaketa» duela.

Anduezak ahoskatutako «xenofobia» akusazioari ere ez dio izkin egin PSEk: «Getizazio hitzaren erabilpenak eta balizko gatazka sozialak aipatzeak herritarren pertzepzioa baldintza dezakete», esan dio Jaurlaritzako bazkide batek besteari, errieta tonu argian. «Ezin ditugu hauspotu errefuxiatu atzerritarren aurkako sentipen irrazionalak, eta are gutxiago giza eskubideen aurkako biktimak izan direnez». Lerro artean uler daiteke PSEk egotzi diola EAJri arrazakeria sustatzetik gertu dabilela.

Espainiako Gobernuak aurreko astean iragarri zuen errefuxiatuentzako zentro handi bat lizitatuko duela Gasteizen. Arana klinika zaharrean egongo da, eta 2024an irekitzea aurreikusi dute asilo eskatzaile, iheslari eta errefuxiatuentzako. Ordutik, EAJk gobernatzen dituen erakundeak proiektuaren aurka azaldu dira.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Sarraskia gertatu zen lekua, Pasaian, artxiboko irudi batean. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Txosten baten arabera, Pasaiako sarraskiaren auzian ez zen «ikerketa judizial eraginkorrik» egon

Gotzon Hermosilla

EHUren Unesco katedrak argitaratu du. Txostena 2020ko martxokoa da, baina senideek orain izan dute haren berri: «Minduta gaude». Gaur bete dira 39 urte Espainiako Poliziak Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituenetik Pasai Donibanen: Pedro Mari Isart, Dionisio Aizpuru, Rafael Delas eta Jose Maria Izura.

Elkartasun idatzirik ez Fernandez de Betoñorentzat

Elkartasun idatzirik ez Fernandez de Betoñorentzat

Xabier Martin

Eusko Legebiltzarreko mahaiak atzera bota du EH Bilduko parlamentari «mehatxatuarekin» elkartasuna azaltzen duen adierazpen bat

PSNren udaleko zerrendako lehen postuetan doazen hautagaiak, Elma Saiz zerrendaburua eta Maria Txibite idazkari nagusia. ©PSN

Iruñeko Udalean, PSN «UPNren eta EH Bilduren alternatiba» izango dela aldarrikatu du Saizek

Joxerra Senar

Publikoki bere hautagaitza eta taldea aurkeztu ditu alderdi sozialistak Iruñeko Lezkairu auzoan

EAJk iaz ospatutako Aberri Eguna, Bilboko Plaza Barrian ©Miguel Toña / EFE

EAJk 'Gure izaera. Gure aberria' lelopean ospatuko du Aberri Eguna

Berria

Apirilaren 9an Bilbon batuko dira. Andoni Ortuzarrek eta Iñigo Urkulluk hartuko dute parte emanaldian.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...