Justizia Administrazioko letraduek greba mugagabea hasi dute gaur, Hego Euskal Herrian
Soldatak igotzea eta «negoziazio kolektibo propioak» eskatzen dituzte geldialdiaren bidez.

«Justizia geldituko dugu, gure eskuetatik ia epaitegi osoa pasatzen delako». Horrela mintzatu da Adriana Obispo EAEko Justizia Administrazioaren Letraduen Batasun Progresistaren ordezkaria greba mugagabeaz. Azaldu du urte anitz daramatzatela Espainiako Justizia Ministerioak zerbait egiteko zain, baina ez dela ezer gertatzen.
«Duela urte eta erdi aldizkako geldialdiak egiten hasi ginen, eta horiekin akordio batzuk lortu genituen Ministerioarekin. Baina inoiz ez dira bete, horregatik erabaki dugu geldialdi mugagabe bat hastea».
Bi eskakizun nagusi dituzte letraduek: soldatak igotzea eta «negoziazio kolektibo propioak» izatea. Lehenbizikoari dagokionez, Obispok dio 2009an epaileei konpetentzia batzuk kendu zizkietela, eta letraduei eman. Baina lan horiek inoiz ez dizkietela ordaindu. Gainera, funtzionario publikoak taldeka sailkatzen dira –A1, A2, B, C1 eta C2–. Obispok erran du letraduak A1 taldean daudela, eta multzo horretan gutxien kobratzen dutenak direla.
«Negoziazio kolektibo propioak» dira letraduen bigarren eskakizuna. Profesional horiek eta, aldi berean, Justizia Administrazioko bertze funtzionarioak, sindikatu jeneralistek ordezkatzen dituzte. Tartean «aurkako interesak» daudela dio Obispok: «Ministerioak gure alde eskaintzen duen guztia baztertzen dute, eta, gure ordezkaritza dutenez, ez zaigu ezer iristen».
Geldialdira letraduen hiru elkartek deitu dute: Justizia Administrazioko Letraduen Elkargo Nazionala (CNLAJ), Justizia Administrazioaren Letraduen Batasun Progresista (UPSJ) eta Justizia Administrazioaren Letraduen Elkarte Independentea (AINLAJ).
Obispok azaldu du talde horien helburua ez dela «herritarrei eta epaitegietan egunero lan egiten dutenei kalte egitea». Beren aldarrikapenak betetzea bertzerik ez dute nahi: «Ministerioaren erantzunaren zain gaude, ez du greba batzordearekin ere bildu izan nahi».
Gogoratu du, baina, geldialdiak ondorio nabarmenak izanen dituela, letraduen figura bereziki garrantzitsua delako. «Epaiketak epaileak egiten baditu ere, guk gure fede publikoarekin ziurtatu behar dugu bista modu zuzenean egin dela, aparteko gorabeherarik gabe. Guk bista hori ezin badugu onetsi, ez du eraginik eta bertan behera gelditu beharko da». Hortaz, epaiketa anitz egin gabe geldituko dira grebak dirauen bitartean, kasu jakin batzuekin zerikusia duten horiek izan ezik. Adingabeekin edo espetxeratuekin lotura dutenak, erraterako.
Justizia Ministerioaren erantzuna
Antonio Rodriguez Justiziako Estatu idazkaria greba mugagabeaz mintzatu zen, atzo. Haren erranetan, letraduek egiten duten «edozein erreklamazio lekuz kanpo dago». Azaldu zuen profesional horiek soldata igoerak izan dituztela, eta «beraien mailan hobekien kobratzen dutenak» direla. Gehitu zuen geldialdiak «motibazio politikoak» bertzerik ez dituela, eta «herriaren kontrakoa» dela.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.