Myanmar
Myanmarko militarren kontrako kereila bat aurkeztu dute estatu kolpe osteko delituengatik
Fortify Rights GKEa eta hamasei zibil dira salatzaileak, eta, horien arabera, soldaduek genozidioa, gerra krimenak eta gizateriaren kontrako krimenak egin dituzte. Justizia unibertsala baliatzea nahi dute auzia ikertu eta epaitu ahal izateko, Alemanian aurkeztu baitute salaketa.

Myanmarko soldaduen gehiegikeriak jasan dituzten hamasei zibilek, Fortify Rights GKE gobernuz kanpoko erakundearekin batera, kereila bat aurkeztu dute Alemanian, militar horien kontra. Genozidioa, gerra krimenak eta gizateriaren kontrako krimenak leporatzen dizkiete, 2021eko otsailaren 1eko estatu kolpearen ondorengo ustezko delituengatik, eta rohingya etnia musulmanaren kontrako jazarpenagatik.
«Salaketa honek ebidentzia berriak aurkezten ditu, zera frogatzen dutenak: Myanmarko armadak sistematikoki hil, bortxatu, torturatu, kartzelatu eta desagerrarazi duela jendea, bestelako hainbat ekintza ere egin dituela, eta horiek genozidiotzat, gizateriaren kontrako krimentzat eta gerra krimentzat jo daitezkeela, Alemaniako legedia urratzen baitute», azaldu du Matthew Smithek, Fortify Rightseko zuzendari exekutiboak.
Salatzaileen asmoa da Alemaniak justizia unibertsal kontzeptua erabiltzea; hau da, jatorrizkoa ez den herrialde batean ikertzea eta epaitzea gerra krimenez akusaturikoak. Iazko urtarrilean, esaterako, hori bera erabili zuen tortura leporatu zioten Siriako armadako goi buruzagi bat zigortzeko; eta, lehenago, gauza bera egin zuen Estatu Islamikoko jihadistekin.
Horregatik, Myanmarkoaren kasuan, Smithek uste du Alemaniak «serioski» hartuko duela haien kereila ere: «Kontuan harturik Myanmarko junta militarra erregimen terrorista bat eta paria global bat dela, ez dugu espero oztopo politiko nabarmenik kasu honen inguruan ikerketa bat irekitzeko orduan».
Bizirik atera diren zibilei egindako elkarrizketak, filtraturiko dokumentuak, desertatu duten Myanmarko soldaduek eta poliziek emandako informazioa, eta Nazio Batuen Erakundeak eta beste hainbat erakundek egindako ikerketen edukiak biltzen ditu Alemanian aurkezturiko kereilak.
Salatzaileetako bat 35 urteko emakume bat da. Komunikatu batean adierazi duenez, Myanmarko junta militarra jotzen du senarraren desagertzearen erruduntzat: «Oraindik haserre nago soldaduekin. Ez gaituzte pertsona gisa hartzen; animalia edo objektu gisa ikusten gaituzte». Kereila aurkeztu duten beste zibiletako batek herrialdetik ihes egin behar izan zuen, eta Alemanian bizi da egun; haren iritziz, Myanmarko armadaren «inpunitatea amaiarazteko garaia» da.
Onartuz gero, hirugarren ikerketa
Alemaniako Fiskaltzak ikerketa bat abiatuko balu, Myanmarko armadaren kontrako hirugarrena izango litzateke, eta lehena estatu kolpearen osteko gertakariengatik; oraingoz, Nazioarteko Justizia Auzitegia militar horiek ikertzen ari da rohingyen kontrako ustezko genozidioagatik, eta Nazioarteko Zigor Auzitegia eta Argentina, etnia musulman horren kontrako hainbat deliturengatik —besteak beste, gerra krimenengatik—.
Hain justu, armadaren estatu kolpearen bigarren urteurrenerako egun gutxi falta diren honetan eman dute kereilaren berri. AAPP Preso Politikoei Laguntzeko Elkartearen arabera, militarrek gutxienez 2.750 lagun hil dituzte 2021eko otsailetik, eta beste 17.400 pertsona atxilotu dituzte.
Estatu kolpearen aurretik agintean zeuden politikari askori ere jazarri zaizkie. Aung San Suu Kyi Estatu kontseilari kargugabetu eta Bakearen Nobel sariduna (1991), esaterako, 33 urteko kartzelaldira zigortu dute.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.