Etxebizitza

Etxaldek 1,2 milioi euro behar ditu zortzi etxebizitza «merkatu espekulatibotik» ateratzeko

Bokalen daude etxebizitzak. Kudeaketa berritzaile baten bidez, «merkatu espekulatibotik» atera nahi ditu sozietate kooperatibo horrek. Martxoaren 31ra arte dute diru guztia biltzeko.

Beñat Etxebest Etxaldeko lehendakaria Bokaleko etxebizitzen aurrean. GUILLAUME FAUVEAU
Garazi Aduriz Zuñeda.
2023ko urtarrilaren 24a
16:14
Entzun

Etxalde sozietate kooperatiboak zortzi etxebizitza erosi nahi ditu Bokalen (Lapurdi), horiek «merkatu espekulatibotik» ateratzeko. Horretarako, 1.270.000 euro bildu behar ditu, eta herritarrei diru bilketa handi baterako deia zabaldu die. Etxalderen xedea da zortzi etxebizitza horien jabetza eskuratzea. Ondotik, gozamena, hau da, ondasuna erabiltzeko bidean, erdi prezioan saltzea da asmoa. Gaur egun, etxebizitza sozial pribatuak dira, eta zortzi familia alokairuan daude etxebizitza horietan. Kooperatiba haiekin bildu da, Beñat Etxebest Etxaldeko lehendakariak azaldu duenez: «Oraingoz alokatzaileak ez dira guztiz konbentzituak proiektuarekin, baina gure lana izango da frogatzea haientzako abantailak besterik ez direla». Martxoaren 31ra arte dute diru guztia biltzeko.

Izan ere, kooperatibak, pertsona juridiko gisa, etxebizitzen jabetza soila atxiki nahi du, behin betiko etxebizitza merkatutik ateratzeko. «Erosiz gero, biztanleriaren jabetza bilakatuko da», adierazi du Etxebestek. Gozamenaren jabe berriak hasierako erosketa prezio erdiagatik biziko dira etxeetan. Hau da, Bokaleko 57 metro karratu inguruko etxebizitza bat 85.000 euroan eskuratuko lukete. Haien ondorengoei herentzia transmititzeko aukera atxikiko dute, erositako prezioaren %10ean. Gozamena berriz saltzeko aukera ere izango dute. Gozamendunek ekarpen bat egin beharko dute hilabetero, Etxalderen garapenerako, eta Bokaleko etxe horietan hilabetean 205 eurokoa izanen da ekarpen hori. Diru horrek «autofinantzaketarako» modua egingo du, ondoko etxebizitzak erosteko, adibidez, eta Etxalderen ekarpena handituko luke horrek.

Proiektuak aurrera egin dezan, Etxaldek laguntza eskatu die herritarrei. Laguntzeko hainbat bide proposatu ditu kooperatibak: sozietate kooperatiboaren kide bilakatuta, denbora edo dirua eskainita, edota gozamendun bat lagunduta. Eskaintzak ez diren ekarpenak itzuliak izango direla ziurtatu du kooperatibak. Erdia gozamenaren salmenta bidez itzuliko da, zazpi urtean. Beste erdia, berriz, gozamendunek hilabetero egiten duten ekarpenaren bidez itzuliko da, 35 urtean.

Ez jabe, ez alokatzaile, denak biztanle lelopean, kudeaketa berritzaile bati hasiera emango dio Etxaldek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.