Turismoa
Hotelak pandemia aurreko datuetara itzuli dira Hego Euskal Herrian
Lau milioi bisitarien muga gainditu dute 2022an, aurreko urtean baino %52 gehiago. KPIaren gainetik garestitu dira gaualdiak: %18,7

Turismoa pandemia aurreko egoerara itzuli da Hego Euskal Herrian, eta 2022an lau milioiren langa gainditu da, INE Espainiako Estatistika Institutuaren arabera. Zehazki, lau lurraldeetako hoteletako batean gutxienez gau bat pasatu dute 4.329.478 pertsonak, 2021ean baino 1,4 milioi gehiagok (+%51,8). COVID-19aren aurreko datuekin alderatuta, baina, igoera ez da hain handia izan: 2019an baino 59.697 bisitari gehiago zenbatu dituzte (+%1,4).
Bi urte kostatu zaio turismoari pandemia aurreko kopuruetara itzultzea. 2021a ez zen izan 2020a bezain txarra, baina oso urrun geratu zen osasun krisiaren aurreko datuetatik, pandemiari aurre egiteko gobernuek ezarritako debeku eta mugikortasun neurri batzuek indarrean jarraitu zutelako. 2022an, halaber, urteko lehen hiru hilabeteetan oso geldirik egon zen bidaiarien etorrera, baina urteko gainerako hilabeteetan, eta bereziki udan, ohi baino joan-etorri gehiago izan ziren.
Beste fenomeno batek ere eragin du 2022ko turismoaren emaitzetan: eskari handiari inflazio handia batu zaio, eta horrek asko garestitu du gaualdia: batez beste %18,7 garestitu dira logelak 2021eko prezioekin alderatuta, urteko KPIaren oso gainetik (%5,6), beraz. Gau bat igarotzeagatik kobratutako batezbestekoa 89,37 euro izan da. Gipuzkoak jarraitu du izaten lurraldetik garestiena (113,07 euro), eta hiriburuen artean Donostiak (138,84 euro).
Ohi bezala, bi gau inguru (1,9) pasatu dituzte bidaiariek. Eta etorritakoen %37,4 Espainiako Estatuko mugetatik kanpokoak ziren. Horiek gehitu dira gehien: 2021ean iritsitakoak halako bi dira ia. Dena den, pandemia aurreko urteetan ailegatutakoen oso antzeko proportzioa da hori.
Hirietako turismoa eta Bilbo
Lurraldeka, Bizkaiak jaso du turista gehien: 1,51 milioi guztira. Hego Euskal Herriko hotel batean gutxienez gau bat pasatutako hiru bidaiarietatik batek (%35ek) aukeratu du lurralde hori. 2022an gehien handitu diren turismo motetako bat hirietakoa izan da, eta hori Bilboko hazkundean nabaritu da: %64,4. Era berean, Bizkaian handitu da gehien bidaiarien kopurua (%59), Gipuzkoaren aurretik (%51,8). Bizkaian garestitu dira gehien gaualdiak ere: %23. Lurralde horretan logela baten prezioa 91,10 euro izan da batez beste, eta 100,66 euro Bilbon.
Hiriburuen artean, berriz, Iruñeko hotelen prezioek izan dute igoerarik handiena, %28,5, Bilboren gainetik (%27,5). Dena den, bisitarien hazkundeari dagokionez, lau lurraldeen artean txikiena izan du Nafarroak: %39,4. Eta okupazioan ere azpitik egon da: %51,7. Hego Euskal Herriko hoteletara etorritako bidaiarien %22,8k aukeratu dute lurralde hori. Arabak izan du bidaiari gutxien. Hego Euskal Herrira etorritakoen %10,4.
Ohi bezala, Gipuzkoak jaso du bidaiari gehien Bizkaiaren ondoren: guztizkoaren %31,7. Kopuru totaletan, 1,37 milioi. Eta hazkunde handia izan du hark ere: %51,8koa. Okupaziorik handiena izan duen lurraldea izan da: %65,7.
Informazio gehiago. Turismoak gainezka egin al du Donostian?
Hotelez gain, landetxeetan eta apartamentu turistikoetan ere igoera handia egon da 2022an. Eustaten arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 141.786 pertsonak aukeratu dute landetxe bat (%36,6ko igoera), 3,8 gau igaro dituzte batez beste, eta %36ko betetze maila izan da. Apartamentu turistikoek izan dute igoerarik handiena (%77), eta Bizkaian igo da gehien (%100,6). Guztira 168,958 bisitarik egin dute horren alde, eta okupazio maila %36koa izan da.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.