Gerra Ukrainan
Berlinek baimena eman du Leopard 2 tankeak Ukrainara bidaltzeko, Alemaniako zenbait hedabideren arabera
'Der Spiegel' astekariak eta NTV telebista kate alemaniarrak aurreratu dute albistea. Europako beste herrialdeen eskaerak onartu egingo ditu Berlinek, Poloniarena kasurako. Scholz agerraldia egitekoa da bihar, erabakiaren nondik norakoak zehazteko.

Ukrainara Leopard 2 tankeak bidaltzea onartu du gaur Alemaniako Gobernuak, eta Leopard 2A6 modeloko konpainia bat bidaltzeko ere prest dago Berlin, Der Spiegel astekariak eta NTV kate alemaniarrak aurreratu dutenez. Gobernuak ez du oraindik iragarpen ofizialik egin, baina hedabide horien arabera, Alemaniako armada arduratuko da Leopard 2 tankeak Ukrainara bidaltzeaz, eta, gainera, Europako zenbait herrialde batzuek, Poloniak kasurako, tanke horiek eramateko egindako eskaerak onartuko ditu Olaf Scholz Alemaniako kantzilerra buru duen gobernuak.
Hain zuzen, Poloniako lehen ministro Mateusz Morawieckikek jakinarazi du Varsoviak eskaera formala egin diola gaur Berlini, Leopard 2 tankeak Ukrainara bidali ahal izateko. Alemania arma horien ekoizlea izaki, lizentzien arabera bere oniritzia behar da horretarako.
Der Spiegel egunkariak aurreratutako informazioa bihar baieztatuko du Alemaniako kantzilerrak, iragarpen baten bidez, Bild egunkariak jakitera eman duenez.
Kieven eta Mendebaldeko aliatu gehienen aldetik presio diplomatiko handia jasaten ari da Alemania 1970eko hamarkadaren amaieraz geroztik fabrikatzen dituen Leopard 2 tankeak Ukrainara bidal ditzan, edo, gutxienez, horiek dituzten beste herrialde batzuei gatazkara eramateko baimena eman diezaien. Berlinek, ordea, ez zuen horretarako baimenik ematen, nahiz eta azken egunotan atea ireki dion bere onespenik gabe mugimendu horiek egiteari.
Ikusi gehiago: Alemaniak atea ireki dio bere baimenik gabe Leopard 2 tankeak Ukrainara bidaltzeari
500 kilometroko autonomia du Leopard 2 tankeak, eta orduko 68 kilometroko abiadura har dezake. 120 milimetroko kanoi bat da haren arma nagusia, eta bi metrailadore arin ere badauzka. Alemaniak ez ezik, Kanadak, Espainiak, Danimarkak, Finlandiak, Greziak, Norvegiak, Poloniak eta Suediak ere badituzte halako tankeak. Erabili izan dira, esaterako, Kosovon, Bosnian, Sirian —Turkiak—, eta Afganistanen.
Ikusi gehiago: Tankeei buruzko erabakia «azkar» hartzeko eskatu du Ukrainak
Giroa, gaiztotuta
Finlandiako Gobernuaren «lehentasuna» da herrialdea Suediarekin batera bihurtzea NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide, baina Pekka Haavisto Atzerri ministroak aitortu zuen, atzo, prozesua «berrikusiko» dutela, zerbaitek «oztopatzen» baldin badu Suediaren proiektuak aurrera egitea. Alegia, Helsinkik aurrenekoz adierazi du ez duela baztertzen Stockholm gabe sartzea Mendebaldeko aliantza militarrean.
NATOko estatu kideek beto eskubidea dute, eta Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak nabarmendu zuen, herenegun, azken egunetako gertaerak aintzat hartuz gero Ankarak ezin diola oniritzirik eman Suediaren eskaerari. Jarrera hori justifikatzeko, Erdoganek gogoratu zuen aurreko larunbatean Koranaren ale bat erre zuela ultraeskuindar suediar batek Turkiak Stockholmen duen enbaxadan —Erdoganen aurkako manifestazio bat ere egin zuten han—. Ankarak, horrenbestez, erabaki bat hartu zuen ordu batzuk geroago: bertan behera uztea Pal Jonson Suediako Defentsa ministroa asteon Turkiara egitekoa zen bisita ofiziala.
Eta, atzo, Helsinkiren mezuaren ondoren, Tobias Billstrom Suediako Atzerri ministroak adierazi zuen bi herrialdeak batera bihurtuko direla aliantza militarreko kide. Gaineratu zuen aztertzen ari direla Erdoganen adierazpenek zein ondorio eduki ditzaketen, baina ziur dagoela topatuko dutela, atzera, Turkiarekin bide diplomatikoa ibiltzeko unea. «Egun batzuetatik hona zurrunbilotsua da giroa. Iruditzen zait egokia izan daitekeela egoera baretzen uztea».
Giroa gaiztotuta dago beste gertaera bategatik ere. Joan den urtarrilaren 12an Erdogan irudikatzen zuen txotxongilo bat urkatu zuten Stockholmeko udaletxearen parean. Kurduen aldeko manifestazio batean gertatu zen, eta, hain zuzen, Turkiak, hasieran, betoa ezarri zien Suediari eta Finlandiari, egozten baitie babesa ematea PKK Kurdistango Langileen Alderdikotzat jotakoei —Ankararen eta EB Europako Batasunaren arabera talde «terrorista» da— eta YPG Herriaren Babes Unitateetako kidetzat jotakoei —Siriako milizia kurduak dira.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.