Ezbeharra
Etxegabe bat hil da Bilboko Bolueta auzoan, haren etxolak su hartuta
Gizonezko bat zen, 70 urte ingurukoa, eta bizi zen kartoizko eta egurrezko etxolak su hartuta hil da, astearte arratsaldean.

70 bat urteko gizonezko bat hil da astearte arratsaldean Bilboko Bolueta auzoan, haren kartoizko eta egurrezko etxolak su hartuta. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, sutea 18:10ean piztu da, Bilbo eta Galdakao arteko N-634 errepidean dagoen McDonald’s janari lasterreko establezimenduaren ondoan.
Suhiltzaileen eta larrialdi zerbitzuen arabera, sua oso azkar zabaldu da, eta ordu horretan jatetxean ziren zenbait bezero saiatu dira garrak itzaltzen, horretarako su itzalgailuak erabilita. Haraino bertaratu dira suhiltzaileak, eta, sua itzalita, biktimaren gorpua topatu dute, etxolaren hondakinen artean. Zantzu guztien arabera, gizona kartoi horien artean lo zegoen, sua piztu denean.
Duela urtebete, 2022ko urtarrilaren 2an, beste etxegabe bat hil zen Bilbon: 40 urteko emakumezko bat, gaua Zabalgune plazan eman ostean; eta egun batzuk lehenago, gizonezko bat zendu zen Irunen. «Politika publiko eraginkorrak» galdegin dituzte eragile sozialek.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.