PERU

Boluartek «herrialde osorako su etena» eskatu du, eta Perun bakea lortzeko deia berretsi

Peruko presidenteak barkamena eskatu die abendutik hil diren manifestarien senideei —hirurogei baino gehiago izan dira—, eta ikerketa abiatzeko deia egin dio fiskaltzari. Boluartek espero du bozak 2024ra aurreratuko dituztela.

Peruko presidente Dina Boluarte, gaur, nazioarteko hedabideen aurrean, Liman. PAOLO AGUILAR / EFE
Mikel O. Iribar.
2023ko urtarrilaren 24a
22:09
Entzun

Dina Boluarte Peruko presidenteak «herrialde osorako su etena» eskatu die abendu hasieratik bera kargutik kendu eta Pedro Castillo estatuburu ohia espetxetik atera dezatela eskatzeko protestan ari diren manifestariei. Boluarteren helburua da Latinoamerikako herrialdean duten krisi politiko eta sozial larria gainditzea, baita elkarrizketa mahai bat eratzea ere. Peruko Poliziak hirurogei manifestari baino gehiago hil ditu protestak hasi zirenetik.

Boluarte nazioarteko hedabideen aurrean mintzatu da, eta «elkarrizketarako, bakerako eta batasunerako» deia egin du, eta fiskaltzari eskatu dio egin ditzala «lehenbailehen» indarkerien eta hilketen erantzuleei buruzko ikerketak. Hain zuzen, Peruko presidenteak barkamena eskatu die hildakoen senideei, baita aurreko astearen amaieran Poliziak Limako unibertsitate batean egindako operazioagatik ere; berrehun bat ikasle atxilotu zituzten.

Halaber, nabarmendu du herrialdea «muturreko talde batek sortutako indarkeriazko egoera» batean dagoela, eta erantsi talde horrek «agenda politiko eta ekonomiko propioa» duela, «narkotrafikoan, legez kanpoko meatzaritzan eta kontrabandoan oinarritua». Eta adierazi du horregatik izan direla protestarik handienak Peru hegoaldean.

Hain justu, Puno aipatu du Boluartek, Boliviarekin muga egiten duten eskualdeetako bat. Bada, aitortu duenez, ez dira emankorrak izan gobernuaren elkarrizketa saiakerak, bi aldeen jarrerak hurbiltzeko egindakoak. Halere, salatu du manifestariek «eskuz egindako armak» erabiltzen dituztela, hala nola dum-dum balak: «Horiek gobernuaren aurkako talka eta heriotzak eragiten dituzte». Gobernuaren ikerketaren arabera, manifestariek Boliviako mugatik sartu dituzte «dum-dum bala hilgarriak».

Bestalde, Boluartek Kongresuari eskatu dio bizkortu dezala hauteskundeak aurreratzeko prozesua, gobernuak berak erabaki horri oniritzia eman ostean. Presidenteak espero du bozak 2024ra aurreratuko dituztela. Manifestarien eskakizunetako bat beteko duela adierazi arren, estatuburuak errefusatu egin ditu bera «usurpatzailetzat» jotzen dutenen akusazioak, gogorarazi baitu Castillok emandako «estatu kolpearen» ondoren hartu zuela kargua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.