Ikastolak
Seaskak «mobilizazio erraldoia» iragarri du udaberrirako
Frantziako Gobernuaren «mespretxua» salatu du Peio Jorajuriak, eta deitoratu du irailetik erantzunik gabe segitzen dutela. EEPren sinesgarritasuna jokoan dela uste du Antton Kurutxarrik.

Frantziako Hezkuntza Ministerioko ordezkariak Ipar Euskal Herriko hautetsiez «trufatu» zirela uste du Seaskak. «Hitz ederrekin lokartu» zituztela erran du Peio Jorajuria ikastolen lehendakariak. Irailaren 14an egin zuten bilkura Parisen EEP Euskararen Erakunde Publikoko ordezkariek eta Ipar Euskal Herriko parlamentariek, besteak beste, azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko. «Pozik» atera ziren hautetsiak, jaso zuten harreragatik eta «epe laburrean» erantzun bat ukanen zutela erran zietelako. Baina lau hilabete baino gehiago pasa dira ordutik, eta «mutu» segitzen du Parisek. «Mespretxu hutsa da», salatu du Jorajuriak. «Azterketen gaia ez da sinbolikoa bakarrik: haurren eskubidea da, hizkuntzen eskubidea da; eta eskubide horiei ez diete erantzun nahi Paristik».
Ikusi gehiago: Maiatzaren 14an izanen da 40. Herri Urrats Senperen
Ez da Seaskak egoera salatzen duen lehen aldia. Iazko udaberrian mobilizazio andana antolatu zituzten eta desobedientziara jo zuten ikasleek, irakasleek eta gurasoek. Ekainean, Pirinio Atlantikoetako departamenduko akademia ikuskaritzak Baionan duen egoitza okupatu zuten zenbait egunez, eta kolegioko ikasleek euskaraz erantzundako brebetako azterketen zuzenketa alternatiboa antolatu zuten Euskal Hirigune Elkargoaren babespean, ikasleei zegokien nota emateko. Azaroan mobilizazioa antolatu zuten Bordelen dozenaka ikaslerekin, eta, abenduan, 2022 urtea bukatu aitzin erantzun bat jasoko zutela erran zuen Anne Bisagni-Faure errektoreak Ipar Euskal Herrira egin zuen bisita batean. Baina deus. Ez dute ezer jaso.
Frantziako Gobernuaren "mespretxua" salatu du Jorajuriak. Ipar Euskal Herriko hautetsiek irailean Parisen egin zuten bilkuratik ez dute Hezkuntza Ministerioaren berririk. Hautetsiak "hitz ederrekin lokartu" zituztela uste du @seaskaikastola-k @berria pic.twitter.com/K21ZzBbcvY
— Ekhi Erremundegi (@EkhiErremundegi) January 25, 2023
Horiek horrela, ondoko asteetan ekintzak egitera itzuliko direla segurtatu du Jorajuriak. Eta hitzordu bat ere eman du: udaberrian «mobilizazio erraldoi bat» antolatuko dutela iragarri du. «Erakusteko ez garela gu bakarrik. Ez garela bakarrik ikasleak, irakasleak eta gurasoak, baizik eta herri oso bat aldarrikapen hau babesten duena».
EEPren balioa ezbaian
EEPren aldetik, Antton Kurutxarrik aitortu du «beharbada inuxenteak» izan direla. «Optimistegiak atera ginen iraileko bilkuratik», adierazi dio BERRIAri. «Biziki kexu gara, baina ez dugu fitsik. Ari gara aktibatzen parlamentarien bidez Pariri errateko huts politiko handi bat egiten ari direla». Frantziako Gobernua ez da EEP «errespetatzen» ari bere hitzetan. «Zer sinesgarritasun da EEPrentzat? Ez badigute erantzuten, EEPk ez du zentzurik, eta Hezkuntza Ministerioak gatazkaren hautua egiten du», deitoratu du. Ondoko urratsa guri «eskapatuko» zaiela dio: sare publiko eta pribatu katolikoan euskara hutsezko klaseak irekitzeko eskaerak iritsiko dira laster, baina EEP «ez da gai izanen» erantzuteko. Eta azterketen gaian berdin: ezer trenkatu gabe iritsiko dira brebetako eta baxoko probak. «Gatazka sortuko da karrikan. Erakutsiko du denen aitzinean EEPren balioa. Zertarako balio du EEPk horrelako gaiak aztertu eta trenkatzeko etxe komuna ez bada? Zertarako balio du EEPk horrela tratatzen bagaituzte?», galdetu du.
Sei urtero egin ohi duten gisan, Euskararen Erakunde Publikoaren ebaluazioa eginen dute aurten Frantziako Gobernuko zerbitzuek; Barne Ministerioko, Kultura eta Komunikazio Ministerioko eta Hezkuntza Ministerioko ikuskariak arituko dira lanean. Interes Publikoko Elkargoa (IPE) da EEP, eta bere epemugara iritsia da. Estatus juridiko hori berritu ala ez erabaki beharko dute Parisen. «Epe berri bat eman beharko zaio edo epemugarik gabeko IPE bat sortzea ere aurreikusi liteke, erregularki egiten diren ikuskaritzarik gabe. EEPk frogak eman ditu ongi ibiltzen zela», esplikatu du Kurutxarrik. Beste estatus juridiko batera pasatzeko aukera aztertu litekeela ere uste du.
Baina aurrekontuan eman nahi du azpimarra. «Emendatzeko beharra azpimarratuko dugu, ez da dudarik. Euskalgintzako eragile franko behar gorrian dira. Egoera beharko dut biziki argiki aurkeztu: eragile bakoitzaren egoera, diren erronkak. EEP eraginkorra da, egiturak funtzionatzen du, baina beharrak biziki handiak dira».
Gaiak
Kinka buletina
Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.