GERRA UKRAINAN
AEBek 31 tanke emango dizkiote Ukrainari, eta Alemaniak hamalau
Berlinek uste du hiru bat hilabete barru egongo direla erabilgarri, eta Bidenek adierazi du denbora beharko dela horiek gerra frontera eramateko. Zelenskik eskerrak eman dizkie, eta nabarmendu du «tanke asko» behar dituztela.

Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea aspalditik ari zitzaien esaten Mendebaldeko herrialdeei tankeak bidaltzeko. Azkeneko asteetan Alemaniak fabrikatutako Leopard 2 tankeak eskatu ditu, zehatz-mehatz. Izan ere, horien 2.000 ale baino gehiago daude Europan. Orain gutxira arte, zuhur jokatu dute aliatuek eskaera horren harira, baina aurreko ostiralean AEBek nabarmendu zuten ez dela «mantsotzeko» garaia Errusiaren aurkako borrokan Ukrainari laguntza militarra emateari dagokionez, baizik eta «harago» joatekoa. Beraz, Alemaniak eta AEBek gaur baieztatu dute tankeak entregatuko dizkiotela Ukrainari: hamalau Leopard 2 Berlinek, eta 31 Abrams Washingtonek.
Alemaniak, gainera, gauza bera egiteko baimena eman die Leopard 2 tankeak dituzten herrialdeei — lizentzia akordioen arabera, herrialde ekoizlearen oniritzia behar da horretarako—, eta horietako batzuek, hala nola Finlandiak, Suediak, Norvegiak, Poloniak eta Espainiak, Kievi emateko asmoa agertu dute. Ukrainako gerra, hortaz, beste fase batean sartzear dago, behin Mendebaldeak adostu ondoren borrokarako ibilgailu blindatuak eramatea hara.
Boris Pistorius Alemaniako Defentsa ministroak esan du espero duela Leopard 2 tankeak hiru bat hilabete barru iristea Ukrainara. Argitu du, bide batez, tankeak mantentzeko beharrezko ekipamendua emango diotela Ukrainako armadari, eta soldaduek, aurrena, formakuntza jasoko dutela Alemanian bertan. Joe Biden AEBetako presidenteak plazaratu du asmo bera dutela, eta azpimarratu du Abrams tankeak direla «gaitasunik handienekoak», baita erabiltzeko «oso zailak» ere. Azaldu du, gainera, denbora beharko dela horiek gerra frontera eramateko.
Ikusi gehiago gehiago: Alemaniak atea ireki dio bere baimenik gabe Leopard 2 tankeak Ukrainara bidaltzeari
Mendebaldeak azken hilabeteetan emandako laguntza militarra eskertu izan du Kievek —aireko defentsa sistemak, batez ere—, baina, aldi berean, arma astunak eskatu izan dizkio, argudiatuta Mosku erasoaldi berri bat prestatzen ari dela. Horregatik, Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearen kabineteburu Andrei Yermakek eskerrak eman dizkio gaur Alemaniari, «lehen pausoa» emateagatik. Hori bai, Telegramen idatzitako mezu batean nabarmendu du «Leopard gehiago» behar dituela Ukrainak. Armadaren buruzagiak datu bat eman zuen abenduan: NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko 300 bat tanke behar dituztela Errusiak hartutako lurrak berreskuratzeko. Mendebaldeko zenbait adituk esan izan dute, ordea, horretarako nahikoa direla ehun bat.
Ikusi gehiago: Alemaniaren ustez, aliatuek defentsan aritu beharko lukete Ukrainan, ez erasoan
Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrak esan du, gaur, «nazioartearekin» modu koordinatuan jokatuta hartu dutela erabakia, eta, hain zuzen, hori izan da Alemaniako Gobernuak jarri izan duen baldintzetako bat konpromiso hori hartzeko: potentzia militarrek ere beren tankeak bidaltzea Ukrainara. Erresuma Batuak azaldu izan du Challenger tankeak bidaltzeko prest dagoela, eta Emmanuel Macron Frantziako presidenteak adierazi zion, igandean, Alemaniako kantzilerrari, ez duela baztertzen Frantziako armadaren Leclerc tankeak Kievi entregatzea.
Horregatik, Bundestagean, gaur, hitza hartu duenean, Scholzek azpimarratu du Alemania dela, Erresuma Batuarekin batera, Ukrainari arma gehien eman dizkiona. Gogoratu du, bide batez, Alemaniak arau bat «hautsi» behar izan duela horretarako. Bigarren Mundu Gerraz geroztik Alemaniak tradizio antimilitarista eduki du, baina Ukrainan gertatutakoaren harira, agintean dagoen hiru alderdiko koalizioan ika-mikak izan dira. Berdeek eta Liberalek begi onez ikusi dute Ukrainari laguntza militarra ematea, eta SPD Alemaniako Alderdi Sozialdemokratak, berriz, zuhurrago jokatu du, erantzukizun historikoa gogoan.
Ikusi gehiago: Zer dira Leopard-ak?
Pentagonoak ostiralean esan zuen ez zuela asmorik orain Abrams tankeak Ukrainara bidaltzeko. Arrazoi logistikoak aipatu zituen erabakia justifikatzeko.
Gaiak
Kinka buletina
Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.