Caparrosoko behitegia
Caparrosoko behitegia baimenik gabe handitu dute
Sustrai Erakuntza fundazioaren arabera, Valle de Odieta kooperatibaren makroetxaldeak 7.900 abere ditu, baimendu baino ia hirurehun gehiago.

Europako behitegirik handiena Euskal Herrian dago, Caparroson (Nafarroa), zehazki. Egungo Ingurumeneko Baimen Bateratuaren arabera, Valle de Odieta kooperatibaren makroetxaldeak 7.200 esne behi baliatzeko baimena du, baita 600 zekor eta 40 eguneko txahalak ere. Hala ere, irregulartasun bat atzeman da enpresak animalia kopurua handitzeko eskaria egitean aurkeztutako dokumentazioan: enpresak 7.620 animalia izateko baimena du, gutxi gorabehera, baina azken dokumentuetan adierazten da makroetxaldeak 7.900 abere dituela orain.
Sustrai Erakuntza fundazioak salatu du Valle de Odietak bere instalazioak legez kanpo handitu dituela, eta Nafarroako Gobernuari eskatu dio salaketa egiaztatzeko eta zuzentzeko: «Aurkeztu duten dokumentazioan jadanik ezkutuko handitze bat sartu dute, eta, ziur asko, ezarria izango dute jada. Abere kopurua gainditzeaz gain, litekeena da legediak baimentzen duena baino pabiloi handiagoa ere izatea makroetxaldeak».
Aurkeztutako dokumentuetan ikus daiteke lur eremua ere moldatu dutela, planoetan arazketa horretarako erabiliko liratekeen instalazioen zati bat aurkezten baita. Sustrai Erakuntza fundazioaren arabera, instalazio horietako batzuk jadanik eraikita daude, eta aireko argazkien bidez egiazta daiteke: «Ziurrenik lizentziarik gabe eraikitako instalazioak izango lirateke hauek, Gobernuak oraindik ez baitu onartu arazketa proiektua».
Nafarroako Gobernuari aurkeztu dioten eskarian zehazten denez, abere kopurua gehiago handitu nahi dute: 11.372 abelburu izan nahi dituzte, gaur egun izan beharko lituzkeenak baino % 27 gehiago, alegia. Hala ere, hori ez dator bat Espainiako Gobernuak abenduaren 27an onartu zuen dekretuarekin. Izan ere, horren arabera, haztegi batek ezin ditu izan 850 behi baino gehiago. Hala ere, dekretua indarrean sartu baino lehenagotik martxan zeuden enpresek, 850eko muga gainditzekotan, eskubidea dute kopuru horri eusteko, baina ezingo dute inola ere handitu.
Valle de Odietak gainditu egiten du ezarritako kopurua. Sustrai Erakuntza fundazioak hauxe esan du: «Enpresak kontrolatu behar du instalazioak eta hango abere kopurua bat datozela egungo legeak dioenarekin. Nafarroako Gobernuak zerbait egin beharko luke enpresak legez kanpoko jarduera hau aurrera eramatea eragozteko».
Enpresaren aurrekariak
Ez da Valle de Odieta enpresaren lehenengo irregulartasuna. Nafarroako Gobernuak 11 zehapen espediente ireki dizkio azken urteotan baimenik gabe abereak hartzeko pabiloi berriak eraikitzeagatik, eta abere gehiago hartzeagatik. Horretaz gain, Sustrai Eraikuntza fundazioak enpresaren aurkako alegazio bat aurkeztu zuen iazko maiatzean, nitrogeno askoko likido bat erabiltzen zutelako ureztatzeko, ur purua zela esanda.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.