Euskal presoak
Asier Rodriguez espetxera itzuli da, epaileak hirugarren gradua kenduta
Fiskaltzak helegitea jarria zuen euskal preso horrek hirugarren gradua lortzearen kontra, eta Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak onartu egin du. Gradu erregresioen kontrako manifestaziora deitu du Sarek, etzi, Santurtzin.

Asier Rodriguez Lopez euskal preso santurtziarra Basauriko espetxera (Bizkaia) itzuli da, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak onartu egin baitu hark hirugarren gradua lortzearen aurka fiskaltzak jarritako helegitea, Etxeratek jakinarazi duenez. Sarek manifestaziora deitu du, etzirako, Santurtzin (Bizkaia), gradu erregresioen kontra.
Rodriguezek hamabi urte baino gehiago daramatza preso. 2020ko uztailean, gerturatu egin zuten, Granadako espetxetik (855 kilometro) Soriakora (260 kilometro); 2021eko irailean Euskal Herriratu zuten, Basauriko espetxera lekualdatuta.
Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak etengabe aurkeztu ditu errekurtsoak euskal presoen gradu progresioen aurka. Azaroan, esaterako, Joseba Arregi euskal preso oñatiarraren gradu aldaketaren kontrako helegitea onartu zuten, eta Martuteneko espetxera (Gipuzkoa) itzuli zen Arregi. Gaur-gaurkoz, beste bost presoren kontrako eskaerak ere aintzat hartu ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak: Aitor Esnaola, Mikel San Argimirio, Xabier Atristain, Gorka Martinez eta Iñaki Bilbao Gaubekarenak. Gehiago ere izango dira ziurrenik, ordea. Izan ere, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak gutxienez 24 gradu progresioren aurka egina zuen urtarril hasieran.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.