Albistea entzun

Lan merkatua

Urteko azken hiruhilekoan 9.000 lanpostu galdu dira Hego Euskal Herrian

Bereziki zerbitzuen sektorean nabaritu da: 22.700 langile gutxiago daude. Industriak eta eraikuntzak eutsi egin diote, eta enplegua sortzen jarraitu dute.

Urteko azken hiruhilekoan 9.000 lanpostu galdu dira Hego Euskal Herrian
Urteko azken hiruhilekoan 9.000 lanpostu galdu dira Hego Euskal Herrian Tamaina handiagoan ikusi

Jokin Sagarzazu -

2023ko urtarrilak 26

Lan merkatuan nabaritu da inflazio handiak 2022ko azken hiruhilekoan ekonomian eragin duen motelaldia. Irailetik abendura, 9.900 lanpostu galdu dira Hego Euskal Herrian, INE Espainiako Estatistika Institutuaren biztanleria aktiboaren inkestaren arabera. Aurreko bi hiruhilekoetako joera eten da horrela. Landunen kopurua bezala, langabeena ere igo da, eta 7.300 gehiago zenbatu ditu INEk.

2021eko abendura atzera eginez gero, inkestak dio urte osoan 2.500 lanpostu galdu direla, eta 3.000 pertsona gehiago daudela lanik gabe. Guztira, 122.900 pertsona daude egoera horretan, inkestaren arabera, eta langabezia tasa %9koa da.

Datu horiek ez datoz bat SEPE Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoak ematen dituenekin eta Eustaten emaitzekin. Horien arabera, langabeen kopuruak behera egin du azken urtean, eta gora landunenak. 2022ko abenduan, SEPEk aurreko urtean baino 4.463 langabe gutxiago zenbatu zituen Hego Euskal Herriko enplegu zerbitzu publikoetan, eta 18.356 afiliatu gehiago Gizarte Segurantzan. Alderik handienak Gipuzkoako eta Arabako emaitzetan jasotzen dira. INEren azterketa inkesta bat izanik, gertatu izan dira halakoak, bereziki lagin txikiagoak erabiltzen diren lurraldeetan. Dena den, bai SEPEren bai Eustaten azken txostenek erakusten dute 2022ko azken hilabeteetan lan merkatua moteldu egin dela.

Prezioen gorakadak eta hurrengo hilabeteei begira zabaldu den ziurgabetasunak kontsumoan eragin dute, bereziki, eta horren eragina nabaria izan da enpleguan. Zerbitzuetan galdu dira lanpostu gehien: INEren arabera, 22.700. Kopuru handia da hori, eta ezohikoa, urte amaieran sektore horretan lanpostuak sortzen baitira Eguberriengatik, bereziki merkataritzan eta ostalaritzan.

Deigarria ere bada, INEk kontuan hartzen dituen beste hiru sektoretan lanpostuak sortu baitira. Hala, industriak urte osoan erakutsitako giharrari eutsi dio, eta beste 6.300 enplegu sortu ditu urteko azken hiru hilabeteetan. Indartsu jarraitzen du eraikuntzak ere, 5.300 lanpostu gehiago baititu, eta lehen sektoreak ere gora egin du, beste 1.200 langile zenbatuta.

Enplegu galera zerbitzuetan nabaritu den moduan, emakumeengan ere eragin handiagoa izan du. Kopuru totaletan, 3.700 emakume gehiago zenbatu ditu INEk: gizonezkoen artean baino 100 gehiago. Langabezia tasa %9,6 da emakumeen artean, eta %8,5 gizonen artean. Kontratu motari dagokionez, lau emakumetik ia batek (%23,8) lanaldi partzialeko kontratua du; gizonen artean, berriz, %7,1 dira.

Hala ere, alor horretan egon da berrikuntzarik, 2021eko datuen aldean. Aldi baterakoak 20.700 gutxiago dira; mugagabeak, berriz, 18.800 gehiago. Behin-behineko kontratuen tasa 19,3 puntu murriztu da, Espainiako Gobernuaren lan erreformaren eraginez.

Gipuzkoan galerarik handiena

Lurraldeka, Nafarroak du tasarik handiena: %10,9, eta 1,1 puntu igo da. Baina, kopuru totaletan, 500 pertsona gehiago daude lanean. Zerbitzuetan galdu diren 3.900 lanpostuen eta lehen sektorean galdutako 1.200en kopurua orekatu egin da industrian eta eraikuntzan sortu diren 4.300ekin.

Lanpostu galerarik handiena, baina, Gipuzkoan jaso du INEk: 13.100 hiruhileko batetik bestera. Langabezia tasa 2,59 puntu igo da, eta %8,57an jarri. Sektore guztietan txikitu da landunen kopurua. Galera handiena eraikuntzan izan da: 5.600 lanpostu galdu dira. Zerbitzuetan, 3.500 galdu dira, eta industrian, 3.100.

Bizkaian, berriz, jaitsi egin da langabezia tasa: %8,96 da (0,62 puntuko jaitsiera): hala ere, 800 pertsona gehiago daude langabezian. Zerbitzuetan izan ezik (11.400 landun gutxiago daude), beste sektore guztietan sortu dira lanpostuak: eraikuntzan, 6.600, eta industrian, 3.000.

Araban, %7,81 da langabezia tasa (0,81 puntu gutxiago): 3.300 landun gehiago daude. Lurralde horretan, 5.200 lanpostu galdu dira zerbitzuen sektorean. Baina 3.900 sortu dira industrian, 2.700 eraikuntzan, eta 2.000 lehen sektorean.

Sindikatuak, kezkatuta

INEren azterketak erakutsitako datuekin kezkatuta agertu dira sindikatuak. ELAk azpimarratu duenez, 2022an ekonomia «%4tik gora hazi arren», langabeziak eta okupazioak kontrako bidea hartu dute. Eta aurrera begira egoera okertu daitekeela uste du. «Hazkunde aurreikuspenak okerragoak dira, eta, beraz, ezkorrak gara urte honetan enpleguan gerta daitekeenari begira. Gainera, gogoratu behar da bizitzaren kostua garestitzeak eta soldatak KPIarekin ez eguneratzeak langile klasea pobretzea ekarri duela».

LABek, berriz, adierazi du eten egin dela pandemiaren okerrena pasatu ostean lan merkatuak erakutsi zuen joera ona. Hori «ezohikoa» izan zela azpimarratu du, eta «berezko egoerara» bueltatzen dela. «Ezohiko egoera gaindituta, egungo testuinguru sozioekonomikoak langile klaseari langabezia eskaintzen dio, modu normalizatuan».

CCOOk nabarmendu du «kontraste handia» dagoela INEren estatistika datuen eta beste azterketa batzuen artean. Dena den, adierazi du enpleguaren bilakaera txarra «euskal ekonomiaren desazelerazioaren emaitza» dela, baina urtearen balantzeak erakusten duela enpleguaren kalitatea nabarmen hobetu dela, batez ere kontratu finkoen gorakadagatik.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Jose Luis Escriva Espainiako Gizarte Segurantza ministroa, atzo, Diputatuen Kongresuan. ©J. J. GUILLEN / EFE

Pentsioen erreforma onetsi eta tramiterako onartu du Espainiako Kongresuak

Iñaut Matauko Rada

Lege proiektu gisa onetsi dute erreforma, eta tramiterako onartu. ELA sindikatuak gogor kritikatu ditu EH Bildu eta EAJ, bidea emateagatik
Elma Saiz, atzo, Nafarroako Parlamentuko batzordean. Legealdiko azkena izan zen. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Saizek onartu du denbora gutxi izateak funtsen planifikazioa baldintzatu duela

Joxerra Senar

Ekonomia kontseilariak esan du Nafarroako Kontu Ganberaren aholkuak beteko dituela. Nafarroak 483 milioi euro jasotzea espero du
Arrantza ontzi bat, ostegun honetan, Donibane Lohizune-Ziburuko portuan. ©Guillaume Fauveau

Lapurdiko arrantzaleak «hilzorian», izurdeak babesteko neurriengatik

Jokin Sagarzazu

Frantziako Estatu Kontseiluak sei hilabeteko epea eman dio Parisi arrantza eremu batzuk ixteko. Sektoreak portuak eta lonjak itxi ditu bi egunez. Erabakia Hegoaldera zabaltzea aztertzen ari da Brusela.

Anton Arriola eta Eduardo Ruiz de Gordejuela. ©Kutxabank

Eduardo Ruiz de Gordejuela izango da Kutxabankeko kontseilari ordezkari berria

Iñaut Matauko Rada

BBKn eta Kutxabanken 30 urte baino gehiagoko ibilbidea du Ruiz de Gordejuelak. Europako Banku Zentralak onartu behar du izendapena.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...