Pentsioen erreforma
Baionako portuaren sarrera bat blokeatu dute, erretreten erreforma salatzeko
Proiektua astelehenean iritsiko da Frantziako Asanbleara, eta, asteartean, bigarren mobilizazio eguna izango da haren aurka.

Florence Lasserre eta Vincent Bru diputatuen bulegoetatik Baionako portura iragan da erretreten erreformaren aurkako protesta. Gaur goizean ehun bat lagun bildu dira portuko sarrera batean, Tarnosen (Landak, Frantzia), eta instalazioa blokeatu dute. Eguerdian ziren bidea irekitzekoak.
CGT, LAB, Solidaires eta FSU sindikatuek deitu dute protestara, eta hari erantzun diote zamaketariek eta portuetako bulegoetako langileek.
Portuetako langileak ez ezik, beste batzuk ere greba egitera deitu ditu CGT sindikatuak: findegietan, zentral nuklearretan eta, oro har, energia sektorean.
Protesta horien helburua da Frantziako Gobernuak bertan behera uztea erretiroaren adin ofiziala 62 urtetik 64ra iragateko erreforma. Emmanuel Macron Frantziako presidenteak hitzeman du ez duela egingo halakorik. Gobernuak iragan astelehenean onartu zuen proiektua, eta astelehenean iritsiko da Frantziako Asanbleara, han eztabaida has dadin.
Hurrengo egunerako, astearterako, erreformaren aurkako bigarren mobilizazio eguna antolatu dute Frantziako zortzi sindikatu nagusiek. Lehenengoa duela astebete izan zen, eta oso erantzun zabala izan zuen, bai Frantzian baita Ipar Euskal Herrian ere. Baionan 9.000 eta 10.000 lagun artean batu ziren erretreten erreforma «injustu eta bortitza» gelditzeko asmoz. Azken urteetan ikusi diren mobilizaziorik jendetsuenetako bat izan zen.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.