Albistea entzun

Migrazioa

EBko estatu kideen arteko koordinazioa handitu nahi dute migratzaile gehiago kanporatzeko

Europako Batzordeak aurkezturiko plana aztertuko dute egunotan talde komunitarioko Barne ministroek. Asilorako eskubiderik ez duten iheslariak itzultzea du helburu.

Malmer Stenergard Suediako Migrazio ministroa, Ylva Johansson Europako Batzordeko Barne komisarioa eta Gunnar Strommer Suediako Justizia ministroa, gaur, Stockholmen, EBko Barne ministroen bilkuraren aurretik
Malmer Stenergard Suediako Migrazio ministroa, Ylva Johansson Europako Batzordeko Barne komisarioa eta Gunnar Strommer Suediako Justizia ministroa, gaur, Stockholmen, EBko Barne ministroen bilkuraren aurretik PONTUS LUNDAHL / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Ander Perez Zala -

2023ko urtarrilak 26

Immigrazioa afera irristakorra da, baita EB Europako Batasunean ere. Talde komunitarioaren kasuan, urteotan gertaturikoak agerian utzi du estatu kideek nahiago dutela itzulerez aritu eta «immigrazio irregularraz» erabaki, EBra iristen diren iheslariak hartzeko eta horiek zaintzeko neurriez eztabaidatu baino. Eta, oraingoan ere, joera hori ez da aldatu: Barne ministroek gaur abiatu duten bi eguneko bilera informalean, aztertu egingo dute Europako Batzordeak migratzaile gehiago kanporatzeko egin duen proposamena. Bruselaren arabera, blokeko gobernuen koordinazioa handitzea ezinbestekoa baita itzuleren kopuruak aldatzeko.

Planaren helburua da EBko estatu kideak ados jar daitezela honako hauen inguruan: bisa murrizketak, eta asilorako eskubiderik ez duten migratzaile gehiago kanporatzea beren jatorrizko herrialdeetara. Ylva Johansson Europako Batzordeko Barne komisarioak joan den asteartean argudiatu zuenez, «beharrezkoa» baita itzulera kopuru hori «handitzea».

Eurostat estatistika erakundearen arabera, 2021ean —oraindik ez daude iazko behin betiko kopuruak—, EBko estatu kideetako migrazio zerbitzuek eskatu zuten 342.100 lagun bidaltzeko bloke komunitariotik kanpoko herrialde batera; azkenean, soilik horien %24 bota zituzten, 82.104 pertsona. Hori kontuan harturik, Bruselak uste du ezinbestekoa dela koordinazioa handitzea, Johanssonek adierazi modura: «Estatu kideek ezin dute beren kabuz [afera] konpondu, baina ezta Batzordeak bere kabuz ere».

Bloke komunitarioak urteotan argudiatu du, besteak beste, arazo administratiboek eta atzerapenek zaildu dutela migratzaileak itzularaztea. Gainera, jatorrizko herrialdeek edota bestelako hirugarren estatuek neurri ekonomikoak eskatzen dituzte iheslari horiek jasotzearen truke, eta horrek, EBren ikuspuntutik, gehiago zailtzen du jarritako helburua.

Duela hiru urte, esaterako, Gambiarentzako bisak murrizteko erabakia hartu zuen Bruselak, herrialde horrek huts egin zuelakoan EBrekin kooperatzen. Gerora, Batzordeak neurri bera indarrean jartzea proposatu zuen Iraken, Senegalen eta Bangladeshen kontra; oraingoz, ez dute erabakirik hartu, baina, Bruselak esan duenez, Dhakak harrezkero hobetu egin du lankidetza .

Halere, ikusteko dago, hortaz, ea EBko Barne ministroek oniritzia emango dioten Europako Batzordearen planari. Reuters albiste agentziak egunotako bilerako dokumentu bat ikusi du —adierazpen bateratu baten zirriborro moduko bat—, eta horretan zera esaten diete ministroei: «Itzuleretarako EBko sistema komun eta eraginkor bat finkatzea oinarrizko zutabe bat da migrazio eta asilo sistemak ongi funtzionatzeko eta sinesgarriak izateko. [...] Ekintza azkarrak beharrezkoak dira ziurtatzeko itzulera eraginkorrak egingo direla Europako Batasunetik jatorrizko herrialdeetara, EBko politikak palanka modura erabilita».

NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, iaz 160.000 lagun iritsi ziren Europara Mediterraneotik, hori baita bide nagusia Afrikako, Ekialde Hurbileko eta Asia hego-mendebaldeko migratzaileentzat. Horiez gain, Errusiaren Ukrainako inbasioaren ondorioz, beste ia zortzi milioi pertsona lekualdatu ziren Europan.

Otsaileko Europar Kontseilua

EBko estatu kideetako Barne ministroen iritzia edozein dela ere, azken hitza gobernuburu eta estatuburuek izango dute. Eta, horri begira, hainbat bilera daude antolatuta asteotan, erabakigarriena, printzipioz, otsailaren 9 eta 10 arteko Europar Kontseilua izanik.

Politico atariak goi bilera horretako zirriborro bat ikusi du, eta, horren arabera, bilkuraren gairik garrantzitsuenak izango dira migratzaileen itzuleren kopurua handitzea, EBren kanpo mugak «babestea» eta «bisa politiken lerrokatzea»; azken horrek erreferentzia egiten die Balkanetako herrialde batzuetako bisa neurriei, talde komunitarioko estatuetan sartzea ahalbidetzen baitie. Dokumentu horrek, hortaz, ez du aipatzen Austriaren eskaria: blokeko funtsak erabiltzea mugetan hesiak eraikitzeko.

Dena den, baliteke goi bilera horretan erabaki garrantzitsurik ez hartzea, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak gaur esandakoa kontuan harturik. Herrialde horrek hartuko du EBko Kontseiluaren presidentetza uztailaren 1ean —abenduaren 31ra arte—, eta, horretaz, Grande-Marlaskak adierazi du «espero» duela migrazioaren aferaz ados jarriko direla sei hilabeteko agintaldi horretan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Aleksandr Lukaxenko Bielorrusiako presidentea eta Vladimir Putin Errusiakoa, joan den otsailean, Moskun egin zuten bilera batean. ©VLADIMIR ASTAPKOVICH / EFE

Errusiak iragarri du Bielorrusiara hedatuko dituela arma nuklearrak

Gorka Berasategi Otamendi

Arma nuklearrak ez ugaritzeko nazioarteko konpromisoak beteko dituela nabarmendu du Putinek. AEBek egiten dutenaren pareko neurria dela argudiatu du. Biltegi bat izango du prest uztailerako
 ©JOAN CABASES

«Okupazio baten mende luzaro egonez gero, gorrotoa pizten zaizu»

Joan Cabases

Israelen sorrera ahalbidetu zuen gobernuan egon zen Barag. Ondoren, ordea, irauli egin zuen bere bizimodua eta palestinarrei laguntzen hasi zen. 22 urte daramatza horretan, eta argi du «indarkeria eta mendekuak» ez dutela bakerik eramango Ekialde Hurbilera.
Etxebizitzak eta ibilgailuak, tornadoak hondatuta, AEBetako Rolling Fork herrian. ©@JordanHallWX

Tornado batek gutxienez 26 hildako utzi ditu Mississippin eta Alabaman

Gorka Berasategi Otamendi

Dozenaka dira zaurituak, eta gutxienez lau lagun desagertuta daude. Bilaketa eta erreskate taldeak lanean ari dira goiz-goizetik.

Rahul Gandhiren aldeko protesta isila, atzo, Mumbain. ©DIVYAKANT SOLANKI / EFE

Indiako oposizioburuaren aurkako zigorrek lurrikara politikoa eragin dute

Maddi Iztueta Olano

Lehen ministroaren aurkako difamazio iruzkinak egiteagatik, bi urteko espetxealdira kondenatu dute, eta parlamentuko behe ganberatik bota

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...