Sindikatuak
LAB sindikatuak medikuen esklusibotasuna ezabatzeko erabakia kritikatu du
Sindikatuak esklusibotasuna kentzearen ondorioz osasungintza publikoari kalte egingo diola adierazi du Iruñeko elkarretaratzean

Medikuen esklusibotasuna medikuntzaren praktika pribatuari borondatez uko egitean datza, eta, horren truke, hilero osagarri ekonomiko bat kobratzen da. Hala ere, Nafarroako Medikuen Sindikatuak Nafarroako Gobernuarekin hura kentzeko negoziatu du azken urteotan. Negoziazio horiek salatzeko, LABek elkarretaratzea antolatu du gaur Iruñean, eta esklusibotasuna kentzeak osasungintza pribatuaren mesederako dela adierazi dute.
Esklusibotasunaren negozioaren kontra. Osasun Publikoa defendatu pankartarekin batera, Lander Peiro LABeko delegatuak osasun publikoa babesteko beharra azpimarratu du: «Nafarroako Medikuen Sindikatuak proposatzen dituen aldarrikapenak osasungintza pribatuaren mesederako dira, gainerako langileen lan baldintzak okertuz aldi berean. Sindikatu korporatibista eta neoliberal horren helburua Nafarroako osasun sistema publikoa desegitea da». Nafarroako Gobernuaren erabakia ere kritikatu dute sindikatutik, osasungintza pribatuaren interesak babesteko egin duela esanez, publikoaren kaltetan .
Beraz, sindikatua Iruñean mobilizatu da esklusibotasun osagarriari eustea eskatzeko, eta osasun publikoa defendatzeko: «Langileen lan baldintzak hobetzeko neurri errealak berehala abian jartzea nahi dugu», esan du Peirok. Esklusibotasuna kentzeak ondorio «larriak» izango dituela adierazi du delegatuak: lan ordutegiak ez betetzea, baliabide publikoak gaizki erabiltzea, norberaren bezeroei arreta hobea ematea gainerako pazienteei baino, eta kontsulta pribatuetan erabiltzeko osasun zerbitzu publikoetan proba diagnostikoak egitea dira, besteak beste, sindikatuak aipatu dituen ondorioak.
LAB sindikatuak Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileei mehatxu egitea ez duela onartuko esan du: «LABek beharrezkoak diren neurri guztiak planteatuko ditu horri aurre egiteko, dela bakarka, dela klase kontzientzia duten eta osasun zerbitzu publikoak defendatu nahi dituzten guztiekin batera».
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.