Gibelapenezko isuna ezarri diete trenbidea blokeatu zuten 'bakegileei'
Uztailaren 23ko desobedientzia ekintza justifikatu zuten Akizeko epaitegiaren aitzinean. SNCFk 160.000 euroko kalte ordainak eskatzen ditu oraindik.

800 euroko isuna gibelapenarekin. Zigor hori ezarri diete Akize (Okzitania) eta Baiona arteko trenbidea moztu zuten bederatzi bakegileei. Baldintzapeko zigor baten gisakoa da: bost urteko epean maila bereko arau hauste bat egiten ez badute, ez zaie aplikatuko. Uztailaren 23ko blokeatze egunean egin zuten ekintza. Egun hartan, ehunka herritarrek Ipar Euskal Herriko errepide sarea blokeatu zuten, Jakes Esnal eta Ion Parot euskal presoak baldintzapean aske utz zitzatela eskatzeko, eta Frantziako Gobernua gatazkaren konponbide prozesuan urratsak egitera bultzatzeko. Bederatzi ekintzaileak abenduaren 15ean epaitu zituzten, Akizeko Zigor Auzitegian, eta ekintzaren zilegitasuna justifikatu zuten epaitegiaren aitzinean. «Premiazko egoerak» bultzatua izan zela alegatu zuten abokatuek.
Hala ere, auzi prozedura ez da erabat bukatu oraindik. Izan ere, SNCF tren konpainiak parte zibil gisa ezartzea erabaki zuen azkenean, eta egun hartan izandako galerengatik kalte ordainak eskatu ditu. 160.000 euro eskatu dizkie bakegileei, hala nola egun hartan trenek izandako berantagatik bezeroei itzuli behar izan dieten diruagatik. Abenduko auzi saioan, Christophe Deprez abokatuak adierazi zuen SNCFk izandako eragozpenak ez zirela lotuak ekintzarekin. Ekintzak ordubete eskas iraun zuela erran zuen, eta, aitzinetik abisatua izanik, tren konpainia «gai» izan beharko zela hori kudeatzeko: «Lotura frogatu behar da». Uztailaren 3an aztertuko dute auziaren atal hori.
Hori aitzin, otsailaren 2rako dute ondoko hitzordua Bakegileek, beste ekintza bategatik. 11 ekintzaile epaituko dituzte Baionako Zigor Auzitegian, uztailaren 23an autobidea blokeatzeagatik. Horiei babesa erakusteko elkarretaratzea eginen dute egun horretan, 13:00etan, auzitegiaren aitzinean. «Aietetik izan dugun jarrerari segituz, lurralde honetako gizarteak eta eragile ezberdinek bat eginen dugu auzipetuak diren bakegileekin», adierazi dute ohar batean. «Hobengabetuak izan daitezela galdetzen dugu. Izan ere, ekintza hauek zilegi ziren egoera kontuan harturik».
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.