'Aita Mari' ontziari espediente bat ireki diote, ia milioi bat euroko isunekoa
2020an Palermon (Sizilia, Italia) gertatu ziren ekintza batzuen baitakoa da zigorra. Aita Mari-k alegazioak aurkeztuko ditu.

Aita Mari ontziari espediente bat ireki dio Valentziako Itsasoko Kapitaintzak, itsasoko zazpi lege hautsi dituela egotzita. Isun guztiak batuz, orotara, milioi bat euro inguru ordaindu beharko lituzke Itsas Salbamendu Humanitarioaren Elkarteak.
Leporatzen zaizkien lege hausten artean honako hauek daude: ontziko langileen lanorduen eta atsedenen erregistrorik ez izatea; bidaia planik ez izatea; bi salbamendu txalupa berehala eskuragarri ez izatea; tripulazioak ez jakitea zer egin behar den larrialdi kasuetan.
Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundeak alegazioak aurkeztuko dizkio erabakiari, Iñigo Mijangos eta Isa Egiguren Aita Mari-ko kideek jakinarazi dutenez. Hamabost egun dituzte alegazioak aurkezteko. Adierazi dutenaren arabera, jasotako espedientea 2020an Palermon izandako ikuskapenaren ondoriozko «administrazio prozesu arrunt» bati lotuta dago. Italiako Gobernuak erreskateko salbamendu ontziak geldiarazteko egindako «kanpainaren» barruan kokatu dute orduko hartan ontziak ezin itsasoratzea, eta ukatu egin dute arazoa ontzien segurtasunarekin lotuta zegoela. Hala, Italiako Gobernuaren «kanpaina politiko» batekin zerikusia izan zuela salatu dute.
Jakinarazi dute espedientea ireki izanak ez duela zertan oztopatu Aita Mari-k aurki abiatuko duen erreskate misio berria. Valentziako (Espainia) Burriana portutik atera nahi du Mediterranoan erreskate lanak egiteko, eta asteartean ikuskatuko dute ontzia. Mijangosek eta Egigurenek espero dute ontziak arazorik gabe itsasoratzeko modua izatea.
EAJ, azalpen eske
EAJk jada galdegin dio Espainiako Gobernuari zergatik erabaki duten espedientea orain irekitzea. Izan ere, zigorra 2020an Palermon (Sizilia, Italia) gertatu ziren ekintza batzuen baitakoa da. Bertako autoritateek ontzia ikuskatu zuten, eta, espedientearen arabera, «26 hutsune» topatu zituzten: «Horietatik hamabost ontzi ibilgetzeko bezain larriak zirela ondorioztatu zen».
Ikusi gehiago: 'Aita Mari', oraindik geldiarazita
Bi hilabete beranduago hasi zen Espainiako Segurtasun, Kutsadura eta Itsasoko Ikuskatze arloa aztertzen «hutsune» horiek Espainian aplikagarriak ziren ala ez. Ez zuten deus erran 2022 bukaerara arte: joan den abendu hasieran Espainiako Merkataritzako Nabigazioaren Zuzendaritza Nagusiak erran baitzion Valentziako Itsasoko Kapitaintzari espedientea irekitzeko.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.