Ikasbidea ikastetxeak hotzari aurre egiteko konponbide iraunkor bat eskatu du

Azaldu dutenez, arazoak dituzte ikastetxeko galdararekin, baina Eusko Jaurlaritzak esan die ez dutela uda baino lehen konponduko. Salatu dute ikasgeletan hamahiru edo hamalau gradu izan dituztela.

Ikasbidea ikastola, Duran. IREKIA
Irati Urdalleta Lete.
2023ko urtarrilaren 27a
11:54
Entzun

Eguneroko ogia bihurtu da Durako (Araba) Ikasbidea eskola publikoan irakasleak eta ikasleak txanoak, berokiak eta eskularruak jantzita eta mantak hartuta ikustea ikasgeletan eta korridoreetan. Izan ere, azaldu dutenez, galdara arazoak ematen ari da azken urteetan, baina «txaplatak» baino ez dituzte jarri. Horrenbestez, salatu dutenez, ikastetxea berotzeko zailtasunak dituzte. Konponbidea galdegiteko, Eusko Jaurlaritzaren Gasteizko egoitzaren aurrean elkarretaratzea egitekoak dira gaur eguerdian, eta Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Batzarrak ohar bat ere atera du: «Hotzaren aurkako konponbide iraunkor eta duin bat nahi eta merezi dugula esan nahi dugu». Eta Hezkuntza Sailaren «inprobisazioa» ere gaitzetsi asmo dute: «Hezkuntza prozesuko beste gai askotan bezala, Hezkuntza Sailean inprobisazioa izan da nagusi. Hori horrela, azkenaldi honetan ez dugu heziketa prozesua modu egokian garatzeko baldintza duinik izan».

«Muturreko egoera» ez da egun batetik bestera sortutakoa, ordea: «Galdarak arazoak eman ditu azkenengo urteetan, eta egin diren konponketak ez dira inoiz integralak izan, galdarak berotzen jarrai dezan jarritako txaplatak besterik ez dira». Azaldu dutenez, iaz zuzendaritzak esan zuen konpontzea edo aldatzea «lehentasunezkoa» zela, eta hezkuntza ordezkaritzako teknikariek berretsi zuten zuzendaritzaren esana 2022ko urtarrilean egindako txosten batean. Alabaina, oharrean jaso dutenez, Eusko Jaurlaritzak ez zuen lehentasuntzat hartu: «Adierazi zuten 2023ko udara arte ez dutela konponduko, konponketa hau egiteko galdarak itzalita egon behar omen duelako eta hiru aste beharko dituztelako».

Horiek horrela, ikasturte hasieratik antzeman dituzte arazoak: «Ikasturte hasierako egunik hotzenetan nabaritu genuen lehen aldiz tenperatura hotza, baina, zorionez, eguraldia hobetzeak bukaera eman zion muturreko egoerari, eta hotzari aurre egitea lortu genuen». Baina, Gabonetako oporretatik itzulita, egoerak okerrera egin du, eta azken egunetan hotza «jasanezina» izan dela nabarmendu dute: «Gela batzuetan, hamahiru eta hamalau gradu erregistratu ditugu, eta eskolak emateko gutxienekoa hamazazpi da».

Behin-behineko irtenbidea

Adierazi dutenez, oraingoz behin-behineko konponbidea baino ez diete ipini: «Urtarrilaren 25ean, Hezkuntza Saileko teknikari bat izan zen ikastetxean, eta zenbait erabaki hartu omen zituen. Dena dela, arazoa errotik konpondu beharrean, beste txaplata bat jarri zuten: diru laguntza bat eman, berogailu elektrikoak zein haizea berotzeko makinak erosteko eta matxuratuta dauden galdarako erregailuetatik hiru konpontzeko». Zuzendaritzak «egoera bideratzeko egin duen lana» goraipatu dute, eta nabarmendu dute gustura jaso dituztela eskolako tenperatura berotzeko balio dezaketen baliabideak, baina zalantzak sortzen dizkiete behin-behineko neurriek: «Zalantza handiak ditugu ikastetxeko argindar sareak zenbateko tentsioa jasan dezakeen eta ekonomikoki nahiz ingurumenari dagokionez zer eragozpen sortuko dituen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.