Albistea entzun

MEDIKUEN GREBA NAFARROAN

Sindikatu Medikoak atzera bota du gobernuaren proposamena, eta grebari eutsiko dio

Gobernuak eta medikuen elkarte ultrakontserbadoreak akordio baten oinarriak finkatu zituzten atzo, baina gaur sindikatuak «ez-nahikotzat» jo ditu Osasun Departamentuaren eskaintzak. Otsailaren 1etik aurrera greba mugagabera deitu du mediku taldeak.

Maria Txibite lehendakaria eta Santos Indurain Osasun kontseilaria.
Maria Txibite lehendakaria eta Santos Indurain Osasun kontseilaria. JESUS DIGES / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Ion Orzaiz -

2023ko urtarrilak 27

Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak gaur bidali dizkio idatziz bere proposamenak Nafarroako Sindikatu Medikoari, eta elkarte sindikalak «48 orduren buruan» erantzunen zuela adierazi arren, gaur bertan argitu du «ez-nahikoak» iruditzen zaizkiola, eta eutsi egingo diola otsailaren 1etik aurrera deitua duen greba mugagabeari. Hain justu, greba bertan behera uzteko helburua zuen gobernuak proposamenarekin, eta bide batez, gatazkak maiatzeko hauteskunde kanpainan eragitea saihestea.

Helburu horrekin, bilera egin zuten atzo goizean bi aldeek, eta «jarrerak hurbildu» zituztela esan du Santos Indurain kontseilariak: «Zenbait proposamen adostu genituen atzoko bileran, eta zehaztasun eta ñabardura horiek guztiak idatziz igorriko dizkiegu gaur. Funtsean, egin duguna izan da hasieratik planteatzen genuena: proposatu, jarrerak hurbildu eta akordioak lortzen saiatu».

Osasun Departamentuko buruak zehaztu du proposamenetako batzuk direla Sindikatu Medikoak planteatutakoak —besteak beste, medikuei sare pribatuan aritzeko aukera emanen liekeen puntu bat, esklusibotasunagatik jasotzen duten diruari uko egin gabe—, eta beste batzuk, Osasunbideak eginikoak, «osasun sistemari dagozkionak, Lehen Arretaren hobetzeari buruzkoak, batez ere». Indurainen irudiko, proposamen horiek guztiak «asmo handikoak» dira, eta medikuei ez ezik, osasun alorreko kolektibo guztiei ere eragiten diete: «Profesionalen kopurua handitzea, antolakuntza autonomia, lanaren kudeaketa... hori guztia aintzat hartu dugu». Nafarroako Sindikatu Mediko ultrakontserbadoreari ez ezik, proposamenak «foro sindikal eta profesional guztietara» eramanen dituztela gehitu du kontseilariak, besteak beste, administrazioko Mahai Orokorrera.

Sindikatuak, ordea, atzera bota ditu gobernuaren proposamenak. Indurainen departamentuaren «ahalegina» eskertu du, baina gaitzetsi du «presaka, hausnarketa gutxirekin eta kontsentsu gutxiagorekin» aritu izana. Besteak beste, soldata igoera «guztiz ez-nahikotzat» jo du, bai kopurutan, bai epeetan.

Esklusibotasunari dagokionez, sindikatuak adierazi du «anakronismo» bat dela mantentzea. Gobernuak mahai gainean jarri du neurria kentzeko aukera, baina moldaketa horretatik salbuetsita geratuko lirateke Osasunbideko zerbitzuburuak eta zuzendariak, eta sindikatuarentzat «diskriminazioa» litzateke hori. Erantsi du, halaber, esklusibotasuna kentzeak akordio parlamentario bat eskatzen duela: «Eta ez dugu horren bermerik».

Eskubide sozialen gutuna, esklusibotasunaren alde

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, bestalde, agiria argitaratu du osasun langileen esklusibotasunaren auziaz. Erakundeak «osasun negozio pribatuen interesak bultzatzeko apustu» baten barruan kokatu du sendagileen esklusibotasuna kentzeko ahalegina. «Medikuntzaren praktika pribatuari borondatez uko egiten dioten medikuek osagarri ekonomiko bat kobratzen dute hilero, erkidegoaren arabera. Ipar Euskal Herrian, sare publikoko ospitaleetako medikuek debekatuta dute euren interes propioak edo besteren kontura euren independentzia arriskuan jar dezakeen interesik izatea, bereziki kontsulta partikular bat izatea; ez dago baimenduta mediku sozietate pribatu batean aritzea, eta funtzionarioen antzeko lan baldintzak ditu».

Horregatik, esklusibotasuna kentzeko eskaera «medikuen erreklamazio korporatiboa» eta «izaera ekonomikokoa» dela gaineratu du eskubide sozialen gutunak. «Ospitaleko medikuen gutxiengoari eta sistema publikoko giza baliabideak eta baliabide materialak parasitatzen dituzten aseguru etxe, klinika eta bestelako osasun negozio pribatuei laguntzen die».

Neurri hori aldarrikatu duen Sindikatu Medikoa ere kritikatu du erakundeak: «Ez da inoiz agertu UPNk eta PSNk Nafarroako osasunean egindako murrizketen aurka. Beraz, argi uzten dute euren irabaziaren aldeko apustua egin dutela, ez osasun arloko inbertsioa handitzearen aldekoa». Are: osasun negozio pribatuak «jarduera bizkarroiak» direla eta sare publikoa «hondatzen» dutela azpimarratu du Eskubide Sozialen Kartak: «Kostuak eta itxaron zerrendak handitzen dituzte, osasun sistema publikoan jarduera nahita murrizten delako. Arretaren kalitatea okertzen da, aseguru bat ordaintzen edo faktura handiagoari aurre egiten ahal dioten herritarrak osasun pribatura bideratzeko».

Azken bi urteotan, osasun zerbitzu publikoen degradazioa «etenik gabea» izan dela gaineratu du erakundeak oharrean, Hegoaldeko herrialde guztietan: «%50 inguruko bitartekotasun tasak, langileen erosteko ahalmena etengabe galtzea (%16 inguru), profesionalek sektore pribatutik nahiz atzerritik ihes egitea, inbertsiorik eza eta abar». Horrez gain, «Osakidetzako eta Osasunbideko hainbat zerbitzu pribatizatu» direla nabarmendu dute; «hala nola garbiketa, sukaldeak, anbulantziak eta beste». Hori ikusirik, «zerbitzu publikoen eta kalitatekoen alde egin dute» egin dute, horiek «guztiontzako bizi baldintza hobeak ahalbidetzen» dituzten neurrian.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©IDOIA ZABALETA / FOKU

«Erabilera da orain benetan indartu behar dugun esparrua»

Arantxa Iraola

UEMA handitzen ikusi du Lazkanok han kargua hartu zuenetik, harro: gainditzear dute ehun herriren langa. Kontrara, datuek erakusten dute, eta kaleetan ere sentitzen da, hiztun komunitateen trinkotasun galera.
Aralarren elkartu ziren hainbat lagun, gasbidearen aurka. ©ARALAR ZAINDU DEZAGUN

Makinak martxan ez jartzeko

Edurne Elizondo

Aralar Zaindu Dezagun plataformak manifestaziora deitu du Lekunberrin (Nafarroa), Nedgya enpresak Aralarko Babes Bereziko Eremuan egin nahi duen gasbide proiektua salatzeko.

German Rodriguez gogoratzeko plaka lehen lerroan, eta orotarria atzerago, 40. urteurreneko lore eskaintzan. / ©Foku

German Rodriguezen oroitarriko plakari eraso egin diote

Jon Ordoñez Garmendia - Ion Orzaiz

Sanferminak 78 gogoan elkarteak gogoratu du Memoria Leku dela oroitarria eta legeak agintzen duen modura jokatzeko eskatu die erakundeei.

Gurutze Gorria izurdearen gorpua uretatik ateratzen, atzo, Getariako (Gipuzkoa) Malkorbe hondartzan. ©Gipuzkoako Gurutze Gorria

Izurde bat hilda topatu dute Getarian

Berria

Bi metro inguru neurtzen zituen, eta ikertu egingo dituzte heriotzaren zergatiak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...