Israel - Palestina
Pertsona batek gutxienez zazpi lagun hil ditu, Jerusalem ekialdeko sinagoga batean
Ustezko erasotzaileak beste hamar pertsona ere zauritu ditu. Israelgo armadak erasoaren ustezko egilea hil du. Hamasek ekintza goratu du, baina ez du bere gain hartu. Gazatik bost suziri jaurti dituzte Israelera, eta Israelek Gaza bonbardatu du.

Israelgo Poliziak jakinarazi duenez, pertsona batek gutxienez bost lagun hil ditu, tiroz, Jerusalem ekialdeko sinagoga baten aurka egindako erasoan. Horrez gain, beste hamar lagun zauritu ditu, eta horietatik sei larri ospitaleratu dituzte. Ustezko erasotzailea eremutik ihes egiten saiatu da, baina Israelgo Poliziak jakinarazi du hil egin duela, tiroz.
Jerusalem ekialde okupatuko Neve Yaakov auzoan jazo da erasoa, eta ustezko egileak auto batetik israeldar talde baten aurka tiro egin du. Israelgo Irrati Hedapen Publikoko Korporazioaren (KAN) eta Jerusalem Post egunkariaren arabera, zortzi pertsona erail ditu. Poliziak eraso «terroristatzat» jo du gertatutakoa.
Erasoaren ostean, Hamas Palestinako organizazio politiko islamistak sinagogaren aurka egindako ekintza goratu du meskitetako bozgorailuetatik, erasoa bere gain hartu gabe.
Bien bitartean, Israelen eta Palestinako milizien arteko erasoak areagotu egin dira, atzo Zisjordania okupatuko errefuxiatuen kanpamentu batean Israelgo armadak hamar palestinar hil ostean. Palestinako milizien erantzuna gaur goizaldean iritsi da: Gazatik zenbait suziri jaurti dituzte Israelgo lurraldera, baina ez dute biktimarik eragin. Israelgo armadak Hamas Palestinako antolakunde politiko islamistari egotzi dio erasoaren erantzukizuna —Hamasek du Gazaren kontrola—. Suziri jaurtiketaren ostean, Israelgo armadak Gaza bonbardatu du. Israelen arabera, Hamasek erabiltzen duen base militar bati egin diote eraso, inor zauritu gabe.
Aireko erasoak Gazan hasi dira, goizaldean, Palestinako miliziek bost suziri jaurti dituztenean Israelera. Horietatik hiru Israelen aireko defentsa sistemak atzeman ditu, beste bat biztanlerik gabeko eremu batean erori da, eta, bosgarrena, Gazan. Israelgo armadak berehala adierazi du Gazako zerrendatik abiatutako eraso guztien erantzulea Hamas dela, eta ohartarazi du «ondorioak» jasango dituela «Israelen kontra segurtasuna bortxatzeagatik».
Yoav Gallant Israelgo Gobernuko Defentsa ministroak armadari agindu dio «ekintzarako prest» egoteko. Handik gutxira, Israelgo armadaren hegazkinak Gazara joan dira, eta bonbardatu egin dute. Sheikh Saleh al-Arouri Hamaseko buruzagiak esan du «Gazako erresistentzia» ez dagoela Zisjordanian gertatzen ari denetik «aparte».
Zisjordania okupatuko indarkeria areagotzen ari da iaztik. Iaz, 170 palestinar hil zituzten Israelgo militarrek lur okupatuan; horietako batzuk milizianoak ziren, baina beste asko ez. 2006an Bigarren Intifada amaitu zenetik izandako urterik odoltsuena izan zen iazkoa. Aurten, gutxienez 30 palestinar hil ditu Israelgo armadak Zisjordanian.
Atzoko eguna azkenaldiko bortitzena izan zen. Gutxienez hamar palestinar hil zituzten Israelgo militarrek, Zisjordania iparraldeko Jenin hirian egindako sarekada batean eta Jerusalem ekialdean egindako erasoan. Palestinako Osasun Ministerioak iragarritakoaren arabera, beste hogei lagun inguru ere zauritu zituzten; horietatik lau, larri.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.