Politika
GKSk manifestazio jendetsuak egin ditu Bilbon eta Iruñean
'Enpresarien eta agintarien erasoaldiaren aurrean, gazte langileok borrokara!' lelopean, langileak «subjektu politiko independente» moduan egituratzera deitu du Gazte Koordinakunde Sozialistak

Manifestazio jendetsuak egin ditu gaur arratsaldean GKS Gazte Koordinakunde Sozialistak Bilbon eta Iruñean: milaka gazte batu dira bi hiriburuetan Burgesiaren ofentsibaren aurrean, gazte langileok borrokara! lelora. Mobilizazioan aldarri ugari entzun ahal izan dira, ozen. Borrokarako deia egin dute: «Borroka da bide bakarra». Antolaketarako: «Gazte langile, antolatu». Iraultzarako: «Gora iraultza sozialista».
Bilbon, bandera gorriak eskuan hartuta ibili dute Kale Nagusi osoa, erosketetan zebiltzan herritarrei afixak banatzen. Ertzaintzaren begiradapean egin dute manifestazioa: istiluen aurkako bost furgoneta aritu dira gutxienez. Hain justu, azken asteetako jazarpen poliziala salatuz hasi dute mintzaldia Udaletxe aurrean: «Hamarnaka militante identifikatu dituzte manifestaziora begirako lan politikoa egiteagatik. Argi dago eskubideak eta demokrazia ez direla denontzat berdinak».
Egungo «errealitate prekarioa» geratzeko etorri dela ohartarazi dute. «Bankariak eta enpresari handiak» jo dituzte langileen pobretzearen errudun: «soldaten balioa jaistea, aurrezkiak ezabatzea eta bizimodua okertzea» egotzi diete, eta gogora ekarri dute energia eta armagintza enpresek edo supermerkatu kate handiek irabaziak areagotu dituztela. «Beharrezkoa da enpresari handiei benetan aurre egingo dien langileen alternatiba eraikitzea».
«Politikari profesionalak», berriz, bankuen eta enpresen mendekoak direla salatu dute: «Haien funtzioa da bankariek eta enpresari handiek ezarri diguten miseria kudeatzea, oligarkia finantzarioaren eta Europako Batasunaren aginduen menpe». Baina argitu dute mobilizazioen helburua ez dela instituzioei edo alderdiei presioa egitea: «Gure mezua langileentzat da: subjektu politiko independente gisa gorpuztu behar dugu». Hala, estatu sozialistaren beharra nabarmendu dute, eta bide horretan, «tresna propioak» sortzeko konpromisoa hartu dute GKSko kideek.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.