HEZKUNTZA

Nafarroak batxilergoko ituna eten die ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzten ikastetxeei

Hezkuntza Departamentuaren esanetan, Opus Deiren bi eskolek, Miravalles-Redinek eta Irabia-Izagak, «ez dituzte betetzen itunerako baldintzak»

Miravalles-Redin ikastetxe, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2023ko urtarrilaren 30a
10:50
Entzun

Irailetik aurrera, Nafarroako Gobernuak ez ditu diru publikoekin finantzatuko batxilergoko ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzten ikastetxe pribatuak. Gaur jakinarazi die Irabia-Izaga eta Miravalles-Redin ikastetxeei —Opus Deirenak biak ala biak— bertan behera utzi duela finantzaketa ituna, «ikasleak segregatzen dituzten heinean, ez dituztelako itunaren baldintzak betetzen». Erabaki horrek batxilergoko zikloari eragiten dio soilik. Lehen Hezkuntzan eta DBHn, segregazio mota hori bukatzeko akordio bat sinatua dute gobernuak eta ikastetxeek, lehen mailatik hasita ikasleak «era progresiboan» nahasteko. Hala, 2021-2022ko ikasturtean, maila bakarrean eskaini zituzten ikasgela mistoak; aurten, berriz, bitan: LHko 1. eta 2. mailetan, hain zuzen. Hezkuntza Departamentuak 2026-2027ko ikasturtea jarria du epemugatzat ikastetxe horietan sexu bereizketa erabat bukatzeko.

Batxilergoan, baina, ez dago konpromisoak mailaka betetzeko aukerarik, ez baita derrigorrezko etapa bat. Ituna ere ezin da luzatu: LOMLOE Espainiako hezkuntza legea indarrean sartu zenetik, ikastetxeek ezin dute bereizketarik ezarri batxilergoko ikasleen artean.

Ituna eteteko prozesuak luze jo du: irailean, bi ikastetxe horiek legea urratzen ari zirela frogatutzat jo arren, alegazioak aurkezteko epea zabaldu zuen Hezkuntza Departamentuak. Opuseko bi zentroek hainbat alegazio aurkeztu zituzten, eta, gobernuak jakinarazi duenez, atzera bota dituzte denak. Hala ere, finantzaketa publikoa ez dute berehalakoan etengo: 2023ko abuztuaren 31tik aurrera utziko dute bertan behera, departamentuak ohar bidez argudiatu duenez, «2022-2023ko ikasturteko ikasleei kalterik ez eragiteko».

Lau hilabeteko prozesua

Iazko irailean, Hezkuntza Departamentuko ikuskaritza zerbitzuak salatu zuen Miravalles-Redin eta Irabia-Izaga itunpeko zentroak ez zirela LOMLOE legea betetzen ari «Batxilergoari dagokionez». Izan ere, Espainiako hezkuntza legean ezarria dago ikasleak sexuaren arabera banatzen dituzten ikastetxeek ezin dutela diru publikorik jaso. 2020ko abenduan onartu zen araua, baina, praktikan, ez da ezer aldatu orain arte, eta Nafarroako bi eskola segregatzaileei ituna berritu diete urtero.

Lehen Hezkuntzan sexu bereizkeria «era mailakatuan» bukatzeko hitzarmena sinatu zuten gobernuak eta ikastetxe horietako zuzendaritzek, finantzaketa ituna berritzeko baldintza gisara. Batxilergoan, baina, egoera ezberdina da. Hezkuntza Departamentuak uste du ziklo horretan hezkuntza mistoa eskaini beharko litzatekeela ikastetxe guztietan, salbuespenik gabe. Ikuskaritza zerbitzuak ebatzi zuen gaur egun ez dela halakorik gertatzen Miravalles-Redin eta Irabia-Izaga ikastetxe pribatuetan, eta hori «ituna bertan behera uzteko motibo» dela ebatzi du Hezkuntza Departamentuak.

Erabakiari babesa

Oro har, alderdi politikoek bat egin dute Nafarroako Gobernuaren erabakiarekin; Navarra Suma soilik agertu da kritiko. Carlos Perez-Nievas parlamentariak esan du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak oraindik ez duela erabakirik hartu halako itunen inguruan, eta nabamendu du zenbait sententziatan legezkoak direla ebatzi dutela. Gainera, haren hitzetan, Nafarroan arazorik eman ez duen hezkuntza eredu bat da. Hortaz: «Kontu politikoa da bereziki, inposizio bat».

EH Bilduko parlamentari Adolfo Araizek, berriz, gogoratu du joan den astean galdetu zutela auziaz eta orain iritsi dela erabakia: «Gobernuak ez zeukan itun hauek amaitzea beste aukerarik». Dena dela, luzamendutan aritu izana egotzi dio, ez duelako ikasturte honetan eraginik izango. Geroa Baiko bozeramaile Uxue Barkosek ziurtatu du erabakiak bat egiten duela bere alderdiak defendatu izan duenarekin, «legezkotasuna betetzearekin». Gaineratu du bi eskolek ez dutela legezkotasun hori errespetatu. PSNren Nafarroako Parlamentuko bozeramaile Ramon Alzorrizek positibotzat jo du berria: «30 urteren ostean, amaitu dira sexuaren arabera segregatzen duten ikastetxeen itunak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.