Albistea entzun

ETB

Miren Nogales izango da 'Herri txiki, infernu handi' saioko aurkezle berria

Igandean hasiko da ETB1 'Herri txiki, infernu handi' saioaren bederatzigarren denboraldia ematen. Nogalesen estreinaldia Belauntzan izango da (Gipuzkoa).

Mikel Pagadi eta Miren Nogales
Mikel Pagadi eta Miren Nogales Orio Produkzioak Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2023ko urtarrilak 30

Los Angelesko (AEBak) muino batean esan zuen agur atzo gauean Zuhaitz Gurrutxagak Herri txiki, Amerika handi programaren azken atalaren bukaeran. Pentsakor gelditu zen Mikel Pagadi, eta hara non, emakume gazte bat agertu zen. Hasi ziren solasean, eta Pagadik berehala egin zion proposamena Herri txiki, infernu handi aurkezteko. Miren Nogales (Zestoa, Gipuzkoa, 1991) izango da saio horretako aurkezle berria. Igande honetatik aurrera emango du ETB1ek bederatzigarren denboraldia.

Nogales aktorea da. Arte Dramatikoak ikasi zituen, Madrilen. Hiri horretan, askotariko lanak egin zituen, antzerkiarekin batera. Herri txiki, infernu handi ikustea gogoko izaten zuen. «Plana izaten zen aje pixka batekin burrito batzuk afaltzea, Herri txiki ikusi bitartean».

Hautaprobetara aurkeztu zenean, «jolas baten moduan» hartu zuen Nogalesek. «Ez nekien ondo zertan sartzen ari nintzen, baina ilusioa banuen». Proba Astigarragan (Gipuzkoa) egin zuen, Rambo ezizena duen gizon batekin eta haren familiarekin. «Primeran pasatu nuen. Gero, Zestoako taberna batean nintzen lagun batekin zerbait hartzen, eta dei bat jaso nuen. Etxera joan eta saiorako hartu nindutela jakitean, oihuka hasi nintzen. Ama eta biok pasilloan builaka aritu ginen, Operación Triunfo saioan kantari bat hautatzen dutenean bezala».

Belauntzan (Gipuzkoa) ibiliko da denboraldiko lehen atalean Nogales, Pagadirekin batera. «Lehen grabaketak espero baino hobeto joan dira. Nire gorabehera emozionalekin ibili naiz; presio handia da Gurrutxaga bezalako aurkezle bat ordezkatzea, hain maitatua dena...». Baina aurkezle berria pozik dago lantaldearekin. «Pilo bat ari zaizkit laguntzen».

Orain arte zailena zer egiten ari zaion galdetuta, zera erantzun du Nogalesek: «Neure burua hor ikustea. Orain arte, grabatzen aritu naiz, baina ez dut neure burua ikusi. Zaila egiten zait sinestea baietz, hasi naizela horretan». Zailtasunak badaudela aitortu du: «Erritmoa hartu behar da, umorea egiten ari gara; elkarrizketak umorez egitea ez da erraza. Etxetik errazago ikusten da».

Nogalesek beste umore mota bat egin izan du. Madrilen hainbat antzezlanetan aritu zen. Euskal Herrian, Pikuak websailean parte hartu zuen. «Gidoi bat duen komedia egin dut orain arte, baina orain adin desberdinetako elkarrizketak egitea beste kontu bat da. Zuk ere barregarria izan behar duzu elkarrizketatan, eta kostatzen ari zait». Hala ere, aitortu du lantaldekoak «izugarrizko pazientzia» izaten ari direla berarekin. «Gonbidatuek ere ulertzen naute. Esaten diet: ‘Ni berria naiz’ [barrez hasi da]».

Gurrutxagak zortzi urte egin ditu aurkezle saioan, 2015eko urtarriletik atzo gauera arte. Nogalesek ere nahiko luke luzaroan saioan aritu. «Orain arte bezala bada, bai, behintzat. Nire etapa berriaren hasiera da hau. Lan oso polita da. Jendeak gustura hartzen du gu haien herrira joatea».

Sebastian Lizaso bertsolariarekin ere ondo ari da konpontzen Nogales. «Ez dakit harekin batera bertsotan arituko nintzatekeen, baina Sebastianek idatzitako bertso bat gustura kantatuko nuke. Hori egingo dugu, noizbait». Ostegun gauetan grabatzen dute oholtza gaineko emanaldia herri bakoitzean. «Esker onekoa izaten da gau hori. Primeran pasatzen dugu; barre asko egiten dut».

Bederatzigarren sasoia
Igandean hasiko da, beraz, Herri txiki, infernu handi-ren bederatzigarren denboraldia. Eta Pagadi ere «pozik» dago. «Nogalesek asko balio du; ondo egokitu da, eta tonu polita hartzen ari da». Aurkezle beteranoaren arabera, beldurrez ere iritsi da Zestoako aktorea. «Normala da: ni ere beldurrez hasiko nintzateke. Baina dohaina badu, eta oso azkarra da. Espero dut jendeari gustatzea».

Pagadirentzat, bestalde, AEBetako esperientzia ederra izan da, eta gustura joango litzateke diasporako beste euskaldun batzuk ezagutzera. «Argentinara edo Hong Kongera joango nintzateke, baina aurrekontua baldin badago, noski».
Bere burua indarrez ikusten du beste zortzi urte saioan egiteko: «Indarrez, bai, behintzat. Lan gogorra da, baina esker onekoa. Aitona-amonen maitasuna sari ona izaten da». Euskaraz ez dakien jendeak ere agurtzen duela sentitu du. «Eta ilusioa egiten du. Ojo al kristo! ere komentatzen digute».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Eneko Sagardoi aktorea ©Oskar Matxin / Foku

Eneko Sagardoi Roland Emmerichen telesail batean ari da lanean

Urtzi Urkizu

Gladiadoreen gaineko telesail bat da: Those about to Die. Ekoizpen erraldoi bat da eta Erromako Cinecitta estudioetan ari dira grabatzen. «Sinestea kostatzen zait oraindik», esan dio BERRIAri Sagardoik.

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Kultura parte-hartzaileak dira bide eraldatzaileak»

Urtzi Urkizu

Historialaria da Aierdi. Aniztasuna eta generoa lantzen ditu formakuntza saioetan, hezkuntzan zein erakunde eta enpresetan. «Bizipenei balioa eman, eta horietatik abiatzen gara eraldaketarako».
Ataungo Barandiaran museoan elkartutako emakumeak, atzo. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Lihoaren txirikordak

Enekoitz Telleria Sarriegi

Makrame ikastaro berezia egin dute Ataungo Barandiaran museoan, lihoa erabiliz. Landare hori zuntz bihurtu arteko prozesuaren eta Euskal Herrian izan duen garrantziaren berri izan dute.

 ©GORKA RUBIO / @FOKU

«Ez gara gelditzen; gu oraindik hor gaude, lehen lerroan»

Ane Insausti Barandiaran

Lasarteko emakumezkoen lehen saskibaloi taldeko kidea izan zen Zumeta, eta han sortu zen Urrezko Neskak taldea. Geroztik, ikuskizun ugari egiten dituzte elkarrekin. Ibilketa nordikoan eta abesbatzan ere aritzen da: «Ez gara etxean egotekoak».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.