MEDIKUEN GREBA NAFARROAN
Soldatak igotzea, lan karga arintzea eta sare publikoan aritzeko osagarriak izatea eskaini die Osasunbideak medikuei
Osasun Departamentuaren azken eskaintzaren arabera, esklusibotasuna kenduta ere sendagileak ezinen dira sare publikoan eta pribatuan aldi berean jardun

«Asmo handikoa», «sendoa», «aurrekontuetan eragin handia izanen duena»... Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak beste eskaintza bat egin die otsailaren 1ean greba mugagabea hastekoak diren medikuei. Osasun Departamentuko zuzendari nagusi Carlos Artundok, Osasunbideko zuzendari kudeatzaile Gregorio Atxutegik eta erakundeko profesionalen zuzendari Pedro Ardaizek agerraldia egin dute gaur eguerdian, Nafarroako Sindikatu Medikoari helarazi dioten azken proposamenaren berri emateko.
Hiru ardatz ditu eskaintzak: soldatak igotzea —bai soldata oinarria, bai aparteko orduak—, lan karga arintzea eta esklusibitatea kentzea, baina «sare publikoan eta pribatuan aritzeko bateraezintasuna» ezarrita. «Badakigu Nafarroako medikuak desabantailan direla beste erkidego batzuetako profesionalekin alderatuta. Medikuak baliabide eskasa dira, ezinbestekoak eta formakuntza luzea behar dutenak. Horregatik, ezin gara atzean gelditu. Nafarroak lehiakor izan behar du mediku gazteak erakartzeko garaian», azaldu du Artundok.
Proposamenaren gakoak
SOLDATA OINARRIA: Medikuen oinarrizko soldata igotzeko konpromisoa hartu du Osasunbideak. Ospitaleetako medikuen igoera hilean 406 eurokoa izanen da. Lehen arretako medikuena, berriz, 389 eurokoa.
GUARDIAK: Medikuek legez egin behar dituzten aparteko orduak dira guardiak —ez dira hautazkoak—, eta horien konpentsazio ekonomikoa hobetzea proposatu dute Osasunbideko buruek: %10eko igoera.
LAN KARGAK MURRIZTEA: Sendagileek pairatzen duten lan gainkarga arintzeko, gehienezko paziente kopurua murriztuko dute: egunean 32 gehienez, eta paziente bakoitzari 12 minutuko kontsulta bermatuta.
ESKLUSIBOTASUNA: Jardun esklusiboaren betekizuna kentzea onartu du Osasunbideak, baina «bateraezintasunari» buruzko klausula bat gehituta: sendagileei aukera emanen zaie lanetik kanpo beste jarduera profesional batzuk egiteko, soilik sare publikoan duten espezialitatearekin zerikusirik ez badute: kontsulta pribatua jarri nahi dutenek uko egin beharko diote esklusibotasun sariari. Zerbitzuburuak eta zuzendariak ezinen dira sare publikoan eta pribatuan aldi berean jardun.
Elkarretaratzea, bihar
Nafarroako Sindikatu Medikoak agerraldia egin du gaur, otsailaren 1etik aurrera egitekoa den greba mugagabearen eta Nafarroako Gobernuarekin zabalik duen negoziazio prozesuaren berri emateko. Zehazki, sendagileen «lan gainkarga» izan dute hizpide, sindikatu kontserbadorearen irudiko arazo hori konpontzea «ezinbestekoa» baita greba bertan behera uzteko. Are: lan ikuskaritzako zerbitzuan salaketa aurkeztu dute gainkarga horregatik. Sindikatuko idazkari nagusi Alberto Perezek salatu du Nafarroako Osasun Departamentuak orain arte helarazi dizkien proposamenak ez direla «ez berehalakoak, ezta nahikoak ere».
Sindikatu Medikoak jakinarazi du, gainera, bihar 18:00etan elkarretaratzea eginen dutela Iruñeko Sarasate pasealekuan, lan gainkarga salatzeko: «Medikuen eskasiaren ondorioz, osasun zentroetako lanak gainezka egiten du sarritan, eta lankide askok arratsaldez ere gelditu behar dute ia egunero, eta gainkarga horrekin ere, ezin dira pazienteen beharrak bete».
Biharko protestarekin, sindikatuak nahi du «gobernuak kontzientzia hartzea auzi honen gainean, bai egungo gobernuak, bai hurrengoak». Zehazki, beharrak «langile kopuruari eta aurrekontuari» dagozkiela gaineratu dute: «Ezinbestekoa da lantalde eta prestazio maila egokia berreskuratzea».
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.