Albistea entzun

Indarkeria matxista

Sexu askatasunaren legea aldatzeko proposamen bat aurkeztuko du PSOEk Espainiako Kongresuan

'Soilik baietz da baietz' legearen aurreko zigorrak berreskuratu nahi ditu Espainiako Justizia Ministerioak, baina Berdintasun Ministerioko iturriek zehaztu dute erreforma batek ez dituela geldiaraziko kondena berrazterketak, eta legea ondo aplikatzean dagoela giltza; horretarako, «premiazko» neurri sorta bat proposatu du.

Pilar Alegria PSOEko eledun eta Hezkuntza ministroa, gaurko agerraldian.
Pilar Alegria PSOEko eledun eta Hezkuntza ministroa, gaurko agerraldian. FERNANDO ALVARADO / Efe Tamaina handiagoan ikusi

Maite Asensio Lozano -

2023ko urtarrilak 30

Nahasmena sortu da berriro soilik baietz da baietz legearen inguruan. Iazko urrian indarrean sartu zenetik, nahi gabeko ondorio bat ekarri du Sexu Askatasunaren Berme Integralerako Espainiako Lege Organikoak: dozenaka sexu erasotzaileren zigorrak berraztertu dira, eta horietako batzuk, murriztu. Espainiako Gobernua kezkatuta dago gaiarekin, eta bertako iturriek asteburuan iragarri dute legea aldatu egingo dutela. Halere, Berdintasun Ministerioak ez du uste araua aldatzeak arazoa konponduko lukeenik, uste baitu legearen aplikazioan dagoela akatsa: «Erreforma penal batek ez ditu geldiaraziko kondena berrazterketak, zuzenbide iragankorra oker aplikatzearen ondorio baitira». PSOE, ordea, aurreratu egin da: legea aldatzeko proposamen bat aurkeztuko du Espainiako Kongresuan, Pilar Alegria Hezkuntza ministroak gaur eguerdian jakinarazi duenez.

Zigorren ikuspegitik, sexu abusu eta eraso delituen bereizketa ezabatzea izan zen legearen aldaketa nagusietako bat: gaur egun, erasoak dira emakumeen sexu askatasunaren aurkako jardun guztiak. Horrek berekin ekarri du zigor tarteak zabalagoak izatea, eta epaileek ere interpretazio tarte zabala izatea delituen ezaugarrien bueltan. Beraz, kondena berraztertzeko eskarien bidez, delituak dakarren gutxieneko zigorra galdegiten ari dira hainbat erasotzaile. Adituek nabarmendu dutenez, horretarako eskubidea dute: presoarentzat onuragarrien den legedia aplikatzea «oinarrizko printzipioa» da.

Azken hilabeteetako kritiken eta kexuen ondoren, Espainiako Gobernuak esan du legea aldatuko duela, baina ez du zehaztu nola; izan ere, hori da korapilo handienetako bat: «Egoera konplexua da ikuspegi teknikotik», azaldu du Moncloak asteburuan. Justizia Ministerioko iturriek gaur goizean Efe berri agentziari aitortu diote ez dutela zirriborrorik, baina bai planteamendu bat: legearen aurreko Zigor Kodean ageri ziren zigorretara itzultzea. Hots: urte bateko eta bost urte arteko espetxealdia indarkeria edo larderia erabiliz egindako erasoetan, edo biktimak borondatea ezeztatua duenean; sei eta hamabi urte arteko kondena sarketarik badago; eta larrigarriak kontuan hartuta, zigorrak 5-10 urtera iritsi litezke sarketarik ez dagoen kasuetan, eta 12-25 urtera sarketa dagoenetan.

Legea aldatu ala egoki aplikatu?

Eguerdian, ordea, Alegriak egin du iragarpena —PSOEren eleduna ere bada—: lege proposamen bat aurkeztekoak dira sozialistak. Sexu erasotzaileen zigorrak handitu nahi dituzte, baina emakumeen onespenari buruzko artikulua aldatu gabe. Oraingoz, xehetasun gehiagorik ez du eman, baina adierazi du «ahalik eta azkarren» eduki nahi dutela prest, eta Unidas Podemosekin «batera» erregistratu nahi luketela, baina adostasunik ez bada aurrera jarraituko dutela euren asmoarekin.

Printzipioz, gobernuko beste kidea ez dator guztiz bat legea moldatzearekin. Moncloaren arabera gaiaren inguruko «erabateko sintonia» dagoen arren, Podemoseko kideak kexaka aritu dira asteburuan, eta gaur ere Isa Serra bozeramaileak ez du ontzat jo Justizia Ministerioaren proposamena —lege proposamenaren berri izan baino lehen egindako adierazpenetan—, atzerapausoa ekarriko lukeelakoan, «indarkeria eta larderia egon dadila eskatzen den unetik». Serrak berretsi du «eskuin politiko, judizial eta mediatikoa» erasoan dabilela «koalizio gobernuaren aurka»: «PP aprobetxatzen ari da epaileak ez direla legea aplikatzen ari. Aurreko eredua berreskuratu nahi dute, zeinetan biktimari exijitzen zitzaion aurre egin izana sexu eraso bat jasan duela aitortzeko».

Izan ere, emakumearen onespenaren ideia txertatuz, legeak «paradigma aldaketa bat» ekarri zuela nabarmendu izan du Berdintasun Ministerioak, eta, orain, hori galtzearen beldur dira. Are gehiago PPk PSOEri egindako eskaintzaren ostean: Kongresuko bozeramaile Cuca Gamarrak jada eskua luzatu die sozialistei, legea aldatzeko Unidas Podemosen botoen beharrik ez izateko. Edonola ere, Felix Bolaños Presidentzia ministroak ziurtatu du onespenak arauaren «erdigunean» jarraituko duela.

Lege aldaketaren ordez, plan bat

Berdintasun Ministerioak beste bide batetik jo du gaur, eta «premiazko» neurri sorta bat proposatu du soilik baietz da baietz legea «egoki» inplementatzeko. Besteak beste, jarduera hauek jaso ditu planean: emakumeen aurkako indarkeriaren epaitegi bereziak bikoiztea eta haien eskumenak sexu askatasunaren aurkako delituen alorrera ere hedatzea; biktimei doako laguntza juridikoa bermatzea; azterketa forentserako unitateak indartzea; trebakuntza espezializatua ematea justizia, barne, hezkuntza eta osasun administrazioetan; sexu indarkeriaren biktimentzako laguntzak martxan jartzea; osasun sisteman psikologia eta psikiatria zerbitzu espezializatuak sortzea; edota andreen babesean aritzen diren poliziak gehitzea.

Izan ere, ministerioko iturriek adierazi dute lege aldaketa batek ez dituela desagerraraziko kondena berrazterketak, haien ustez legearen aplikazio egokian baitago giltza. Irene Montero Berdintasun ministroak ere ez zuen lege aldaketarik aipatu atzo Kanaria Uharteetan eginiko ekitaldi politikoan, eta epaileei buruzko adierazpenak leundu egin zituen: gehienak legea ondo aplikatzen ari direla baieztatu zuen, baina «gutxi batzuek» erabaki dutela zigorrak murriztea. Gogora ekarri zuen, halaber, antzeko zerbait gertatu zela 2004an, genero indarkeriari buruzko legea abian jarri zenean: «Trantsizio prozesu luze bat egon zen, botere judizialak legea aurrerapen demokratikotzat onartu zuen arte. Epaitegiek konstituzio kontrakotasuneko ia berrehun auzi aurkeztu zituzten: prozedurak geldiarazten zituzten, esanez ez zekitela legea konstituzioarekin bat al zetorren. Orduan gertatu zen, eta orain berriro gertatzen ari da, zoritxarrez eskubide feministak aurrera ateratzeak pedagogia asko eskatzen duelako».

Biktima izan diren emakumeentzako arreta zerbitzua

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Mugimendu feministak deitutako elkarretaratzea, atzo, Gasteizen. ©ARGAZKILARIA

Ertzaintzak urtarriletik zekien bikotekideak urruntze agindua urratzen zuela

Edurne Begiristain Arantxa Iraola

Erkorekak esan du Ertzaintza maiatzaren 18tik ari zela biktimak zenbateko arriskua zuen «aztertzen». Mugimendu feministak «neurri integralak» galdegin ditu
EHUren fakultate bat, artxiboko irudian ©Jaizki Fontaneda / FOKU

Eusko Jaurlaritzak %16 handituko du unibertsitateen finantzaketa

Irati Urdalleta Lete

Eusko Jaurlaritzak zuzenean 1.642,4 milioi euro emango dizkie EHUri, Deustuko Unibertsitateari eta Mondragon Unibertsitateari. Agerraldian ez dute argitu unibertsitate bakoitzak zenbat jasoko duen.

Apirilaren amaieran Ankerkeriari Stop plataformak egindako mobilizazioa, Gasteizen. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

«Anakronismoa eta krudelkeria» salatzeko, kalera irtetera deitu dute

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Ankerkeriari Stop plataformak «agerraldi masibo bat» egingo du igandean Amurrion, Barbadori eta Zelaiari elkartasuna erakusteko
Suhiltzaile batzuk, artxiboko irudi batean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Oposizioak euskaraz egiteko aukerarik ez die eskaini Arkautik suhiltzaileei

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Arartekoak ebatzi du oposizioetako partaideen hizkuntza eskubideak «urratu» zituztela, eta ELA sindikatuak auzi eske bat jarri du epaitegietan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...