Osasun sistema
Donostia ospitaleko zerbitzuburuek protestan segituko dute negoziazioa «bideratuta» egon arte
Elkarretaratzea egin dute gaur ere Donostia ospitaleko atarian. Azken bileraren aktarekin batera, «kronograma» bat bidali zioten Osakidetzako zuzendaritzari, eta erantzuna jasotzeko zain daude.

Donostialdeko ESI erakunde sanitario integratuko zerbitzuburuek elkarretaratze labur bat egin dute gaur goizean, beste behin, Donostia ospitaleko atarian, eta iragarri dute elkarretaratzeak egiten jarraituko dutela harik eta Osakidetzako zuzendaritzarekin duten negoziazioa «behin betiko bideratuta» geratu arte.
Abenduaren 18an izan zuten bi aldeek azken bilera, eta harremanari eutsi diote ordutik, baina prozesua «itxi gabe» dagoela azaldu dio BERRIAri Felix Zubia Donostia ospitaleko ZIUko zerbitzuburuak. Hortaz, «prozesua itxita eta sinatuta egon artean biltzen jarraituko» dute, adierazi duenez.
Osakidetzako zuzendaritzarekin egindako bilkurara bost eskaera eraman zituzten zerbitzuburuek: Donostialdeko ESIaren erreferentzialtasunari eustea eta Onkologikoa ESIan integratzea, profesionalak egonkortzeko neurriak hartzea, zerbitzuetan egiten den lana «maiz» ebaluatzea, mahai tekniko bat eratzea ESIaren estrategia definitzeko eta zuzendaritzak hartako profesionalak ezagutzea. Orain, bileraren aktarekin batera, bost puntu horietako bakoitzerako landu beharreko «neurriak» bidali dizkiote zerbitzuburuek zuzendaritzari, «kronograma» batean. «Eskatu duguna da horiek ez daitezela gehiago luzatu, izan daitezela epe batzuetan, eta epe normal batean egituratu daitezela gauzak», azaldu du Zubiak. Akta hori sinatu zain daude, beraz, zerbitzuburuak.
Eskaerak Osasun Sailari ere
Beste bi eskari ere egin dituzte zerbitzuburuek; Osakidetzari bainoago, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari. Batetik, eskatu diote Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuari izena ez aldatzeko. «Pentsatzen dugu horren galera kaltegarria izan daitekeela. Marka ezaguna da, eta, aldatuko balitz, galera bibliografiko bat ere izango litzateke», argudiatu du Zubiak. Bestetik, BAME barruko mediku egoiliar izateko prozesuaren ondorengo prestakuntza arautu bat onartu dezaten nahi dute.
Osakidetzarekin duten harremanaz, Zubiak esan du harreman «jarraitua» dutela, eta bi aldeek badutela «borondatea». «Orain, hori egituratzea falta da», zehaztu du.
Abenduan piztu zen krisia Donostialdeko ESIan, Osakidetzak Itziar Perez zuzendari kudeatzailea eta Idoia Gurrutxaga zuzendari medikua kargutik kendu ondotik. Erabakiaren berri izan eta berehala, hango zerbitzuburuek bilera bat egin zuten, eta elkarretaratzea egin zuten Donostia ospitalearen aurrean.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.