Albistea entzun

Lan hitzarmenak

Bizkaiko metaleko lan itunean sindikatuetako afiliatuek izango dute azken hitza

CCOOk, LABek eta UGTk begi onez hartu dute Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritzaren proposamena. 2022-2025eko eperako %15eko soldata igoera metatua jasotzen du. ELA aurka azaldu da.

CCOO, LAB eta UGT sindikatuen protesta bat, pasa den abenduan
CCOO, LAB eta UGT sindikatuen protesta bat, pasa den abenduan Oskar Matxin Edesa (Foku) Tamaina handiagoan ikusi

Jokin Sagarzazu -

2023ko urtarrilak 30 09:05

Askatze bidean da Bizkaiko metalgintzako lan hitzarmeneko negoziazioaren korapiloa. Printzipioz behintzat, CCOO, LAB eta UGT sindikatuen eta FVEM patronalaren gustukoa den erdibideko proposamen bat egin du Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritzak, eta testu hori nork bere asanbleara eramango du, oniritzia eman ala ez erabakitzeko. ELA, berriz, proposamenaren aurka azaldu da. Aurreneko hiru sindikatu horiek baiezkoa emango balute, indarrean sartuko litzateke hitzarmen berria, langileen ordezkaritzaren %59 dutelako; ELAk, berriz, %41. LABek ez du zehaztu bere afiliatuek noiz bozkatuko duten. CCOOkoek eta UGTkoek asteazken honetan egingo dute. Eta ELAk ez du baztertzen kontsulta egitea.

Urtebete pasatu behar izan dute aldeek akordiora gerturatzeko: tarte horretan, langileek 11 greba egun egin dituzte, eta sindikatuek eta patronalak 23 bilera egin dituzte, azkenekoak Eusko Jaurlaritzako Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuorde Elena Perez Barredoren bitartekaritzarekin, CCOOk, LABek eta UGTk eskatuta. Sektorean ordezkaritza duten sindikatuak ez dira batuta aurkeztu negoziazio mahaian: bi plataformatan agertu dira, eta modu horretan egin dituzten proposamenak. Alde batetik, CCOOk, LABek eta UGTk osatutakoa —haiei beste sindikatu batzuk batu zaizkie: ESK, CGT eta CNT—, eta, bestetik, ELArena. Mobilizazio gehienak ere bananduta egin dituzte.

Soldaten eguneratzea edo igoera izan da negoziazioko puntu nagusia eta beroena. Jaurlaritzak mahai gainean jarritako akordio proposamenak %15eko soldata igoera metatua jasotzen du ituna indarrean egongo den aldirako: 2022tik 2025era. Horrez gain, hitzarmenaren indarraldian KPI bateratua hori baino handiagoa balitz, haren arabera eguneratuko litzateke —2026an—, orain indarrean dagoen hitzarmenean jasotzen den bezala, eta soldata bermeari eutsiko litzaioke. Funtsean, bitartekaritzak sindikatuekin eta patronalarekin abenduan egindako lehen bilerara eraman zuen eskaintza bera da hori: CCOO, LAB eta UGTk eskatutako %17,5etik beherakoa da, baina patronalak eskainitako %14tik gorakoa.

Hala ere, beste puntu batzuetan egon da berrikuntzarik. Testuak norberaren aukerako zortzi ordu aurreikusten ditu, horietako lau berreskuraezinak. Eta baimenak eta lizentziak lanegunetan hastea, eta alor horretan jurisprudentziak ezarritakoa baliatzea.

Sindikatuek mahai gainean jarritako beste gai batzuei buruzko proposamenak ere jaso ditu Jaurlaritzaren proposamenak. Subrogazioari dagokionez, hori bermatzea instalazioetako langileentzat eta telefono lineen eta zuntz optikoaren mantentze lanetan aritzen direnentzat; 28.000 eurora arteko hobekuntzak egitea istripuagatiko ezintasun eta heriotza aseguruetan; eta jazarpen protokoloetan LGTBI kolektiboa sartzea. Negoziazio prozesuan, sindikatuek hainbat hobekuntza aurkeztu dituzte alor horietan eta beste batzuetan, baina patronalaren jarrera ikusita moldatu behar izan dituzte. Adibidez, subrogazioa azpikontrata ia eremu guztietara zabaltzea eskatu zuten, baina FVEMek hasieratik argi utzi zuen ez zuela onartuko, argudiatuta eskaintza hori betetzea «ezinezkoa» dela sektoreko enpresa gehienentzat.

ELArentzat, «gutxiegi»

Komunikabideetara bidalitako ohar labur batean, CCOOk, LABek eta UGTk esan dute proposamenak ez duela «atzerapauso bat bera ere» jasotzen Bizkaiko metaleko langileen eskubideetan, eta nabarmendu dute lortutako «aurrerapenak» sektorean egindako borrokari eta 11 greba egunei esker lortu direla.

ELAk, berriz, «gutxiegitzat» jo du Jaurlaritzaren proposamena: azpimarratu du bere helburuetatik «urrun» dagoela, eta bitartekaritzak duela astebete egindakoaren «oso antzekoa» dela. «Elementu berri txiki batzuk baino ez dituzte txertatu norberaren aukerako orduei eta lizentziei dagokienez. Soldatei, subrogazioari, berdintasun planei, aplikazio bermeei eta beste eduki batzuei buruz, berriz, ez dago berrikuntzarik». ELA oso kritiko agertu da Jaurlaritzaren bitartekaritzarekin; adierazi du ez dela onuragarria izan, eta «elementu desmobilizatzaile gisa» funtzionatu duela.

Bizkaiko metalgintzako hitzarmenak 56.000 langileri eragiten die, eta, besteak beste, lan negoziazioetarako oinarri moduan erabiltzen dute Sidenor, ITP, Haizea Wind eta beste enpresa handi batzuetan. Petronorreko eta Coca-Colako mantenu langile gehienek ere haren eraginpean dihardute. Aurreko akordioa 2021eko abenduaren 31n amaitu zuten, eta luzatuta dago. Bizkaiko metalgintzako lan ituna Euskal Herrian langile kopuru handienari eragiten dion sektore ituna da.

Hurrengoa, Gipuzkoa

Iaz, Arabakoa eta Nafarroakoa berritu zituzten, eta Gipuzkoan joan den astean hasi zituzten elkarrizketak. 30.000tik gora langile hartzen ditu. ELAk du ordezkaritza handiena (%48), LAB da hurrengo sindikatua (%36), eta hurrenak CCOO (%12) eta UGT (%4) dira. Lehen bileran nork bere plataforma aurkeztu du. Besteak beste, honako eskaera hauek egin dituzte: soldatak KPIaren arabera igotzea, lanaldiak murriztea, lan kontratak subrogatzea, laneko osasun eta istripuen protokoloak eta osagarriak hobetzea, eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna lortzeko eta LGTBI kolektibokoen jazarpenari aurre egiteko neurriak bermatzea.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©RAYNER PEÑA / EFE
Gazte bat negutegian letxugak ekoizten. ©Aritz Loioa / FOKU

Hamar urtean 1.500 baserritar berri beharko ditu Bizkaiak

Ibai Maruri - Bizkaiko Hitza

EHNE Bizkaiak XII. Kongresua egingo du gaur, Derion. Uste dute sektorearen etorkizuna bermatzeko jende gaztea baserrira erakarri eta ekoizpen eredu agroekologikoa lehenetsi behar direla.

Langileen batzordeko Alfredo Morales, Raul Portillo, Carlos Zalduendo, Igor Peñalver eta Oscar Añorbe. ©JESUS DIGES / EFE

Sindikatuek azaldu dute 600 lanpostu «jokoan» direla VWen

Joxerra Senar

Taldeko zuzendaritzarekin bildu nahi dute azal dezan zergatik jarri nahi duen bateriak muntatzeko fabrika Iruñetik at

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...