Katalunia
Erbesteratu katalanek ezingo dituzte Belgikaren argudioak erabili Llarenaren euroaginduak baztertzeko
Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak ebatzi duenez, batasuneko estatu kide batek ezin dio uko egin beste kide baten euroagindu bati, frogatu ezean azken horrek sistematikoki urratzen dituela eskubideak.

Kataluniako buruzagi independentista erbesteratuek bide berriak erabili beharko dituzte Espainiaratuak ez izateko. Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak gaur goizean eman duen epaiak ezartzen duenez, ezin izango dira babestu Belgikako justiziak orain arte eman dituen argudioetan. Sententziak irizpide argiagoak ezarri ditu euroagindu bat atzera noiz bota daitekeen zehazteko, eta, beraz, defentsarako zer esparru duten jakinarazi die erbesteratuei, Espainiaratzetik libratzeko aukerari bidea itxi gabe.
Luxenburgoko auzitegia ez da erabat lerratu, ez Kataluniako erbesteratuen tesiekin, ezta Espainiako Auzitegi Gorenaren jarrerarekin ere. Batetik, ez ditu ontzat eman Belgikak Pablo Llarena Espainiako Goreneko epailearen euroagindu bat atzera botatzeko erabili dituen argudioak. Llarenak Luis Puig Kataluniako kontseilari ohia Espainiaratzeko eskatu zion Belgikari, eta Bruselako Apelazio Auzitegiak ezezkoa eman zion, arrazoituta Llarena ez dela euroagindu hori igortzeko epaile eskuduna, eta Puigek Espainian epaiketa bidegabe bat izateko arriskua izango lukeela.
Baina, bestetik, Luxenburgoko auzitegiak ez du erabat baztertu Belgikak Espainiako Gorenaren euroagindu bat atzera botatzea. Horretarako, frogatu beharko luke Espainiako justiziak «gabezia sistemikoak» dituela, herritarren osotasunari eragiten diotenak edo «objektiboki identifikagarria den» giza talde jakin baten kontrakoak. Puntu horrek heldulekua emango luke, erbesteratuen defentsa abokatu Gonzalo Boyek orain arte baieztatu duenarekin: bere bezeroak jazarpen judizial baten biktimak direla arrazoi politikoengatik, independentista katalanak izateagatik.
Auzitegiak gaineratu du Nazio Batuen Erakundeko Atxilotze Arbitrarioen Lantaldeak Kataluniako buruzagi independentista auzipetuei buruz egin zuen txostena ez dela eskubide urraketa sistematikoa frogatzeko nahikoa bere horretan, nahiz eta aipatu duen kontuan hartu beharreko elementu bat litzatekeela Espainian bermerik falta ote den aztertzeko orduan.
Bestalde, Luxenburgoko epaileen esanetan, estatu batek ezin du euroagindu bat baztertu epaile igorlearen eskuduntza falta argudiatuta, hasiera batean. Baina bide hori ez du guztiz itxi, baldin eta «ageriko inkonpetentzia bat» frogatzen bada. Halako baieztapen baterako ezinbesteko baldintza da euroaginduari uko egiten dion estatuak informazio gehigarria eskatzea aurrez estatu igorleari.
Epaiaren eragina
Epaiak zuzeneko eragina du Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiaren eta Toni Comin, Clara Ponsati eta Puig Generalitateko kontseilari ohien egoera judizialean. Puigdemontek, Cominek eta Ponsatik immunitatearen babesa dute oraingoz, europarlamentariak dira eta. Baina behin-behineko bermea dute hori, Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak haien kontrako suplikatorioari buruz ebatzi artekoa. Martxorako espero da epai hori. Luxenburgok ebatziko balu Europako Parlamentuak Puigdemonti, Comini eta Ponsatiri europarlamentari akta kentzeko prozesua ondo bete duela, immunitatea galduko lukete, eta Espainiako Auzitegi Gorenak horiek kontrako euroaginduak igortzeko aukera izango luke. Aldiz, Luxenburgok politikari katalanei arrazoia eman eta suplikatorioaren prozesuan irregulartasunak izan zirela ebatziz gero, immunitateari eutsiko liokete, eta Llarenak ezingo luke horiek kontrako neurririk hartu. Halako epai batek Kataluniara itzultzeko bermea ere eman beharko lieke.
Eurodiputatuen defentsaren iritziz, Espainiako Auzitegi Gorenak euroagindu gehiago igorriz gero berriz eskatu beharko lioke europarlamentuari beste suplikatorio bat hasteko, eta, beraz, prozesua dezente luzatuko litzateke —agian, Europako Parlamenturako hurrengo bozetara arte, 2024ko maiatzera edo ekainera arte—. Llarenaren ustez, berriz, ez litzateke beharrezkoa izango berriz suplikatorio bat eskatzea, eta euroagindua jasoko lukeen estatuak —printzipioz, Belgikak— zuzenean aztertu beharko luke Espainiaratze eskaria.
Bestelakoa da Lluis Puigen egoera. Europarlamentariei dagokien babesik gabe, harena izan zen Belgikak aztertu zuen lehen euroagindua. Bruselako Apelazio Auzitegiak hartu zuen hura Espainiaratzeari uko egiteko azken erabakia, 2021eko urtarrilean. Llarenak erabakia salatu zuen orduan, eta Belgikako justiziari egotzi zioen EBko estatu kideen arteko elkarlanerako printzipioa urratzea. Hala, EBko Justizia Auzitegira jo zuen aste batzuk geroago, hari galdetzeko zer baldintza zehatzetan baztertu dezakeen EB Europako Batasuneko estatu batek beste estatu kide baten euroagindu bat.
Luxenburgoren erabakian oinarrituta, Llarenak beste euroagindu bat igorri ahal izango dio Belgikari, Puig Espainiaratzea eskatzeko, eta Belgikak ezin izango ditu orain arteko argudio berak erabili Puig ez entregatzeko. Aldiz, aztertu beharko du Espainiak eskubideak sistematikoki urratzen ote dituen, eta, hala balitz, Puig arriskuan ote den berme falta horrengatik kaltetua izateko. EBko Justizia Auzitegiak zehaztu du Espainiak euroagindu berriak igorriz gero «proportzionatuak» izan behar dutela.
Erreakzioak
Epaia argitara atera eta gutxira, agerraldi bat egin dute Puigdemontek, Ponsatik, Cominek eta Puigek, Bruselan, Europako Parlamentuan. Llarenaren euroaginduak «kale itsu batean» sartu direla ziurtatu du Puigdemontek hedabideen aurrean, eta gaineratu du Luxenburgoren epaiak baldintza «bideraezinak» ezarri dizkiola Gorenari Espainiaratze eskari gehiago eskatzeko.
Kataluniako presidente ohiaren iritziz, nabarmentzekoa da epaimahaia urrundu egin dela auzitegiko abokatu nagusiaren jarreratik; esaterako, urraketa sistemikoen subjektu posible gisa «giza talde objektiboki identifikagarriak» aipatzen dituenean. Puigdemontek ziurtatu du, kasu honetan, gizatalde hori osatzen dutela «Katalunia nazio bat dela pentsatzen duten kataluniarrak». Puntu horrek «borroka politikorako» esparru bat irekitzen die erbesteratuei, «zigor kodetik harago».
Epaiak jasotakoarekin konforme agertu da Boye abokatua ere, Twitterren idatzi dituen mezuetan. «EBko Justizia Auzitegiaren sententziak osorik irakurtzekoak dira. Gaur egun ona da». Iragarri duenez, Luxenburgoren epaiak «galtzera» eramango du Espainiako justizia «Giza Eskubideen Europako Auzitegian ere». Abokatuak ohartarazi du epaiak ez duela guztiz baztertu Llarenaren eskuduntza falta argudiatzeko bidea.
Isabel Elbal erbesteratuen defentsa abokatuak «sententziaren gakoa» zein den nabarmendu du: Euroagindu bat atzera bota daitekeela «objektiboki identifikagarria den talde baten babes judizialari eragiten dioten gabeziak» frogatzen badira. «Frogak sobran daude», adierazi du Elbalek.
Puntu berari aitortu dio garrantzirik handiena Benet Salellasek gidatzen duen abokatu bulegoak, bere Twitter kontuan. Ohartarazi du orain arteko jurisprudentziaren arabera euroagindu bat baztertzeko arrazoi bakarra eskubide urraketa «sistemiko edo orokortu bat» frogatzea zela, eta Luxenburgok gabezia hori euroagindu baten kontrako arrazoi gisa onartu duela gaur «gizatalde objektiboki identifikagarrietan» ere. «Aurrerapauso erraldoia da».
Andreu Van den Eynde ERCko zenbait buruzagiren abokatuak —besteak beste, Oriol Junqueras eta Marta Rovira defendatu ditu— azaldu du epaiaren puntu hori are esanguratsuagoa dela EBko Justizia Auzitegiko abokatu nagusiak ez zuelako babestu giza talde jakin baten eskubide urraketak aintzat hartzea. Ezohikoa izaten da Luxenburgoko auzitegiak abokatu nagusiaren argudioen kontra ebaztea. «Espainiako auzitegiek [Kataluniako] mugimendu independentistaren aurka duten joera errepresiboa beste herrialde batzuetako auzitegietan ulertuko duten itxaropena mantentzen du».
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.