GERRA UKRAINAN
Ukrainara gerra abioiak bidaltzearen aurka agertu da, oro har, Mendebaldea
Auzia mahai gainean dago, baina Mendebaldeak ez du jarrera bateraturik. Macronen arabera, hainbat aldagai hartu beharko lirateke kontuan borrokarako hegazkinak entregatzeko.

Kievek garbi planteatu zuen lehengo asteazkenean, behin Mendebaldeak Ukrainako armadari erasorako tankeak ematea adostu ondoren: «Gerra hegazkinak nahi ditugu». Hori eskatu zuen Oleksii Reznikov Defentsa ministroak. Duela hilabete batzuk egindako adierazpenetan mahai gainean ere ez zegoen eztabaida hori, baina azken asteetan plazaratutako mezuen arabera, aliatu batzuek zalantzak dituzte, ez dute esaten guztiz baztertuta dagoenik aukera hori. Auziaren inguruan ez dute jarrera bateraturik. Joe Biden AEBetako presidenteari galdetu zioten atzo gauean ea asmorik duten Ukrainari gerra hegazkinak entregatzeko, eta ezetz erantzun zuen. Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrak ere baztertu zuen aukera hori atzo, eta gaur gauza bera egin du Erresuma Batuko Gobernuak, nahiz eta ñabardura batzuen artean. «Erresuma Batuko hegazkinak oso sofistikatuak dira, eta hilabeteak behar dira horiek gidatzen ikasteko. Beraz, uste dugu ez dela praktikoa horiek Ukrainara bidaltzea», nabarmendu du bozeramaile batek, hango hedabideek kaleratu dutenez. Hortaz, Mendebaldea, oro har, Ukrainara gerra hegazkinak bidaltzearen aurka agertu da.
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak ez dio bidalketa horri aterik ixten. Atzo Hagan (Herbehereak) esan zuenez, ez da ezer baztertu behar, baina nabarmendu zuen hainbat aldagai hartu beharko liratekeela kontuan; horietako bat da erabaki horrek gatazka ez areagotzea, eta beste bat, Eliseoko buruaren esanetan, hegazkinek Errusiako lurrak ez zapaltzea. Ondoan zuen Mark Rutte Herbehereetako lehen ministroa, eta hark ere ez dio gerra hegazkinen aukerari muzin egiten. «Tabuak» alboratu behar direlakoan dago. Argitu zuen, hori bai, Ukrainak ez duela formalki eskaerarik egin.
Poloniak, baina, parez pare ireki dizkio ateak aukera horri. Mateusz Morawiecki lehen ministroak zehaztu du, dena den, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko estatu kideek «guztiz koordinatuta» hartu beharko luketela erabaki hori. Halere, Varsoviaren jarrera «seinale positiboa» dela azpimarratu du Andrii Yermak Ukrainako presidente Volodimir Zelenskiren kabineteburuak.
Dena den, Bidenek ezetz esanda ere, AEBek auziari buruz duten iritzia ez da guztiz bateratua, Ukrainako inbasioaren auziaren bueltan beste batzuetan gertatu moduan, hain zuzen. Izan ere, joan den ostiralean, Jon Finer Segurtasun Nazionalerako kontseilariordeak nabarmendu zuen ez dutela baztertzen «armamentu mota bakar bat ere» Ukraina armaz hornitzeko garaian. MSNBC AEBetako telebista kateak galdetu zion ea nola erantzungo dioten Ukrainaren eskaerari, eta esan zuen «sakonki» aztertuko dutela.
Eta horrekin guztiarekin lotuta, Mendebaldeko aliantza militarreko kide batek, Kroaziak, aliatuek tankeak bidaltzeko erabakia kritikatu du. AP berri agentziak jaso duenez, Zoran Milanovic Balkanetako herrialde hartako presidenteak atzo adierazi zuen «erokeria» dela pentsatzea «gerra arrunt batean» Errusiari irabazi ahalko zaiola. «Hara arma hilgarriak bidaltzearen aurka nago. Gerra luzatuko dute».
Entrenamendu militarra
Bielorrusiako Defentsa Ministerioak jakinarazi du Bielorrusiako armadak eta Errusiakoak «entrenamendu saio bat» hasi dutela, astebete iraungo duela, eta helburu izango duela irailean Errusian egitekoak diren maniobra militar bateratuak prestatzea. Ukrainaren mesfidantza gorabehera, Minskek eta Moskuk nabarmendu dute Bielorrusiako armada ez dela Ukrainako gatazkan parte hartzekoa.
Bestalde, Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak gaur esan du Antony Blinken AEBetako Estatu idazkariak mezu bat bidali diola Egiptoko diplomaziaren bidez, eskatuz Errusiak atera ditzala tropak Ukrainako lurretatik.
120-140 tanke
Ukrainako Atzerri ministro Dmitro Kulebak gaur jakinarazi zuenez, Ukrainari, «lehen kolpean»,120-140 tanke entregatuko dizkio hamabi herrialdez osatutako Mendebaldeko koalizio batek. Erresuma Batuak eta Alemaniak adierazi dute azkeneko egunetan tankeak martxo bukaera inguruan direla Ukrainara iristekoak.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.