Politika

'Mozal legearen' erreforma ez blokeatzeko eskatu die PSOEk bazkideei

EAJko Aitor Estebanek uste du orain arte adostutako zuzenketak egun indarrean dagoen legea hobetzen dutela. EH Bilduko Mertxe Aizpuruak, berriz, ohartarazi du Espainiako Gobernuak «hitzemandakoa» bete beharko duela koalizioaren babesa jaso nahi badu Herritarren Segurtasun Legearen erreformarako.

Mertxe Aizpurua Espainiako Kongresuan. JUANCARLOS HIDALGO / EFE
xabier martin
2023ko urtarrilaren 31
12:15
Entzun

Espainiako Kongresuan bihar batzartuko da Herritarren Segurtasunerako Legea aldatzeko lantaldea, eta eztabaidagai izango dute araua moldatzeko txostena onartzea. Horrela, txostena Barne Batzordera eramango lukete, eta otsailean helduko litzateke gaia osoko bilkurara.

Horren aurrean, PSOEko diputatu Patxi Lopezek gobernua sustengatu ohi duten alderdiei eskatu die ez dezatela legearen aldaketa blokeatu, orain arte lortutako adostasunek «zuzendu» egiten dituztelako indarrean dagoen legeak sortutako hainbat eragin: «Espero dugu Mozal legea atzean uzteko konpromisoa genuenok orain ez jartzea beste interes batzuk jada adostutako aldaketen aurretik; horiek ez lirateke aurrera aterako lege honen kontrako botoa emanez gero».

Siglarik aipatu gabe, Lopezek EH Bildu eta ERC jarri ditu jomugan, eta ohartarazi du ez PSOE eta ez Espainiako Gobernua ez direla «erantzule» izango egungo legeak indarrean jarraitzen badu. Non dauden desadostasunak? Manifestariak sakabanatzeko materialaren erabileran; agintearen aurkako desobedientzian eta errespetuaren urraketan; eta mugetako ukoan eta migratzaileak mugan bertan kanporatzean.

EAJ, konforme

EAJren Espainiako Kongresuko bozeramaile Aitor Esteban ere kexu agertu da Espainiako Gobernuari babesa eman ohi dioten zenbait talderen jokabidearekin: «Egungo gehiengoekin eta lortu diren aurrerapausoekin Mozal legea aldarazten ez bada, argi geratuko da jarrera batzuen zurruntasuna». Izan ere, egindako «aurrerapausoei» zenbakia jarri die: «Guk aurkeztutako 46 aldaketatik 40 onartu dira, erdibidekoak lortu ditugu».

Estebanen hitzetan, helburua zen «segurtasunaren eta askatasunaren artean oreka» bat bilatzea, «orain legean ez dagoena», eta uste du hori lortu dela hainbat puntutuan: «Oreka hori lortu da, hobetu da. Ez da izango guztien gustura, baina politikak eta adostasunak honetara eramaten gaitu. Aurrera egiteko, ea hobea den daukagunarekin geratzea edo aldaketak egitea. Guk baietz uste dugu; orain beste alderdi politikoak busti beharko dira». Hortaz, uste du Herritarren Segurtasunerako Legearen erreformarentzat «kale edo bale» egiteko momentua iritsi dela, eta «harriturik» ikusten ari da Espainiako Gobernuaren alderdi bien arteko desadostasunak: «Konpon dezatela hori».

Legea erreformatzeko adostasuna duten edukiak ere zerrendatu ditu EAJko bozeramaileak: zigor arautegia, elkartzeko eta manifestatzeko eskubidearen ingurukoak, pertsonak identifikatzeko atxiloketen ingurukoak, polizien grabazioak... Akordio horiek egin dituzte, Estebanen esanetan, «segurtasun printzipioaren eta eskubideen eta askatasunen arteko orekan aurrera eginez».

EH Bilduk ezezkoa erreforma «light»bati

Bestalde, Naiz Irratiari emandako elkarrizketa batean finkatu du EH Bilduren Espainiako Kongresuko bozeramaileak zer jarrera duen bere taldeak mozal legearen erreformari dagokionez. «Argi eta garbi diogu: mozal legea indargabetzeko proposatu ditugun hiru zutabeak onartzen ez badira, ez dugu babestuko erreforma light hau. Gomazko pilotak debekatzeko eta desobedientziari eta errespetu faltei lotutako zigorrak aldatzeko eskatzen dugu».

Herritarren Segurtasunerako Legea erreformatzeko batzordearen bileraren harira, Espainiako Kongresuan, Aizpuruak mezu argia igorri dio Sanchezen gobernuari: «Mozal legearekin maximalistak garela esan digute, baina hitzemandakoa betetzea baino ez dugu eskatzen. Gu ez gara mugitu, ez dugu inor engainatu. PSOEk ez du legea indargabetu nahi, polizia sindikatuen presioengatik. Atzerapausoa litzateke».
'Soilik baietz da baietz' legea

Erreforma bat izan dezakeen beste lege bat soilik baietz da baietz legea da, PSOEk atzo iragarri eta gero Unidas Podemosen eta Berdintasun Ministerioaren oniritzirik gabe ere erreformaren saioari ekingo diola Kongresuan. «Legeari aldaketa txikiak egitekotan, ados egongo gara, betiere legearen muina ukitzen ez bada eta Berdintasun Ministerioaren oniritziarekin bada», esan du koalizio subiranistako kongresukideak.

Alegia, Irene Monteroren Berdintasun Ministerioak hartzen duen jarreraren araberakoa izan daitekeela EH Bilduren erantzuna Madrilen. «Legeari ez zaio denborarik eman erakusteko zertarako den gai. Berrikuspenetan soilik jarri da arreta, eskuin politiko, mediatiko eta judizialak politika feministak dituelako jomugan».

Aktualitatearen errepasoarekin jarraituz, Aizpurua SMI gutxieneko soldataren igoeraren inguruan ere aritu da, Espainiako Lan Ministerioa igoera hori gauzatzeko urratsak egiten hasi dela eta. «Gehiegitan eman zaio patronalari beto gaitasuna eta positiboa da oraingoan langileen mesederako neurriak oztopatzeko gaitasunik ez izatea», esplikatu du Aizpuruak, eta iragarri du gutxieneko soldataren igoera babestuko duela haren taldeak.

Gai ekonomikoekin jarraituta, pentsioen erreforma ere hizpide izan du koalizioaren Kongresuko bozeramaileak. Garbi azaldu du EH Bilduri ez zaiola «bidezkoa» iruditzen pentsioak kalkulatzeko epea 25 urtetik 30era zabaltzea. «Ez dugu onartuko, gutxieneko pentsioei batez ere kalte egiten dielako. Norekin onartu nahi du gobernuak pentsioen erreforma? Ez dugu atzerapausorik onartuko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.