Pentsioen erreforma

2010eko marka hautsi ondoren, otsailaren 7an eta 11n jarraituko du erreformaren aurkako protestak

Urtarrilaren 19an baino jende gehiago bildu da manifestazioetan. Erreforma Frantziako Asanbleara iritsi da, eta han ere gauzak zaildu zaizkio gobernuari.

Emmanuel Macronen aurkako kartel bat, erretretaren aurkako Parisko manifestazioan. YOAN VALAT / EFE
Iker Aranburu.
2023ko urtarrilaren 31
20:51
Entzun

Emmanuel Macron Frantziako presidentearen eta kalearen arteko lehia gogorrean bigarren arrakasta bat izan du kaleak. Bai sindikatuek baita gobernuak berak ere ziurtatu dute gaur jende gehiago irten dela protestara, urtarrilaren 19ko lehen egunean baino.

Kopuruetan, noski, ez da adostasunik. 2,8 milioi aipatu ditu CGT sindikatuak —2,1 milioi esan zuen aurrekoan—, eta 1,272 milioi gobernuak —1,12 milioi aurrekoan—.

Azken kopuru hori ontzat emanez gero, 1995az geroztik erreforma ekonomiko baten aurka bildutako jende kopururik handiena izango litzateke, 2010eko kopurua ozta-ozta gaindituta (1,25 milioi). Orain arteko emaitzekin pozik, CFDT, CGT eta beste sei sindikatu nagusiek otsailaren 7rako eta 11rako deitu dituzte erretretaren erreformaren aurkako hurrengo protestak.

250 hiri eta herritan izan dira protestak, eta, oro har, jendetsuagoak izan ziren. Grebarekin bat egindako langileen kopurua, ordea, pixka bat apaldu da. Parisko manifestazioan istilu gutxi batzuk izan dira.

Protesta indartsua onartuta ere, erreformaren geroa parlamentuan jokatuko dela ziurtatu du Elisabeth Borne lehen ministroak. Astelehenean iritsi zen Frantziako Asanbleara.

Fronte horretan ere, gauzak ez doaz uste bezain ongi Macronentzat eta Bornerentzat. Gobernua sostengatzen duten hiru alderdiek —Renaissance, Horizons eta Modem— ez dute gehiengo osorik, eta, horregatik, LR Errepublikanoak eskuineko alderdiaren babesa jasotzea izan da lehentasuna gobernuarentzat. Lortu zuen, bere lehen testuan zenbait aldaketa egin ondoren: 62 urtetik 65 urtera ez, 64 urtera atzeratu da erretretaren adina eta gutxieneko pentsioa ehun euro handituko diete Smic gutxieneko soldatan kotizatu dutenei.

Zalantzak eskuinean

Baina urtarrilaren 19ko protesta handiak eta inkesta gordinek erreformaren aldeko gehiengo hori zartatu dute. Errepublikanoen hamabosten bat diputatuk esan dute aurka bozkatuko dutela, eta macronisten artean ere zalantzak sortu dira. Kontuan hartuta ezkerreko Nupesek eta eskuin muturreko RN Batasun Nazionalak blokean emango dutela ezezkoa, desertzio gutxi batzuk soilik onar ditzake gobernuak: 289 boto behar ditu; 250 dituzte macronistek, eta 62 LRk.

Errepublikanoen buruzagitzak dio aldeko botoa emateko prest dagoela, baina gobernuari txeke zuririk eman gabe. «Macron presidentearen ardura izango da gibelera egiten badu kalearen aitzinean. Guk arduraz jokatzea hautatu dugu», esan du Le Monde egunkarian Olivier Marleix LRko talde parlamentariko buruak.

LRk aldaketa gehiago nahi ditu. Aukeren artean dago lan bizitza luzea dutenek 43 urtez eta ez 44 urtez kotizatu behar izatea pentsio osoa jasotzeko, eta gutxienez bi haur izan dituzten amek 66 urterekin jaso ahal izatea pentsio osoa —eta ez 67 urterekin—. Aldaketa horien alde agertu dira gehiengoko diputatu batzuk, baina oraingoz Finantza Ministerioak ezetz dio, 2.000 milioi euroren gastu gehigarri bat dakarrelako.

Beste eskaera bat da erreforma berraztertzeko aukera. Hau da, 2027an aztertzea erreformak zein ondorio izan duen eta orduan erabakitzea aurrera ala atzera egin behar den. Puntu horrek ere gobernuarekin ezezkoarekin egin du topo. «Berraztertzeko klausula hauteskunde presidentzialak dira», esan du Olivier Dussopt Lan ministroak.

49.3 artikulua, beste aukera

Zaila da aurreratzea nola bukatuko den zentroko eta eskuineko diputatuen arteko lehia. Baina gobernuak karta bat gordetzen du: 49.3 artikulua. Frantziako Konstituzioaren artikulu horrek ahalmena ematen dio legegai bat bozketarik gabe onartzeko, eta gero zentsura mozio bati erantzuteko. Legealdi honetan jada hamar aldiz erabili du Bornek tresna hori, eta halakorik ez zuen egin nahi neurri horretako erreforma batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.