Albistea entzun

Ikastolen jaiak

Kilometroak jaiak 'Euskaldunon Egunkaria'-ren itxiera oroituko du

Orereta ikastolak urte osorako antolatu duen egitarauaren berri eman dute. Giza kate bat ere egingo dute, euskara batuaren sortzaileak omentzeko.

Kilometroak festaren egitarauaren aurkezpena, gaur goizean, Errenterian
Kilometroak festaren egitarauaren aurkezpena, gaur goizean, Errenterian maialen andres / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Irati Urdalleta Lete -

2023ko otsailak 1

Eredu berriari jarraiki, aurten urte osoko festa izango da Kilometroak. Orereta ikastolak antolatuko du, eta gaur goizean aurkeztu dituzte egitarauaren mugarri nagusiak Errenterian (Gipuzkoa) bertan, zenbait eragiletako ordezkariak ondoan zituztela. Babes zabala jaso dute: bertan izan dira, besteak beste, BERRIAko eta Euskaldunon Egunkaria-ko ordezkariak, Seaskako zuzendari Hur Gorostiaga, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabel eta Errenteriako Udaleko ordezkariak. Urriaren 1ean izango da Gipuzkoako ikastolen aldeko jai nagusia, baina aurretik bi mugarri izango ditu egitarauak: Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera oroitzeko, astebeterako ekitaldi sorta bat antolatu dute otsailaren 20tik 24ra, eta, euskara batuaren sortzaileak omentzeko, 8.000 laguneko giza katea egingo dute martxoaren 24an.

Itziar Navarro Orereta ikastolako lehendakariak nabarmendu duenez, hiru zutoinen bueltan ardaztu dute jaiaren egitaraua: eskertza, euskara eta euskal kultura egitasmoen erdi-erdian jartzea, eta komunitatea. Eskertzaren helburuari lotuta, Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera izango dute gogoan. Izan ere, hogei urte beteko dira aurten Guardia Zibilak euskarazko egunkari bakarra itxi zuenetik, eta, Navarrok azaldu duenez, gertakari hura nahiz herriak eman zuen erantzuna ekarriko dute gogora.

Euskaldunon Egunkaria-ko zuzendari ohi eta BERRIAko zuzendari Martxelo Otamendik aletu du urteurren horren harira antolatu duten egitaraua. Otsailaren 20an, Imanol Murua kazetariak Egunero behar genuen liburua aurkeztuko du. Euskaldunon Egunkaria-ren itxieraren biharamunetik BERRIA sortu bitarte argitaratu zuten Egunero kazetaren xehetasunak jasotzen ditu Muruak liburu horretan. Ikastolako DBH2ko eta Batxilergoko ikasleek propio aztertu dute zer izan zen egunkaria ixtea, eta zortzi orrialdeko lan bat egin dute horren inguruan. Otsailaren 21ean, lan horren 5.000 ale banatuko dituzte, baita egun horretako BERRIAren beste horrenbeste ere. Hurrengo egunean, otsailaren 22an, Euskaldunon Egunkaria-ri buruzko Paperezko hegoak dokumentala emango dute Niessen auditorian. Otsailaren 23rako, berriz, kultur eskaintza bat prestatu dute: herriko hiru tabernatan, gaiaz «era artistiko batean» arituko dira zenbait artista. Azkenik, otsailaren 24an, Jon Maiaren Kantu bat gara ikuskizuna izango da Lekuona fabrikan. Maiak Kilometroak festaren zenbait gairi bereziki erreparatuko dio emanaldi horretan.

Baina Kilometroak festaren harira, ez dute Euskaldunon Egunkaria soilik omenduko: Milimetroak: Batasunaren bidea antolatu dute Euskaltzaindiarekin elkarlanean, eta euskara batua sortzeko lan egin zuten zenbait izango dituzte gogoan. Izan ere, Orereta ikastolak 60 urte beteko ditu aurten, eta euskara batuaren oinarriak jartzeko Baionan «urrats erabakigarriak» egin zituztenetik ere sei hamarkada beteko dira. Martxoaren 24a aukeratu dute omenaldia egiteko. 8.000 laguneko giza kate batekin lotuko dituzte Errenteriako Zumardia eta Donostiako Parte Zaharra. Arratsaldean, Euskaltzaindiako zuzendaritza Errenteriako udaletxean bilduko da, eta, gainera, ekitaldi instituzional bat ere egingo dute, «batasunaren bidean nabarmendutako» hamabost pertsonak omentzeko. Nekane Artola Kilometroak kultur elkartearen lehendakariak eman ditu omenaldia egitea erabaki izanaren arrazoiak: «Hezkuntza sistema baterako, euskal komunikazio esparru baterako, hitz batean, herri kohesiorako tresna ezinbestekoa dugu euskara batua». Orereta ikastolatik sortu den ideia hau Euskal Herriko ikastolen aldeko bost jaiekin elkarlanean antolatuko dute.

Ekitaldi sorta

Ekintza nagusiak Euskaldunon Egunkaria eta euskara batuaren sustatzaileak omentzeko antolatu badituzte ere, beste ekitaldi sorta bat ere atondu dute urriaren 1era bitarterako. Besteak beste, maiatzaren 6an, hamabi orduan oholtza bat eskainiko diete herriko sortzaileei; maiatzaren 19an eta 20an, Adaxka berriak ikuskizuna egingo dute; eta uztailean, kontzertu bat egingo dute Urmugaren barruan.

Erronka bat ere jarriko dute martxan: Euskararen errioa. Kilometro bat osatzeko adina euro bateko txanpon bildu nahi dituzte, eta, ahal dela, Guinness liburuan sartu nahi dute. Kilometroak jaiaren bidez lortzen duten dirua erabiliko dute Errenterian herriko eragileekin euskara eta euskal kultura bultzatzeko proiektu bat abian jartzeko, Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako ikastolekin martxan duten Zubiak Eraikiz egitasmorako, eta ikastolako Añabitarte baserria eta inguruak biziberritzeko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Tolosako Laskorain ikastola, artxiboko irudi batean. ©JON URBE / FOKU

Matrikulazioan gardentasun handiagoa eskatu diote eragileek Hezkuntza Sailari

Irati Urdalleta Lete

Ikastolen Elkarteak esan duenez, gardentasunik ezean ez dute ikaslerik bidaliko beste zentroetara. EHIGEk Eusko Jaurlaritzari eskatu dio legea betetzeko
Rebeca Huaytaren hilketa salatzeko kontzentrazioko artxibo irudia. ©E. PORTILLO

Emakume bat larri dago bikotekide ohiak jipoitu eta hari su eman ostean

Edu Lartzanguren Maite Asensio Lozano Javi West Larrañaga

Andrea oso larri dago, Gurutzetako erredura larrien unitatean. Bikotekide ohia 63 urteko gizonezko bat da, eta etxean egin dio eraso
Manifestazioa Donostiako EHUko campusetik irteten, atzo. ©GORKA RUBIO / FOKU

«Hezkuntza sistema sozialista» aldarrikatu dute Ikasle Abertzaleek

Jone Arruabarrena

Seinalatu dute hezkuntza sistema «enpresari handien menpe» dagoela, eta greba antolakuntzan «oztopoak» jarri dizkietela ere salatu dute
Navarra Suma taldea, osoko bilkuran xenofobiaren aurkako legea eztabaidatzen ari zirenean. ©NAFARROAKO PARLAMENTUA

Arrazakeriaren aurkako foru legea onartu dute, Navarra Suma gabe

Ion Orzaiz

Arau berriaren helburua izanen da «pertsona arrazializatuen eskubideak bermatzea» eta «administrazioaren bazterkeria» eragoztea. Navarra Sumak ez beste talde guztiek babestu dute

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...