Zinema

'Euskal emakume zinemagileak' liburua plazaratu dute

Euskal Herriko zinemagintzan «funtsezkoak» izan diren emakumezko zuzendariak ditu ardatz, eta Euskadiko Filmategiak eman du argitara. Maria Pilar Rodriguez ikertzaileak koordinatu du artikulu sorta.

Joxean Fernandez, Maria Pilar Rodriguez, Isabel Herguera, Izaskun Arandia eta Bingen Zupiria, liburuaren aurkezpenean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Andoni Imaz.
2023ko otsailaren 1a
19:05
Entzun

Alde guztietan sumatu dute emakumeen urritasuna: zinemagileen artean, eta zinemagile horien lana aztertu duten ikerketetan. Aintzatespen bikoitza lortu nahi izan dute, beraz: Euskal Herriko zinemagintza emakumeek egindako lanen bidez aztertu, eta lan horietako bakoitzari buruzko ikerketa akademiko bat egin dute. Euskadiko Filmategiak bide horretan abiatu izan ditu zenbait proiektu azken urteetan, eta saiakera mardul bat kaleratu du orain —euskaraz eta gaztelaniaz—, auziari bere osotasunean heltzeko: Euskal emakume zinemagileak izena du liburuak, eta Maria Pilar Rodriguez Deustuko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileak koordinatu du.

«Mikroskopiotik baino, teleskopiotik begiratuta egindako lan honetan, orain arteko gabeziak neurri batean arintzea zen helburua», azaldu du Joxean Fernandezek, Filmategiko zuzendariak. «Balio du joerak azpimarratzeko, gabeziak deitoratzeko eta, batez ere, talentuak egiaztatu eta ospatzeko». Bi haiekin batera aurkeztu dute lana Izaskun Arandia zinemagile eta (H)emen elkartearen sortzaileak, Isabel Herguera artista bisual eta azalaren egileak, eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak.

Izan ere, emakumeek zineman izan duten toki faltaren ardura ikerketarena ere bada, neurri batean, Rodriguezen arabera: «Uste dut kritika eta azterketa akademikoak ere ez direla behar adina ahalegindu emakume zinemagile euskaldunak beren osotasunean ganoraz arakatzen», idatzi du sarreran. Haren hitzetan, teoria feministek erakusten dute horrek eragin bat duela: «Emakume zuzendari euskaldunek egindako filmen presentzia urriak ikusle euskaldunen irudi kolektiboak baldintzatu ditu, eta genero irudikapenaren inguruko apustu ausartagoak egitea eragotzi».

Liburuak hamahiru testu ditu, lau partetan banatuta. Lehen atalak Ikuspegi globalak du izena, eta hiru artikulu ditu, emakume zinemagileen ekoizpena aztertzen dutenak. Bigarrena Generoak, formatuak eta moldaketak da; dokumentalak, film laburrak, ekoizpen transnazionalak eta literatura lanen egokitzapenak landu dituzte. Hirugarrenak, Ekoizpena, distribuzioa eta harrera izenekoak, kritiketan, sarean eta emakumeen zinemaldietan sakondu du. Laugarrenean, Ana Diez, Helena Taberna eta Yannick Bellon zinemagileen lanaz hausnartu dute; azken urteetan, hirurei buruzko zikloak eta liburuak egin ditu Filmategiak.

Koordinatzailearen hitzetan, «obra transnazional» bat da liburua, eta Euskal Herriko zinemagintzaren «izaera transnazionalaren» isla da hori: «Lokaletik hartu, globalera iristeko asmoz». Parte hartzaile gehienak Euskal Herriko ikertzaileak dira (Carlos Roldan Larreta, Casilda de Miguel, Iratxe Fresneda, Nekane E. Zubiaur, Ainhoa Fernandez de Arroiabe, Iñaki Lazkano), literaturaren arlokoak ere bai (Maria Jose Olaziregi Alustiza, Luisa Etxenike), Espainiako batzuk ere badaude (Maria Marcos Ramos, Javier Sanchez Zapatero, Pilar Martinez-Vasseur) eta AEBetatik idatzi dute bik (Cristina Ortiz Ceberio, Annabel Martin).

Euskal Herrian emakumeak «oso berandu» hasi ziren film luzeak zuzentzen, Rodriguezek esan duenez. 1988an jarri du mugarria: Ana Diezen Ander eta Yul. Harekin batera, aitzindari garrantzitsutzat jo du Helena Tabernaren Yoyes (1999). Biak egileen «adorearen erakusgarri» dira, haren ustez, testuinguru politikoarengatik.

Liburuko testuetan, Roldan Larretak euskal zinemaren bi ardatz tematikoren inguruan aztertu ditu zenbait lan: politika eta unibertso femeninoaren esplorazioa. Eta De Miguelek emakumeen genealogia bat sortu du, hiru belaunaldikoa: 1965a baino lehen jaiotakoak (Diez, Taberna, Arantxa Lazkano, Aizpea Goenaga...), oztopo nabarmenez betetako sistema itxi batean sartu zirenak; 1965. eta 1979. urteen artean jaiotakoak (Fresneda, Mireia Gabilondo, Leire Apellaniz, Maider Oleaga...), telebistarekin hazi direnak, eta ikasteko aukera gehiago izan dutenak, Informazio Zientzien fakultateetan eta zinema eskoletan; eta 1980. eta 1999. urteen artean jaiotakoak (Lara Izagirre, Estibaliz Urresola, Maider Fernandez...), «feminismoa diskurtso instituzionalean txertatzen zihoan testuinguru batean hazi direnak».

Azaleko bi espazioak

Aztertu dituzte, gainera, ez-fikzioan emakumeek izan duten presentzia handia, ekoizpen transnazionalen eragina, Kimuak katalogoan izan diren filmak —eta horien esperimentaziorako eta berrikuntzarako joera—, eta azken urteetan zinemaldietan horrek guztiak izandako eragina.

Arandiak (H)emeni buruzko hausnarketa bat idatzi du, «memoria ariketa emozional bat». Elkartearen zazpi urteko lana nabarmendu du, eta aurreko erreferenteena ere bai. «Ispilurik ez badugu, zaila izango da. Nik 50 urte ditut, eta nire lehenengo film luzea egin dut, oraintxe estreinatuko dudana. Zergatik tardatu dut hainbeste? Ba, 20 urte nituenean ez nuelako erreferenterik».

Herguera irudigile eta animatzaileak «libre» lan egin du azalerako: «Modu akzidentalean ia, ea zerbaitek irudirik pizten zidan». Ate bat igaro duen emakume bat margotu zuen, eta esan zioten irudi horrek The Searchers (John Ford, 1956) filmeko eszena baten antza zuela. «Filmean, Fordek hasieratik ezartzen ditu bi espazio: barrukoa, babesa; eta kanpokoa, abentura. Amaieran, [John] Wayne atetik zeruertzera doanean, nabarmentzen du heroiak ezin duela atsedenik topatu. Badu lotura emakumeek zinema egiteko duten moduarekin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.