Albistea entzun

PERU

Peruko bozak urrira aurreratzeko lege proiektua aurkeztu du gobernuak

Hain zuzen, Kongresuak hauteskundeak abendura aurreratzeari ezezkoa eman ondoren heldu da gobernuaren erabakia. Proposamen horren arabera, Boluarteren agintaldia abenduaren 31n amaituko litzateke.

Peruko Polizia herritar bat atxilotzen, Boluarteren aurkako manifestazio batean, atzo, Liman.
Peruko Polizia herritar bat atxilotzen, Boluarteren aurkako manifestazio batean, atzo, Liman. Antonio Melgarejo / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Mikel O. Iribar -

2023ko otsailak 2

Peru zurrunbilo betean da. Latinoamerikako herrialde hori krisi politiko eta soziala gainditu ezinik dabil, besteak beste, iazko abenduaren 7an lehen protesta handiak piztu zirenetik Pedro Castillo presidente ohiaren atxiloketaren eraginez. Milaka manifestarik eskatu dute Dina Boluarte egungo estatuburuak kargua utz dezala eta hauteskundeak aurreratu eta aurten egin daitezela. Bada, atzo, Peruko Kongresuak ez zuen onartu hauteskundeak abendura aurreratzea. Bidegurutze horretatik ateratzeko helburuarekin eta Boluartek hala eskatuta, botere betearazleak konstituzioa erreformatzeko lege proiektu bat aurkeztu zuen ganberan atzo, azken orduan —Euskal Herrian goizaldean—; besteak beste, bozak urriaren 8ra aurreratzeko, gobernuaren agintaldia abenduaren 31n amaitzeko eta 2021eko hauteskundeetan hautatutako diputatuak ordezkatzeko.

Ikusi gehiago: Peruko Kongresuak ez du onartu hauteskundeak abendura aurreratzea

«Sentitzen dut Kongresuak hauteskundeak aurreratzeko beharrezko adostasuna lortu ez izana. Azken mezuan nazioari iragarri nion bezala, berehala aurkeztuko dugu agintariak 2023an demokratikoki aukeratu ahal izateko lege proiektua», baieztatu zuen presidentetzak zabaldutako mezu batean. Bide horretan, Boluartek lege proiektua berrikustea galdegin zion ganberari, «herrialdeak egindako premiazko eskaera aintzat hartuta». Horiek horrela, lehen ministro Alberto Otarolak iragarri du lege proiektua Kongresuko Mahaiaren esku dagoela jada, RPP irratiak jasotakoaren arabera.

Ministroen Kontseiluak onartutako proiektuak xedatzen duenez, presidenteak hauteskunde orokorretara deituko du urriaren bigarren iganderako, hurrengo estatuburua eta diputatuak aukeratzeko. Hori bai, beharrezkoa balitz, bozen bigarren itzulia abenduan egingo lukete. Proposamenak lau xedapen iragankor berezi jasotzen ditu: lehen xedapenaren arabera, Boluarteren agintaldia 2023ko abenduaren 31n amaituko litzateke, eta biltzarkideen jarduna abenduaren 29an.

Bigarren xedapen iragankorrak dioenez, berriz, 2023ko urrian hautatutako presidenteak abenduaren 31n hartuko luke agintari kargua, eta 2028ko uztailaren 28an amaituko luke agintaldia; hautatutako diputatuek abenduaren 29an ekingo liokete jardunari, 2028ko uztailaren 26ra arte.

Peruko Gobernuak konstituzioa erreformatzeko lege proiektua aurkeztu du, hain zuzen, Hernando Guerra Garcia Konstituzio Batzordeko presidente fujimoristak hauteskunde orokorrak 2023ra aurreratzeko aurkeztutako testua Kongresuak atzera bota eta ordu batzuetara. Kongresuko 54 ordezkarik bozkatu zuten hauteskundeak abenduan egiteko konstituzio erreformaren alde, baina 68k egin zuten kontra —beste bik abstentziora jo zuten—.

Bestalde, batzorde konstituziogile bat eratzeko —perutarren eskarietako bat da— bozketa egingo dute gaur arratsaldean, Kongresuan, ateak itxita. Peru Libre alderdiak —2021eko bozak irabazi zituen alderdiak— aurkeztu du proposamena, baina zaila dauka gainerakoekin adostasuna lortzea, haren asmoa gauzatzeko. Peruko Estatistika Institutuaren azken datuen arabera, Kongresuak herritarren %9ren atxikimendua dauka; Boluartek, berriz, %24rena. Halaber, perutarren %70 hauteskundeak aurreratzearen alde daude.

Peru krisi politiko sakon batean murgilduta dago, Castilloren kargutik kendu ondoren; izan ere, abenduaren 7an iragarri zuen parlamentua desegin eta salbuespenezko gobernu bat ezarriko zuela. Agintari ohiaren atxiloketaren ostean, protesta jendetsuak egiten ari dira herrialdeko hainbat eskualdetan, Boluarteren dimisioa, Kongresuaren desegitea eta presidentetzarako hauteskundeen premiazko deialdia eskatzeko. Peruko komunikabideen arabera, Poliziak 65 lagun inguru hil ditu, manifestarien eta estatuko indarren artean izandako istiluetan.

Ikusi gehiago: «Perun hil egiten gaituzte; diktadura zibiko-militar batean bizi gara»

Horrekin guztiarekin lotuta, Boluarte, Peruko Errepublikako historiako lehen presidente emakumea izateaz gain, XXI. mendearen hasieratik Latinoamerikako manifestazioetan giza galera gehien izan duten estatuburuetan bigarrena ere bada, Kolonbiako presidente ohi Ivan Duqueren atzetik —83 hildako izan zituen—. Hala dio Geopolitikaren Latinoamerikako Zentro Estrategikoak (Celag) kaleratutako txostenak. Argentinako presidente izandako Fernando de la Rua dago hirugarren lekuan; 2001ean, 39 hildakorekin.

Babesa Euskal Herritik

Peruko krisiak oihartzuna izan du nazioartean, eta, zenbait herrialdetan, atxikimendua helarazi diete perutarrei. Hain zuzen, Euskal Herriko perutar kolektiboak mobilizatzera deitu du iganderako Bilbon, Peruko Gobernuak herritarren aurka erabilitako «indar errepresiboa» eta giza eskubideen urraketak salatzeko. Manifestazioa Bizkaiko hiriburuko Arriaga plazan egingo dute, 12:00etan hasita.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Munduko agintariei klima larrialdiaren kontrako neurri eraginkorrak eskazeko manifestazio bat, 2021eko azaroan, Londresen. ©ANDY RAIN, EFE

IPCCk nabarmendu du posible dela Lurraren berotzea 1,5 gradura mugatzea

Gorka Berasategi Otamendi

Zientzialari taldearen arabera, tartea dago planetaren berotzea 1,4 gradukoa izan dadin mende amaieran. Klima krisiari buruzko jakintza zientifikoa laburbildu du argitaratu duen azken txostenean.

Xi eta Putin, Moskun egin duten bileran. / ©SERGEI KARPUHIN / SPUTNIK / KREM

Moskura heldu da Txinako presidentea

Arantxa Elizegi Egilegor - Igor Susaeta

Nazioarteko Zigor Auzitegiaren «moral bikoitza» salatu du Xik, Putinen aurkako atxilotze aginduari erreferentzia eginez. Moskuk zigor auzibide bat ireki du Hagako fiskalburuaren aurka. EBko Atzerri ministroek 2.000 milioi euroko plan bat onartu dute Kievi munizioa emateko.

Irakeko lehen ministro Xia al-Sudani, iazko urrian. / ©Irakeko lehen ministroaren bulegoa, EE

PKKz eta ur baliabideez arituko dira Irakeko eta Turkiako buruzagiak

Arantxa Elizegi Egilegor

Irak urez hornitzen duten bi ibai nagusiek Turkian dute jatorria, baina hark azken urteetan eraikitako urtegiek arazoak eragin dituzte auzoko herrialdean. Ankaran bilduko dira bi buruzagiak.

Ron DeSantis Floridako gobernadorea, artxiboko irudi batean. ©CRISTOBAL HERRERA-ULASHKEVICH / Efe

Florida aztertzen ari da eskolan 12 urtetik behekoei hilekoaz hitz egitea debekatzea

Berria

Planned Parenthood erakundeak lege proiektua kritikatu du, eta adierazi zentzugabea dela.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...