Futbola

Indar Gorriko sei kide atxilotu dituzte Iruñean, borrokaldi batean parte hartu izana egotzita

Espainiako Poliziak 64 lagun atxilotu ditu guztira, azaroaren 27an Burgos eta Zaragoza taldeen arteko partidaren aurretik Burgosko El Plantio zelaiaren inguruan izandako borrokaldian parte hartzea leporatuta. Tartean daude Indar Gorriko sei jarraitzaile horiek.

Osasunaren jarraitzaileak Sevillaren aurkako Kopako partidan. JESúS DIGES, EFE
2023ko otsailaren 2a
13:22
Entzun

Espainiako Poliziak Osasunaren Indar Gorri jarraitzaile taldeko sei kide atxilotu ditu Iruñean, azaroaren 27an Burgosen ultra taldeen artean gertatutako borrokaldian parte hartu izana leporatuta. Borrokak Espainiako Bigarren Mailako Burgos eta Zaragoza taldeen arteko partida hasi baino ordu batzuk lehenago gertatu ziren, Burgosen Resaca Castellana eta Zaragozaren Ligallo ultra taldeen artean. Espainiako Poliziaren arabera, aipatutako talde horiez gain, Osasunaren Indar Gorriko jarraitzaileek, UD Logroñesen Viejo Fondo taldekoek eta Malagaren Frente Bokeron taldekoek ere hartu zuten parte borrokaldian.

Hori dela eta, atxiloketak Iruñean, Logroñon, Malagan, Madrilen, Burgosen eta Zaragozan gertatu dira.

Partida hasi baino ordu batzuk lehenago, muturreko 50 bat jarraitzaileren arteko borrokak izan ziren El Plantio futbol zelaiaren inguruetan. Azken urteotan, behin baino gehiagotan izan dituzte liskarrak Burgosen Resaca Castellana eta Zaragozaren Ligallo ultra talde horiek. Poliziaren arabera, aulkiak, mahaiak, botilak eta paperontziak erabili zituzten elkarren aurka egiteko, eta txikizio eta kalte ugari sortu zituzten kaleko altzarietan eta taberna bateko terrazan.

Poliziaren bi furgoneta joan ziren hara, ordena jartzeko eta partaideak identifikatzeko, baita zauritu bat artatzeko ere, Zaragoza taldearen jarraitzaileetako bat. Gerora, gertakariak ikertu ondoren, jakin zuten aurrez antolatuta zegoela borrokaldia. Halakoei draka esaten diete, eta muturreko jarraitzaileen arteko aliantzak eta etsaitasun harremanak izaten dira horien atzean.

Burgosko 2. Instrukzio Epaitegiak zuzendu du polizia operazioa —Capucha izendatu dute—, eta Espainiako Poliziaren Informazio Komisaria Nagusiak koordinatu du, azken hilabeteetan ultra taldeen arten izan diren liskarrak eta borrokak ikergai hartuta. Iruñea, Burgos, Logroño, Zaragoza, Malaga eta Madrilgo Informazio Bulegoek ere parte hartu dute operazioan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.