Gerra Ukrainan

Madrilek «diskrezioa» eskatu du astelehenean Bilbotik Ukrainara bidaliko dituzten ibilgailu blindatuen inguruan

Armen bidalketa NATOko herrialdeekin «erabat koordinatuta» egingo da, Margarita Robles Espainiako Defentsa ministroak gaur esan duenez.

AEBetako Amadako M-113 motako blindatu bat, maniobratan, Hohenfelsen (Alemania) 2015. urtean. SPC. TYLER KINGSBURY
Edu Lartzanguren.
2023ko otsailaren 2a
16:59
Entzun

Margarita Robles Espainiako Defentsa ministroak ostiralean baieztatu zuen Espainiako Leopard tankeak bidaliko dituela aurki Ukrainara, Errusiaren inbasioari aurre egiteko. Geroztik, hainbat hedabidek zabaldu dute gerrarako 20 ibilgailu blindatu ontziratuko dituztela astelehenean bertan Bilboko portuan. «Gerra baterako materiala ematen ari gara», esan du Roblesek gaur, «eta gogo oneko edonork badaki oso diskretua eta zuhurra izan behar dela» horren inguruan ematen den informazioarekin, Espainiaren, NATOko herrialdeen eta Ukrainaren «segurtasuna jokoan» dagoelakoan.

Espainiako Aire Armadaren base batean egin ditu adierazpenok. Gaineratu duenez, gerra ibilgailuak bidaltzeko operazioa «erabat koordinaturik» egingo dute NATOko gainerako herrialdeekin.

Izan ere, bihar bertan bi bilera egingo dituzte bidalketa koordinatzeko. Alemaniak, Poloniak eta Ukrainak eskatu dute bilkura egiteko.

Roblesek ez du baieztatu nahi izan zenbat tanke eta bestelako zenbat ibilgailu blindatu bidaliko dituzten. Baina azken orduetan zabaldu da TOA M-113 motako ibilgailu blindatuak ontziratuko dituztela Bilbon.

Ibilgailu blindatu hori ez da berria, inondik inora. 2007. urtean ekoitzi zituzten azkenak. Aluminiozkoak dira, eta, horri esker, arinak dira, baina arma txikien balen kontra daude blindaturik. Soldaduak garraiatzeko pentsatuta daude. Bi gidariez gain, beste 11 pertsona garraia ditzakete. AEBek Vietnamgo gerran erabili zituzten, eta, geroztik, Panama eta Irak inbaditzeko, baita Kosovon Serbiaren aurka aritzeko ere; Afganistanen ere bai. Gaur, 80.000 unitate baino gehiago daude 50 herrialde baino gehiagotako armadetan.

Espainiak halako beste hogei bidali zituen Ukrainara irailean.

Kontraesanezko mezuak zabaldu ditu Roblesek: lehenik, bidalketak iragarri ditu, baina, gero, diskrezioa eskatu du. «Ezin dira datuak eman, baina Espainiak etengabe bidali du material humanitarioa eta defentsakoa». Gaineratu duenez, «ez dira gauza batzuk zabaldu behar, ezta banderarik jarri ere bidalitako materialarekin».

Gerra portua

Azken urteotan, Bilboko portua albiste izan da armen garraioan duen eginkizunarengatik. 2017an, esaterako, Ina Robles Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzailea ezaguna egin zen, uko egin ziolako portuan Saudi Arabiarako armak zamatzeko lanetan laguntzeari, herrialdeak Yemenen kontra eginiko bonbardaketen aurkako protesta gisa.

Bizkaiko Foru Aldundiak Robles zigortzeko prozedura abiatu zuen orduan ,«bere lana ez betetzeagatik», eta hiru eta sei urte artean lanik eta soldatarik gabe uzteko arriskuan egon zen. Azkenean, epaitegiek arrazoia eman zioten suhiltzaileak jarritako helegiteari, eta aldundiak zigor arina baino ezin izan zion ezarri.

Gero, Getxoko zinegotzi izan zen Elkarrekin-Podemos taldean, baina, 2020ko maiatzean, kargua utzi zuen, eta alderdiarekin zeukan lotura oro hautsi, Madrilgo Gobernuak Podemosen sostenguarekin jarraitu zuelako Saudi Arabiari armak saltzen.

Ukrainako gerraren beste aurpegi bat ikusi zen iazko martxoan Bilboko portuan. Nikolai Urvantsev ontziak Errusiako 172.000 metro kubiko gas deskargatu zituen han, nahiz eta Europako Batasunean askok eskatu herrialde horretako erregaiak inportatzeari uzteko, otsailean Ukraina inbaditzeagatik. Ordurako AEBek eta Erresuma Batuakdebekatuta zeukaten Errusiako gasa, petrolioa eta ikatza inportatzea.

Greenpeace erakunde ekologistak protesta egin zuen orduan, Gasak gerra finantzatzen du eta Gerrarik ez lelopean.

Ekologistak Martxan, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Gerra Hemen Hasten Da eta Euskal Gune Ekosozialista taldeek ere protesta egin zuten Bilbon, Europako herrialdeen «hipokrisia» salatzeko; izan ere, Errusiako gasa jasotzen zuten, eta, aldi berean, Ukrainara armak bidaltzen ari ziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.