Albistea entzun

Lurrikarak Ekialde Hurbilean

Dagoeneko gutxienez 4.300 pertsona hil dira, Ekialde Hurbila astindu duten lurrikaren eraginez

Astelehen gaueko dardarak 7,8ko indarra izan zuen, eta bigarrenak 7,5ekoa. Turkia, Siria eta Kurdistan astindu ditu lurrikarak. Ankararen arabera, 3.700 eraikin amildu dira haien kontrolpeko eremuetan.

Edu Lartzanguren - Arantxa Elizegi Egilegor -

2023ko otsailak 6 07:27

Kurdistango Gaziantep (Antep) hirian atzeman zuten astelehen gaueko lurrikararen epizentroa. Euskal Herrian 02:17 zirela hasi da lurra dardarka Kurdistan, Turkia eta Siriako eremuetan. Eguerdian, gainera, beste lurrikara handi batek astindu zuen eskualdea. Kurdistango Kahramanmaras (Maras) hiritik gertu egon zen epizentroa, eta 7,5eko indarra izan zuen, hau da, gauekoa baino pixka bat ahulagoa izan zen. Oraindik, biktimen bila ari dira hondakinen azpian, baina litekeena da milaka izatea. Azken datu ofizialen arabera, lurrikarak gutxienez 4.300 pertsona hil ditu hondamendiak. Litekeena da datozen orduetan biktima kopuruak gora egiten jarraitzea.

Bestalde, gutxienez 13.300 pertsona zauritu direla adierazi du Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak. Gaineratu duenez, 3.700 eraikin amildu dira. Siriako agintarien arabera, zaurituak 1.089 dira. Ankarak ohartarazi du oinarrizko laguntza humanitarioa behar dutela lurrikarak kaltetutako eremuetan: janaria, kanpin dendak, mantak, berogailu elektrikoak... Nazioarteko dozenaka herrialdek iragarri dute laguntza bidaltzeko asmoa, baina, hura ondo kudeatu ahal izateko, Siriako muga zabaltzeko eskatu diote Damaskori.

Pasabideak ireki arren, baina, badira zenbait herrialde Siriako presidente Baxar al-Assadetaz fidatzen ez direnak, besteak beste, hamabi urteko gerrak sortutako ezinikusien ondorioz. AEBak dira horietako bat. Etxe Zuriak iragarri du Siriara laguntza bidaltzeko «konpromisoa» duen arren, ez duela egingo Damaskoren bitartez, ez baitu legitimotzat jotzen. «Baditugu aliatuak herrialde hartan giza laguntza banatzeko gaitasuna dutenak eta haien bitartez egingo dugu lan», aurreratu du AEBetako Estatu Departamentuko bozeramaileak, Ned Pricek.

Datozen orduetarako espero den eguraldiak, gainera, zaildu egingo ditu hondakinen artean harrapaturik geratu direnak erreskatatzeko lanak. Iragarpenen arabera, euri asko egingo du lehenengo lurrikararen epizentroaren inguruko eskualdean, eta hotza: 3-4 gradu egingo ditu gehienez, eta zero azpitik gauean. Elur apur bat ere espero dute, metro bat artekoa eremu menditsuetan. Horrez gain, ohartarazi dute erietxeak erabat kolapsatuta daudela.

Lehenengo lurrikararen epizentrotik 100 kilometro ingurura dago Kahramanmaras. Turkiako agintariek esan dute ez dela izan lurrikara nagusi baten ostean gertatzen diren astindu horietako bat, baizik eta beste seismo bat, independentea. Lehenengoko astinduak gutxienez 70 pertsona hil ditu Kahramanmarasen, eta ez dago argi bigarrenak zer-nolako kalteak eragin dituen.

Lurrikararen epizentroa, eragingunea eta indarra erakusten dituen grafiko bat.

Diyarbakir hiria (Amed) da hondamendi eremuko hiririk handiena, eta, besteak beste, merkataritza gune handi bat amildu da han. «Ipar Kurdistan eta Turkiako hainbat eremu erabat suntsituta geratu dira. Ameden, epizentrotik 300 kilometrora, hainbat eraikin erori dira. Jendea ateratzen ari gara hondakin artetik», jakinarazi du idatzi batean Kurdistango Kongresu Nazionaleko Kontseilu Exekutiboak, eta ohartarazi du giza hondamena are handiagoa izan dela Siria iparraldetik ihesi joandakoen artean.

Izan ere, eraikin ugari erori dira astinduaren eraginez, dozenaka hiritan. Lerro hauek idazteko orduan, lanean jarraitzen zuten erreskate taldeek. Negu betean daude lurrikarak izan diren eremuetan, eta hondakin artean harrapatutako jendea ateratzea jarri dute agintariek lehentasuntzat. «Muturreko tenperaturak ditugu, eta jende asko kalean dago zain, giza laguntza noiz iritsiko. Horrez gain, ez dugu ahaztu behar Siria iparraldean lehendik ere milaka lagun bizi direla oihalezko dendetan», nabarmendu du Turkiako presidenteorde Fuat Oktayk.

Turkiako adituen kalkuluen arabera, lurrikarak 7,8ko indarra izan du.

Eskualde horretan sarri gertatzen dira lurrikara handiak. Baina gogoratzen diren hondamendirik larrienetan azkena 1999ko abuztuaren 17an gertatu zen. Gaur gauekoa baino ahulagoa izan bazen ere (7,6), Izmiteko lurrikara deiturikoak 17.000-18.000 pertsona hil zituen, datu ofizialen arabera.

Erdoganek esan duenez, Turkiak 1939. urtetik pairaturiko «hondamendirik handiena» izan da gaueko lurrikara.

Europako Batasunak «elkartasuna» adierazi die biktimei, eta laguntzeko prest dagoela gaineratu. «Europaren sostengua bidean dago, eta prest gaude laguntzen jarraitzeko ahal dugun moduan», adierazi du Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak.

Bizirik atera direnentzat ere gogorra izango da, asko lasterka batean atera direlako gauean etxetik, jantzi egokirik gabe. Gaur eguerdian izandako lurrikarak, gainera, izua zabaldu du, eta askok beldur handiegia dute etxera arropa bila itzultzeko.

Prestatu gabeko eraikinak

Lurrikarak ohikoak dira Ekialde Hurbilean, eta hondamendi handiak eragiten dituzte gertatzen direnean. Horren atzean dauden arrazoietako bat da eraikinak ez daudela prestatuak halako seismoei aurre egiteko, nahiz eta herrialde horiek plaka tektonikoen gainean egon. Lurrikarei Aurre Egiteko Estrategia Planak berak nabarmentzen du 1950eko hamarraldian migrazio handiak izan zirela hirietara, horrek azkar eraikitzea ekarri zuela, eta, hala, «hiriak ahuldu» egin zirela.

1999ko seismoaren ondoren, Turkiako Gobernuak egitasmo bati ekin zion, eraikuntzen segurtasuna gainbegiratzeko. Adituen arabera, ordea, oso gutxi dira segurtasun bermeak betetzen dituzten eraikinak. Gaurko lurrikararen ondorioz eroritako eraikinen artean daude, esaterako, Hatay eta Iskenderumgo erietxeak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Munduko agintariei klima larrialdiaren kontrako neurri eraginkorrak eskazeko manifestazio bat, 2021eko azaroan, Londresen. ©ANDY RAIN, EFE

IPCCk nabarmendu du posible dela Lurraren berotzea 1,5 gradura mugatzea

Gorka Berasategi Otamendi

Zientzialari taldearen arabera, tartea dago planetaren berotzea 1,4 gradukoa izan dadin mende amaieran. Klima krisiari buruzko jakintza zientifikoa laburbildu du argitaratu duen azken txostenean.

Irakeko lehen ministro Xia al-Sudani, iazko urrian. / ©Irakeko lehen ministroaren bulegoa, EE

PKKz eta ur baliabideez arituko dira bihar Irakeko eta Turkiako buruzagiak

Arantxa Elizegi Egilegor

Irak urez hornitzen duten bi ibai nagusiek Turkian dute jatorria, baina hark azken urteetan eraikitako urtegiek arazoak eragin dituzte auzoko herrialdean. Ankaran bilduko dira bi buruzagiak.

Ron DeSantis Floridako gobernadorea, artxiboko irudi batean. ©CRISTOBAL HERRERA-ULASHKEVICH / Efe

Florida aztertzen ari da eskolan 12 urtetik behekoei hilekoaz hitz egitea debekatzea

Berria

Planned Parenthood erakundeak lege proiektua kritikatu du, eta adierazi zentzugabea dela.

Xi eta Putin, Moskun egin duten bileran. / ©SERGEI KARPUHIN / SPUTNIK / KREM

Moskura heldu da Txinako presidentea

Arantxa Elizegi Egilegor - Igor Susaeta

Nazioarteko Zigor Auzitegiaren «moral bikoitza» salatu du Xik, Putinen aurkako atxilotze aginduari erreferentzia eginez. Moskuk zigor auzibide bat ireki du Hagako fiskalburuaren aurka. EBko Atzerri ministroek 2.000 milioi euroko plan bat onartu dute Kievi munizioa emateko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.