Lurrikarak Ekialde Hurbilean
«Ehunka familia daude hondakin azpian harrapatuta»
Goizaldean Kurdistango Gazintep hiritik hurbil gertatutako lurrikarak milaka lagun harrapatu ditu etxean lo. Seismoaren osteko orduetan kaosa izan da nagusi Turkian, Kurdistanen eta Sirian.

«Salbamendu lanak egiten ari dira lurrikara izan den eremuan; ez dakigu zenbat izango diren azkenean hildakoak eta zaurituak», esan zuen atzo Turkiako presidente Recep Tayyik Erdoganek, Ekialde Hurbilean giza hondamendia eragin duten bi lurrikarak gertatu eta ordu guxira. «Herrialde eta nazio gisa elkarrekin egonda, elkartasunez arituta, atzean utziko ditugu hondamendizko egun hauek».
Lurrikarak eragina izan duen leku askotan, larrialdiko telefonoak kolapsatu egin dira, eta hondakinen azpian harrapatuta geratu diren dozenaka lagun sare sozialen bitartez saiatu dira laguntza eskatzen, beren helbideak argitaratuz edo hurkoen galdea eginez. Agintariek herritarrei eskatu diete Internet ahalik eta gutxien erabiltzeko, larrialdi guneetan lineak kolapsatu ez daitezen. Halaber, galdegin dute ez erabiltzea ibilgailurik guztiz beharrezkoa ez bada; izan ere, familia ugari saiatu dira eremu kaltetuetatik ihes egiten, eta errepideak ez ezik larrialdi zerbitzuetarako irispidea ere blokeatu dute. Herrialdeko probintzia guztietatik joan dira erreskate taldeak, suhiltzaileak eta osasun langileak. «Herritarrei eskatzen diegu eman ditzatela odola, oinarrizko jakiak eta estalkiak. Batez ere horrexen beharra dago oraintxe. Oraingoz, herritarrak oso azkar eta ondo erantzuten ari dira», adierazi du Turkiako Ilargi Gorriko boluntarioetako batek, Zumruk. «Turkian behin eta berriz izaten dira lurrikarak. Dispositiboak oso azkar mobilizatzen dira, baina, egia esan, gaurkoa oso larria izan da. Nik gogoan dudala, herrialdean ez da hain lurrikara handirik gertatu orain arte», erantsi du.
Salbamendu lan zailari, lurrikararen erreplika atergabeak gehitu behar zaizkio sei gradutik gorako 70 erreplika baino gehiago izan dira, eta eguraldia ere bai: elur ekaitzak izan dira ia eskualde osoan. Siriako mugan, Hatayko eta Gaziantepeko bi aireportuetako pista apurtu egin da lurrikararen eraginez. Larrialdi talde asko, bestalde, lanean ari dira hiri askotarako sarbideak garbitzeko eta konpontzeko, lurrikaren eta elur ekaitzen ondorioz kolapsatuta geratu baitira. Gobernuak estatu larrialdi gorena ezarri du, eta nazioarteko laguntza eskatu.
Turkia hego-ekialdeko Gaziantep hiriko kaltetuetako batek, Ali Ziraatçik, bere eraikineko fatxada erori baino lehen lortu zuen handik irtetea. «Lurrikarak esnatu egin gintuen, eta kostatu zitzaigun erreakzionatzea, baina, hala ere, etxetik irtetea lortu genuen. Bigarren solairuan bizi gara. Ez zigun astirik eman gure gauzak hartzeko. Gure eraikinaren parte bat erori egin da, eta han dauzkagu gauza guztiak», azaldu du, telefonoz. «Ahaleginean gabiltza izeba bat aurkitzeko; beste hiri batean bizi da, eta, oraingoz, ez daukagu haren berririk», esan du, nahigabeturik. Lehen seismoaren epizentroa Gaziantepen izan zen, eta probintzia hartan izan du lurrikarak eraginik handienetakoa. Bi milioi biztanle baino gehiago ditu, eta 1,5 milioi iheslari siriar baino gehiago ere bizi dira han.
Kanpadenda inprobisatuak
Gaziantepen mendebaldean, Antakyan, bi ospitale amildu dira lurrikaren ondorioz. «Antakyako eraikin asko erori dira; hango bi erietxe guztiz suntsituta geratu dira, eta polizia etxe bat ere bai», jakinarazi du probintzia hartako gobernadoreak, Rahmi Doganek. «Eraikin askotatik, hondakinak besterik ez da geratu. Kanpadenda inprobisatuak jarri behar izan ditugu patioetan, eta erreskate unitateak han bildu. Aireportuarekin ere arazoak ditugu: oraingoz, ezin da hegazkinik lurreratu», gehitu du.
«Gobernuaren eraikinak ere hustu behar izan dituzte. Ez dago non salbu egon; jendea, oraingoz, kalean dago zain, lagundu diezaioten», esan du CNN Turk irrati kateak Malatyan, lurrikararen eraginpean izan diren beste hirietako batean.
Greziak, Ameriketako Estatu Batuek, Europako Batasunak eta Azerbaijanek berehala erantzun diote Ankarak nazioarteari egindako laguntza eskeari, babes zibileko taldeak bidaliz. Siria auzo herrira, berriz, laguntza gutxiago iritsi da, nahiz eta han gutxienez 430 lagun hil diren eta mila baino gehiago zauritu lurrikaretan, SANA Siriako Estatuko agentziak emandako datuen arabera. Bestalde, herrialde hartan oposizioaren kontrolpean diren eremuetan, kasko zurien erreskate zerbitzuek diotenez, beste 120 pertsona hil dira. Talde horrek «hondamenditzat»jo du lurrikararen eragina, eta jakinarazi du oso litekeena dela are jende gehiago hiltzea, «ehunka familia baitaude oraindik hondakinen azpian harrapatuta».
Herrialdearen iparraldeko azpiegiturak oso hondatuta daude, eta eraikin asko eraitsita geratu dira, lehendik ere hamar urtez gerrak eta nazioarteko bakartzeak eraginda.
Turkia munduko eremu sismikorik aktiboenetako batean dago: etengabe izaten dira lurrikarak hango zenbait eskualdetan. Gertatu berri den lurrikara azken urteetako handiena izan da, 1999an herrialdearen ipar-mendebaldean lurrikara batek 17.000 lagun hil ondoren. 2020an, berriz, koronabirusaren pandemia betean, 6,8 graduko lurrikara bat izan zen Turkia ekialdean, eta 40 pertsona hil ziren; urte hartan bertan, Egeoko Esmirna probintzian, 7 graduko lurrikara bat izan zen, eta 114 lagun hil ziren.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.