Gerra Ukrainan
AEBek Nord Stream hodia «nola leherrarazi» zuten kontatu du hango kazetari batek
Seymour Hersh Pulitzer saridunak idatzi duenez, AEBetako itsas armadako urpekariek jarri zituzten bonbak NATOren maniobra batzuetan, eta Norvegiaren laguntzarekin zartatu zituzten.

Joan zen irailaren 26an bi leherketa handi gertatu ziren Errusiatik Europako mendebaldera gasa eramateko eraikitako Nord Stream gasbidean. Berehala ondorioztatu zuten sabotaje ekintza izan zela, eta horren atzean egotea elkarri egotzi zioten Ukrainako gerran parte hartzen ari diren indarrek. Orain, Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak erasoa agindu eta planeatu zuela xehetasun handiz kontatu du Seymour Hersh Pulitzer saridunak. Ikusteko dago zer eragin izango duen haren ikerketak, Washingtonez gain NATO eta Norvegia ere nahastu baititu.
Nola suntsitu zuen Amerikak Nord Stream gasbidea izenburupean, erreportaje luzea argitaratu zuen atzo Hershek bere blogean.
Horretan kontatu duenez, iazko ekainean, AEBetako itsas armadako urpekariek lehergailuak jarri zituzten Nord Stream gasbidean, Itsaso Baltikoan, Danimarkatik gertu, NATOren BALTOPS 22 maniobrez baliatuta. Kazetariaren arabera, ordurako Joe Biden AEBetako presidenteak bederatzi hilabete baino gehiago zeraman bere aholkulari militarrekin eztabaidatzen nola suntsitu Errusiako gas merkea Europara heltzeko bidea, hau da, Errusiak iazko otsailean Ukraina inbaditu baino dezente lehenago. «Denbora horretan, gehienetan, kontua ez zen misioa egin edo ez», idatzi du kazetariak, «baizik eta nola egin, erantzulearen eskua agerian utzi gabe».

Azaldu duenez, erabaki zuten itsas armadako kideek bakarrik hartzea parte misioan, horiek ez baitiote azalpenik eman behar AEBetako Parlamentuari.
Bidenen gobernuak mehatxu gisa ikusten zuen gasbidea, besteak beste Moskuri aukera ematen ziolako Alemaniaren eta, beraz, Europako Batasunaren gaineko eragina handitzeko. Horrez gain, Errusiako gas merkeak galarazten zien AEBei bere gasa saltzea Europari, askoz garestiagoa delako. Alemaniako eta Europako industriarentzat ezinbestekoa zen gas merkea, aurrerantzean ere munduan lehiakor izateko.
Hershen arabera, gasbidea suntsitzeko erabakia 2021. urteko amaieran eta 2022koaren hasieran hartu zuen Bidenen taldeak. Izan ere, Etxe Zurian larrituta zeuden, Nord Stream 1 hodiaren arrakastaren ostean Errusiak eta Alemaniak Nord Stream 2 bidea eraikitzen amaitua zutelako 2021eko irailean.
Erasoa planeatzeko taldean egon zen berriemaile batek emaniko informazioari esker osatu du ikerketa, Hershek azaldu duenez. Haren arabera, CIAk proposatu zuen urpekariak erabiltzea bonbak jartzeko. Operazioak sekretua izan behar zuela argudiatu zuen espioitza agentziak, bestela «gerra ekintza bat» izango bailitzateke.
Halere, AEBak Nord Stream suntsitzeko zerbait prestatzen ari zirela sekretu ozen bihurtu zen otsailaren 7an. Etxe Zurian eginiko prentsaurreko batean, Bidenek argi eta garbi ohartarazi zuen: «Errusiak inbaditzen badu... ez da Nord Stream 2rik egongo. Itzaliko dugu». Agerraldi horretan, Olaf Scholz Alemaniako kantzilerra zegoen Bidenen aldamenean. Pentsaurrekoan, harrituta galdetu zioten Bideni nola itzaliko zuten gasbidea, hura Alemaniaren kontrolpean egonik. «Ahalko dugu, agintzen dizut», erantzun zuen Bidenek. Isiltasun une ezeroso baten ostean, Scholzek Errusiaren aurkako zigor ekonomikoetara bideratu zuen arreta.
Norvegiaren laguntza
Kazetariaren arabera, Bidenek erasoa iragarri izanak zaildu egin zien AEBei operazioa gauzatzea, ezingo zituztelako eurek zuzenean zartarazi lehergailuak agerian geratu gabe. Horregatik, Etxe Zuriak konplize bat bilatu zuen: Norvegia. Izan ere, Jens Stoltenberg norvegiarra da NATOren burua; Norvegiako lehen ministro izan zen zortzi urtez, 2005etik 2013ra, eta «antikomunista amorratua» da.
Operazioak, gainera, bazuen pizgarri ekonomiko bat Norvegiarentzat: Errusiako gasa moztuta, herrialdeak Europari gas gehiago saltzeko aukera izango zuen. Gas asko ateratzen du Norvegiak Ipar itsasoan.
Hershen berriemailearen arabera, norvegiarrek esan zieten estatubatuarrei zein zen lekurik egokiena lehergailuak jartzeko: Baltikoan, Danimarkaren Bornholm uhartetik milia gutxira, han itsasoa ez baita batere sakona, eta itsas laster gutxi baitaude. Horrek erraztu egingo zukeen urpekarien lana.
NATOren maniobren mozorropean, urpekariek C4 leherkariz osaturiko bonbak jarri zituzten lau gas hodietan, porlanez estalita. Aktibatu eta 48 ordura lehertzeko programatuta zeuden, botoia sakatuko zuenari urrun egoteko aukera emate aldera.
Azkenean, irailaren 26an, Norvegiako Itsas Armadako P8 hegazkin batek sonar buia bat jaurti zuen, eta horrek aktibatu zituen lehergailu indartsuak.

Erasoen ostean, jende askok erabili zuen cui prodest? (nori egiten dio mesede?) printzipioa erantzulea seinalatzeko. Askok galdetu zuten zer dela-eta suntsituko zuen bada Errusiak bere azpiegitura, kontuan hartuta horrenbeste diru kostatu zitzaiola eta mozkin handiak ematen dizkiola. Baina Hershek nabarmendu du AEBetako egunkari nagusiek jendea nahasteko ariketa bat egin zutela. The New York Times-ek «misterioa» hitza eta «teoria konplikatuak» esamoldea erabili zituela gogoratu du.
Salaketa baieztatzen bada, zinismo hitzari ordezko indartsuago bat bilatu beharko zaio, Europako hainbat agintariren portaera deskribatzeko. Izan ere, duela hilabete eskas, urtarrilaren 11n, Europako Batasunak eta NATOk iragarri zuten martxan jarri zutela erasoak gertatzen direnean Europako «oinarrizko azpiegiturak babesteko» ekinbide bateratu bat. Nord Stream gasbideen aurka egindako sabotajeen gisakoei «erantzutea» du helburu bi instituzioen arteko lankidetzak, esan zutenez. Bruselan, egitasmoa aurkezten, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea egon zen, eta, haren aldamenean, berriemailearen arabera Nord Stream lehertzeko operazioan ezinbestekoa izan zen Stoltenberg bera.
Pulitzer sariduna
Seymour Hersh 1937. urtean jaio zen, familia judu batean, Chicagon (AEB). 1969. urtean nabarmendu zen, AEBetako militarrek Vietnamgo May Lain eginiko sarraskiaren berri emateagatik. Ehunka herritar hil zituzten orduan. Horregatik eman zioten Pulitzer saria 1970. urtean.
Gero ere, ezkutuko hainbat istorio eman ditu argitara; esaterako, Menu operazioa, zeinaren bitartez AEBek Kanbodia sekretupean bonbardatu zuten 1969-1970 artean. 2004. urtean, AEBetako armadak Irakeko Abu Ghraibeko espetxean presoei emaniko tratuaren berri eman zuen.
Sariez gain, kritikak ere jaso ditu: AEBetako administrazio barruko iturri anonimo asko erabiltzea egotzi izan diote.
Etxe Zuriak goitik behera ukatu du Hershek zabaldutakoa; «guztiz faltsua eta erabateko asmakizuna» dela esan du Adrienne Watson eledunak. CIAk eta Estatu Departamentuak ere gauza bera esan dute.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.